26/7/13

‘Le scaphandre et le papillon’ (2007) – Irudimena, oroitzapenak eta plano subjektiboak


'Le scaphandre et le papillon' Julian Schnabelek zuzendutako pelikula dugu, benetako gertaeretan oinarritutako drama bat. Pelikulak Jean Dominique Baubyren istorioa kontatzen digu, Elle moda aldizkariaren erredaktore nagusia izandako gizonaren istorioa. Enbolia bat izan du, eta guztiz paralizatuta dago. Hala ere, mugiezinik egon arren, ez du komunikatzeko gaitasuna galdu. Jean Dominiquek soilik ezker begia mugi dezake, hori kontuan izanda, komunikatu ahal izateko begien kliskatzean oinarritutako sistema erabiliko du (adibidez, begiak behin kliskatuz gero "bai" esango du, bitan kliskatuta "ez", eta halakoak). 'Le scaphandre et le papillon' gainditze istorio bat du oinarrian. Bere oroitzapen, beldur eta desiratan oinarrituta, liburu bat idaztea erabakitzen duen gizon baten istorioa.

"Begiaren kontua alde batera utzita, badira paralizatuta ez ditudan bi gauza: nire irudimena eta nire memoria. Nire eskafandratik ateratzeko bi irtenbide bakarrak dira". 

Jean Dominiquen bizitza arrakastatsua zirudien: hiru semeren aita, bizitza profesional miresgarria... Egun batetik bestera bere bizitza guztiz aldatu zen. Orain, ospitale bateko ohean dago etzan, makina mordo baten menpe, ez du iraganeko arazoak konpontzeko denbora ezta aukerarik ere; egindako akatsengatik errudun sentitzea denbora galtze hutsa da. Beraz, geratzen zaion gauza bakarrari eustea erabakitzen du: bere irudimenari. Ez da kexatzeko unea, ezertarako balio ez duelako. Eskafandra kendu nahi du behingoz. 

"Orain nire bizitza porrot txikien kateatze bat baino ez dela pentsatzen dut. Maitatzen jakin ez nituen emakumeak, aprobetxatu ez nituen aukerak, alde batera utzi nituen zoriontasun uneak... Lasterketaren emaitza ezagutzen nuen, baina irabazlearen alde apustu egiteko ez nintzen gai izan. Itsu eta gor nengoen, ezbehar bat beharrezkoa ote zen nire benetako natura agertzeko?"

Pelikularen atal aipagarri bat formari dagokio, eta konkretuki zuzendariak aukeratutako ikuspuntuari. 'Le scaphandre et le papillon' pelikulan gehien erabiltzen den plano mota plano subjektiboa da (protagonistaren off ahotsaz lagundutakoa). Edizio lan onari esker eta perspektiba subjektiboaren bitartez peliularen hasieratik protagonistaren tokian kokatzen gara. Bere eskafandra "janzten" dugu eta ingurukoek nola begiratzen duten sentitzeko gai izan gaitezke. Atentzioa galtzen dugu, irribarre egiten dugu, begiak berarekin kliskatzen ditugu; "fokoa", hau da, ikusmena, galtzen dugu negar malko bat erortzerakoan eta are gehiago, zenbait uneetan bere erantzuna zein izango den aurreikus dezakegu. Ikusle gisa Jean Dominiquen tokian gaude, eta behatuta sentituko gara. Zenbait unetan egoera ez da erosoa, baina bere errutina jarraitzera mugatzen gara (horregatik, apur bat errepikakorra izan daiteke zenbait unetan).
Orokorrean, 'Le scaphandre et le papillon' istorio ona iruditu zait, interesgarria eta gizatiarra, baita tristea ere. Edizio lan oso ona du eta aktore taldearen lana aipatzea merezi du ere. Pelikula gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario