Erlazionatutako edukia: 'Billy Wilderren monografikoa'
'A foreign affair' pelikula Billy Wilderren monografikoari dagokion atal berria da. Ez da zuzendariak egindako lanik aipagarrienetako bat, baina baditu aipatzea merezi duten zenbait kontu. Pelikularen abiapuntua Alemanian jarraitzen duten soldadu estatubatuarren egoera morala aztertzea da. Charles Brackettek eta Billy Wilderrek batera garatu zuten komedia erromantiko (eta pixka bat dramatiko) honen gidoia. Amaierako emaitza ez zen AEBetako ejertzitoaren gustukoa izan. Izan ere, estatubatuarren jokabidea goraipatu ordez, agintari eta soldaduen bikoiztasun morala agerian uzten dute.
Pelikularen beste oinarrietako bat maitasun istorioa da. Hiru pertsonaia nagusi ditugu: John Pringle (John Lund), AEBetako ejertzitoaren kapitain bat; Erika Von Schluetwoe (Marlene Dietrich), nazia izandako abeslari alemaniarra; eta azkenik Phoebe Frost (Jean Arthur) egoera aztertu behar duen kongresista errepublikanoa. Erika babesteko saiakeran, Pringle kapitainak bi emakumeen sentimenduak manipulatuko ditu.
Orokorrean, 'A foreign affair' pelikulak ez nau txunditu, eta aktoreen arteko kimika eskasa dela pentsatzen dut. Adibidez, Jean Arthuren lana (Wilderren arabera "zoratuta" zegoen aktoresa) gehiegizkoa iruditu zait zenbait uneetan. Momentu dramatikoetan hobeto dago. Bestetik, Marlene Dietrichek egindako lana txukuna da, baina bere pertsonaia beste zenbait pelikuletan jada ikusi dugu. Pelikula honetan Wilderrek eta Brackettek gainditu behar zuten erronka nagusiena nazien alde dagoen pertsonaia eta ikuslea bat egitea lortzea zen. Lortu ala ez, hori ikusle bakoitzaren esku. Hala ere, Phoebe Frost ez da pentsatzen dugun bezain hotza (bere abizenak hoztasun horren ideia indartzen du); eta Erika Von Schluetow ez da pentsatzen dugun bezain sendo eta ziurra (bere kasuan bitxia da bikoizketan "Slut" gisa ahoskatzen dutelako bere abizena, adierazgarria ere).
Xehetasun batzuk (spoilerrak)
Pelikularen iruzkiaren hasieran aipatu dudan bezala, badira aipatzea merezi duten zenbait xehetasun. Adibidez, Wilderrek amaiera borobilak idazteko zuen erraztasuna edota pareko eszenen bitartez pertsonaien garapena erakusteko erabakia.
Badira, nire ustez, nahiko esanguratsuak diren bi plano. Biak maitasunaren "ilusioarekin" lotuta daude, emakume bakoitzeko plano bana. Lehena Pringle kapitainak Frost kongresistarekin batera Erikaren tabernara sartzen den eszenari dagokio. Tabernaren ispilu batean Erika islatuta ikusten dugu, bikotea pozik ageri den bitartean. Erika une horretan estutasun egoeran dago, izkutatzen saiatzen den arren.
Bigarren planoa, "ilusioaren" ideia horri lotuta dago ere. Baina protagonista kasu honetan Phoebe da. Iruzurraz jabetetzen denean, Phoebe tokiz kanpo geratu dela dirudi, hondoan izkutatuta dagoen "mamu" bat. Desagertzen doan ilusio bat, iluntasunean nabari dezakegun malko bat... Bitxia da, pelikula komedia gisa definituta dago, baina pelikulan ageri diren une dramatikoak hobeto funtzionatzen duten uneak dira.
Zerbait antzekoa gertatzen da pareko egitura duten bi eszenekin. Oraingoan Pringle eta Frosten erlazioa da oinarri. Lehenengo eszenan kapitainak kongresistari musu bat eman nahi dio; baina Phoebek, ikaratuta, dokumentuz betetako kaxoiak zabaltzen doa hori ez gertatzeko... Lana "maitasuna" oztopatzen. Amaierako eszena, horren parekoa da. Kasu honetan kaxoien ordez aulkiak ditugu. Phoebe inoiz baino askeago sentitzen da, eta bera da "erasotzea" erabakitzen duena. Amaiera, beti bezala, ona.
Laburtuz, komikotasun gehiago eta aktoreen arteko kimika handiagoa faltan bota dudan arren; pelikulak gustatu zaizkidan zenbait gauza ditu. Interesgarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario