Ez naiz inoiz “trekkie” sutsua izan. Ez ditut pelikula
zaharrak ikusi ezta telesaila ere. Nire “trekkie” ezagutza ia-ia The Big Bang Theory komedian egiten
dituzten erreferentzietara mugatzen da. Horregatik, 2009an aurreiritzirik gabe
joan nintzen zinemara, orain trilogia bat izango denaren lehen atala ikustera;
eta ikusi nuena, gustatu zitzaidan. Oroitzapen horri eutsita, bigarren pelikula
ikusi dut: ‘Star Trek: Into the darkness’.
J.J. Abrams zuzendutako pelikula entretenigarria da, erritmo ona du, soinu
banda bikaina eta pertsonaia bitxi eta atseginak. Zenbait eszenetan berrikuntza
faltan bota dudan arren, atal berri honek akzio pelikula on bat izateko osagai
nahikoak biltzen ditu.
Federaziaren kupula eraso terrorista baten biktima izan
da, eta orain krisi egoera batean murgilduta dago U.S.S. Enterprise-aren
tripulazioak erasotzailea atxilotu beharko du misio arriskutsu batean, akats
txikienak ere gerra bat piztu dezakelako.
‘Star Trek: Into
the darkness’ pelikula oso entretenigarria da, hasieratik amaierara arte.
Oraingoan, Khan (Benedict
Cumberbatch) dugu pelikularen puntu indartsuenetako bat. Cumberbatchek
pelikularen lan onena ala dramatikoena burutzen du, pertsonaia maltzur eta
mendekatzaile bat eraikiz. Tripulazioa, eta aldi berean ikuslea, manipulatzeko
gaitasuna duen pertsonaia da Khan. Nire ustez, badira zenbait parekotasun Kirk (Chris Pine) eta Khanen artean. Biek mendeku gura dute,
arrazoi ezberdinengatik noski; eta biek euren esku dagoen guztia egingo dute
euren tripulazioak babesteko, ala eurek dioten bezala, euren “familia”
babesteko.
Beste alde batetik, berriro ere Kirk eta Spocken (Zachary
Quinto) arteko “bromance” istorioarekin topo egiten dugu. Euren metodoak
kontrakoak dira, etengabe eztabaidatzen dabiltza, eta oraingoan lagunen arteko
leialtasuna kolokan jarriko da. Kirik gizon oldakorra da, Spock aldiz, logikan
oinarrituta hartzen ditu erabaki guztiak. Aurreko pelikularekin konparatuta,
baliteke Spocken pertsonaia gehien eboluzionatu dena izatea. Vulkanokoarentzat
inoiz baino zailagoa izango da etengabe izkutatzen saiatzen den alde gizatiarra
kontrolatzea.
Pelikula ez zait batere aspergarria iruditu. Eta dena
bukatu dela pentsatzen dugunean, biraketa txukun bati esker pelikula suspensez
betetzen da. Erabaki horrekin Abramsek ikuslearen interesa guztiz harrapatzen
du.
Gutxien gustatu zaidana, lehen aipatu dudan bezala,
zenbait eszenatan izan dudan deja vú sentsazioa
izan da. Baina, orokorrean, ‘Star Trek:
Into the darkness’ pelikula oso entretenigarria da, akzioz betetakoa, une
dibertigarriak dituena, ustekabeku suspensea, eta ze demontre, amaiera
hunkigarria duena. Trilogia on bat egiteko bidean emandako beste aurrerapauso
bat. 2014an hirugarren atalaren grabaketa hasiko da.
Espoilerrak erantzun honetan, The Wrath of Khan ikusi ez baduzu. ADI!
ResponderEliminarFilm zaharrekin lotura bitxiak daude. Khan, sorta zahar bateko pertsonaia zen (ikus look horriblea! http://pinterest.com/pin/28217935137647518/ ) nolabait modernotua Cumberbatch/Sherlock estilosoarekin.
Era berean, saga zaharraren berregiketa tenporalki alternatibo bat gertatzen den bertsio moderno honetan (2009ko filmetik ikusten ari garena), bi Spock simultaneoen kontuarekin, adibidez (badirudi Nimoy bizirik dagoen artean kameoekin jarraituko duela). Marcus izeneko neska bat ere agertzen zen Wrath of Khan-en... Eta, hartan baita ere, Spock eta Kirk eta heriotza eszena oso antzeko batean elkartzen dira. Antzekoa, baina ez berdina... Hori spoilerretik kanpo utziko dut.