Filma musikalei buruz hitz egiten dugunean, konkretuki
Hollywoodeko urrezko aroan ekoiztutako horien inguruan (1930-1950 bitartean
egindakoak, gutxi gora behera), bada berehala burura etortzen zaigun bikote
bat: Fred Astaire eta Ginger Rogers.
Fred Astaire ez zen aktore ala dantzari atletikoena,
Ginger Rogers ez zen abeslari onena… baina batera tandem perfektua osatzen
zuten. Pantaila handian konplize izateaz aparte, karismaz betetako dantzariak
ziren. Dotoreak, klasedunak, estilosoak, pikardia apur bat zuten ere… baina
guzti horren gainetik, Fred Astaire eta Ginger Rogersek kimika ikaragarria zuten. Bikotea dantzatzen ikustean primeran
pasatzen dugu, nolabait, liluratuta gelditzen gara pantaila aurrean. Xarma
berezia zuten.
Oker ez banago, hamar pelikula inguru egin zituzten
batera. Egindako pelikula horiek pareko premisak jarraitzen zituzten, eta egia
esanez, ez dute zinemaren historia “toki” handirik, baina horrek ez du axola.
Izan ere, lehen notak entzutean eta Fred Astaire eta Ginger Rogers dantzan
hasten direnean, txundituta gelditzen gara.
Hori guztiagatik, blogean tokitxo bat merezi dutela
pentsatzen dut, eta horretarako aukeratu dudan pelikula ‘Top Hat’ musikala izan da (eurek partekatu zuten filmografian dagoen
musikal aipagarrienetakoa). Gaizki-ulertze eta iruzurrez betetako istorio
sinplea da, erritmo ona duena, gag dibertigarriak, abesti ederrak eta
orokorrean pelikula oso entretenigarria.
Pelikula aztertzeko edo gogora ekartzeko modu aproposena
bertan azaltzen diren une musikalen errepasoa egitea da. Abestiak une egokian
ageri dira, eta ez dute istorioa batere oztopatzen, narrazioa laguntzen dute.
Gauza berbera gertatzen da dantza uneekin. Kasu honetan, abestiak eta dantzak sedukzio jokoaren pieza izango dira:
Isn’t this a lovely day
Kiosko bat, euria… inprobisatutako zita bat. Dale
Tremontek hasieran ez du Jerry Traversengan interesik. Eszena honetan ageri den
moduan, apurka-apurka Tremont Traversen jokoan parte hartzen doa, eta noski,
gustuko du. Koreografia dibertigarri, atsegin eta nahiko adierazkorra. “Flirteo”
unea dantza eta musikaren bidez adierazia.
Cheek to cheek
Klasiko bat, berriro ere letra eta dantza era perfektuak
funtzionatzen dute. Ezinezkoa da irribarre bat ez erakustea bi hauek dantzatzen
duten bitartean. Dotorezia fotograma bakoitzean.
Top Hat
Pelikulari izenburua ematen dion abestia dugu hau. Fred
Astaire eszena indibiduala, berak parte hartutako musikal guztietan berarentzat
eszena bat erreserbatzen omen zuen beti. Abesti ona, pajarita zuria, kapela
luzea… Estiloa!
No hay comentarios:
Publicar un comentario