Jesse eta Céline elkar ezagutu ziren egun hartatik jada
hamazortzi urte igaro dira. Ze azkar igarotzen den denbora… Jesse eta Céline
dira maitasuna, erlazioak, oro har, bizitzaren nondik norakoak oinarritzat
hartzen duen trilogia bikain honen protagonista bakarrak. Richard Linklater
dugu hiru pelikulen zuzendaria, eta Ethan Hawke eta Julie Delpy pantaila handia
konplizitate eta kimikaz betetzen duten bi aktore protagonistak (euren lana oso
ona da). Hawke eta Delpy proiektuan guztiz inplikatu ziren eta bigarren eta
hirugarren pelikula honen gidoian parte hartu dute.
‘Before midnight’
pelikularen xarma hobeto ulertzeko eta baloratzeko ezinbestekoa da aurreko
bi pelikulak ikusita izatea. Hori dela eta, trilogiaren azken atala baloratzen
hasi aurretik, ‘Before sunrise’ eta ‘Before sunset’ pelikulen laburpen txiki
bat egitea merezi duela uste dut. Hiru pelikulen egitura, oinarrian, parekoa
da: protagonisten arteko etengabeko elkarrizketak eta iraupen luzeko plano
finkoak; baina maitasun eta erlazioen inguruan ematen diguten ikuspegia ez da
berdina. Beraz, sentitzen dut, baina kritika honek trilogiari buruzko
spoilerrak ditu.
Lehenengo atala, ‘Before
sunrise’ maitasun erromantikoaren ideiarekin bat egiten du. Azken atalean
gogoratzen duten bezala, maitasun
erromantikoaren ideia denboraren igarotzearekin desagertzen doan ideia da. ‘Before sunrise’ pelikulan bi
protagonistek maitasuna eta euren ametsei buruz hitz egiten dute; aldi beran
politika, ingurumena eta gizartearen beste zenbait aspektuen inguruan ere
eztabaidatzen dute (horiek bigarren maila batean dauden gaiak dira, baina
Célinen “diskurtsoan” beti tokia dago horientzat). 1994an, Jesse eta Céline
uneari probetxu ateratzea erabaki zuten bi gazte baino ez ziren, konpromiso
gabeak, eurentzat soilik oraina existitzen zen, Vienako hiria. Agur esan
aurretik, promesa bat egiten zuten…
… baina zorigaitzak euren ametsa oztopatu zuen. Hamar
urte igaro ziren Jesse eta Céline berriro elkar ikusi zuten arte ‘Before sunset’
pelikulan (denbora narratibo eta erreala, pelikularen bereizgarri aipagarria). Kasu
honetan ekintza Parisen kokatzen da, bigarren atala apur bat dibertigarriagoa
zen, sarkasmo gehiagorekin, baina horretan kontzeptu berri bat ageri da euren
bizitzan: konpromisoa. Bakoitzak
bere lana du, Jesse ezkondu da… Orain badakigu bietatik zein itzuli zen Vienara
adostutako egunean, eta badakigu nor ez eta horren zergatia. Amets apurtuei
buruzko atala da, baina baita bigarren aukeren atala ere. Liburu bat eta abesti bat, biek
euren maitasuna bizirik mantentzen dute modu desberdinetan; Jessek egun idiliko
horren oroitzapena liburu batean idatziko du, Célinek aldiz, abesti batean. Amaiera perfektua,
gehiago ikusteko gogoekin uzten zaituen horietakoa.
Vienako esperientziatik hamazortzi urte igaro direnean,
Parisen berriro elkartu eta zortzi urte geroago… Jesse eta Célinerekin berriro
topo egiten dugu. Orain berrogei urte dute, eta kezka berriak: familia, Jesse
eta semearen arteko harreman konplexua, Celinen lanbidearen eta familiaren
arteko gatazkak… Pelikulak aurreko bi atalen egitura berbera jarraitzen du. Jesse
eta Céline denbora guztian hizketan dauden pertsona dira, baita besteak dioena
adeitsu entzuten dute; agian ez dira inoiz akordio batera ailegatuko, baina
hori beste kontu bat da. Primeran pasatzen dugu bien tirabirak, anekdotak,
istoriotxoak… entzuten, nahiz eta noizbait zentzugabeak iruditu. Hizketan
daudenean kameren presentziaz ahazten gara, baita aktore batzuen aurrean
gaudela ere, soilik Jesse eta Céline ikusten ditugu, euren bizitza gurekin
partekatzen.
‘Before midnight’
pelikulan erantzunik behar ez duten galdera eta eztabaida mingarriak daude.
Hotelean gertatzen den eszena, nire ustez, hiru pelikulen eszena gogorrena da.
Lehen aldiz, guztia amaituko ote den beldur gara, euren hitzetan ez baitago
itxaropenik, nekea baino. Gaitzondoa eta erruduntasuna ageri dira. Bikotekidea
errutinari lotuta bizi da, lana eta familiari… Euren erlazioan jada ez dago
magiarekin, ezta sorpresarik ere. Bestetik, lehen aldiz, Jesse eta Céline beste
zenbait pertsonaiekin ikusten ditugu, eta bakoitza bere aldetik, euren kezkak
partekatuko dituzte beraiekin. Jesse eta Céline hobeto ezagutzeko modu ona.
Hoteleko eszena gogorraz aparte, badira pelikulan
bereziki gustatu zaizkidan bi une. Bata Greziako lagunekin antolatzen duten
bazkariari dagokio. Eszena horretan belaunaldi desberdinetako pertsonak daude,
bakoitzak maitasuna eta harremanak era batean ulertzen dituzte. Alde batetik
bikote gazte bat dugu, horiek ikustean ‘Before
sunrise’eko Jesse eta Céline etorri zaizkit burura, euren bertsio “berritu”
bat. Bestetik adineko pertsonak, horiek oroitzapenen inguruan hitz egiten dute,
eta ideia esanguratsu bat botatzen dute: agian oroitzapen bati gogor eustea ez
du merezi, denbora aurrera igaro ahala oroitzapen hori “bizirik” mantentzea
zailagoa izango delako. Berriz ere, uneari, orainaldiari probetxu ateratzeko
ideia ageri da.
Beste eszena pelikularen amaierako atalean kokatzen da. Hoteleko
eszenaren ostean. Eszena hori ikustean Jesse eta Céline gazteak gogora ekarri
ditut, taberna batean ligatzen zuten horiek, begirada batekin elkar
konkistatzen saiatzen ziren burugogor horiek konkretuki. Agian, oraingoa Jesse
eta Célinen istorio zoragarriaren orri berri bat idazteko une aproposa da; eta
orri horren hasiera, zergatik ez, paper zati batean idatzita egon daiteke, eta
denbora egindako bidaien ondorio izatea, erreferentzia astrologikoez betetakoa…
Baina dudarik gabe, idatzita dago. Gainera,
nire ustez, istorio hori begirada konplize eta samurrez beteta egongo da,
kimika eta desiraz, hurbiltasun eta naturaltasunak, elkarrizketa luze,
amaigabeak egongo dira, eta eztabaida ugari noski. Egunsenti eta ilunabar
ugari.
‘Before midnight’
pelikularekin itxiera bikaina eman diote trilogiari, borobila eta ausarta.
Euren hasierako planteamenduari fidel mantendu da beti. Hamazortziko urteko
bidaia kalitatezko bost ordu inguruko edukian (guztira) laburtuta dago. Bidai
errepikaezina. Zinemaren istorioan izandako bikotekide onenetako bat.
Azkenik, galdera bat… Ez al litzateke polita izango…
hamar, hogei, hogeitahamar urte barru… edo pertsonaiek laurogei urte betetzen
dituztenean berriro ustekabean pantaila handian topatzea?
No hay comentarios:
Publicar un comentario