Kritika honek Kick Ass (2010) pelikularen spoilerrak ditu
2010ean ‘Kick Ass’ pelikula estreinatu zen, Mark Millarren komikiaren
moldaketa zinematografikoa. Dave
Lizewskiren (Aaron Johnson) nondik norakoak kontatzen dizkigu istorioak,
nola egun batetik bestera superheroi bat bihurtzea erabaki zuen (zergatik ez?).
Daven ustez, gizartearentzat ez litzateke txarra izango superheroi bat izatea,
bere ideia gauzatzeko bizitza arriskuan jarriko du. Sekulako jipoia jasan
ondoren eta zenbait ebakuntza gainditu eta gero, Davek sentsibilitatea galduko
du (etorkizuneko kolpeak jasotzeko “abantaila” bat). Beraz, mozorro berde eta
hori bat jantzita heroi bat balitz bezala jokatuko du. Egun batetik bestera,
munduaren arreta deituko du, izar mediatiko bat da orain. Baina berarentzat
joko bat baino ez dena, beste batzuentzat seriotasun handiko kontua da.
Kick Assen bizitza hankaz gora jarriko da Hit Girl (Chloë Grace Moretz) eta Big Daddy (Nicholas Cage), horren aita, ezagutzen dituenean.
Heroismoaren inguruan zuen pertzepzioa guztiz aldatuko da une horretatik
aurrera. Aita eta alabak benetako superheroiak balira bezala jokatzen dute,
arma ugari dituzte, jada zenbait pertsona hil dituzte… Esan bezala, ez da joko
hutsa. Kick Ass ez bezala, horien
erabakiak muturrekoak dira. Hiruren artean, mendeku bila, Frank D’Amico (Mark Strong) bilatu eta hilko dute. Mafiosoa eroriko
da, baina ez da bakarra izango.
Hiru urte geroago superheroi bitxi horiekin topo egingo dugu
berriro, atal zinematografiko berri batean: Kick Ass 2. Kick Assen ekintzak pertsona ugarirentzat inspirazio
izan dira, eta orain gizartea superheroiez beteta dago. Stars and Stripes koronela (Jim Carrey), superheroi horien
zuzendari eta antolatzaile izango da (base sekretu eta guzti). Kick Ass laster talde horretara batu
egingo da, bakarrik ez dagoela sentitzeko. Taldearen izena, Justice
Forever izango da.
Superheroi pelikula guztietan
bezala, honetan"superdoilor" bat dugu. Red
Mist (Christopher Mitz-Plasse) aitaren heriotzagatik, Frank D’Amicoren
hilketagatik, mendekatu nahi da. Kick Assen heriotza desiratzen du. Orain
bakarrik gelditu da, eta bere pertsonaia birsortzeko une aproposa da, besteen
errespetua ere lortu nahi du. Red Mist iraganeko
kontua da jada, orain izen berri bat izango du: The MotherFucker. Horretaz gain, arma boteretsuena bere esku izango
du: dirua.
Bi talde, ongia vs gaizkia;
eta erdian, promesa bat bete behar duen neskato bat: Hit Girl. Mindy Macready aitaren lagun batekin bizi da, Marcusekin. Marcusen ustez, Mindyk ez
du haurtzaro arrunt bat izan. Bere gustura moldeatu nahi du, gizartearen kanonen
arabera, eta horretarako bere baitan daraman superheroia “lurperatzeko”
eskatuko dio. Horregatik, bigarren atal honetan dilema eta zalantza gehiago
izango dituzte pertsonaiek, lehen atala baino “filosofikoagoa” dela esan
daiteke. Norbanakoak bere benetako
izaera izkutatu behar du gizartearen parte izan ahal izateko? Heroi bat izatea
merezi ote du? Zalantza horiek erantzuna izango dute, apurtutako promesen
pelikula honetan.
‘Kick Ass 2’ pelikulan Mindyren pertsona hobeto ezagutuko dugu, eta
berak institutuan bizitako esperientziak. Eszena horiek protagonista (eta
pelikularen) umore beltza mantentzen dute eta ohiko “institutuko neska
estereotipatuen” parodia gisa ikus ditzakegu. Hit Girlek ez du zertan “neskato arrunt” bat bezala jantzi behar, berak
badaki nor den, eta hori ez du aldatu nahi. Esperientziari esker, sendoago
sentituko da. Izan ere, Hit Girl eszenan
ageri den bakoitzean, guztia hobera egiten du. Hit Girl umiliatuko dute, baina baita ikasiko du. Kick Ass inoiz baino gehiago sufrituko
du, baina behingoz nor izan nahi duen erabakiko du. ‘Batman eta Robin’ modura
bizitako abentura berri bat, zenbait gauza aurreikusi ditzakegun arren, ikustea
merezi duena.
Oraingoan ez da Matthew
Vaughn zuzendari, Jeff Wadlow baizik. Hori bai, Vaughn proiektuan jarraitzen du
gidoian eta produkzioan parte hartu duelako. Akzio eszenak ikusgarriak dira
(batez ere amaierakoak), baina modu kaotiko batean grabatuta daudela iruditu
zait, kamera mugimendu gehiegi. Zentsu horretan, lehenengoaren forma gehiago
gustatzen zait, “garbiagoa” delako.
Soinu banda lehenengo atalaren soinu banda bezain ona da, eta modu
berean erabilita dago: akzio eszenetan ukitu komiko eta gehiegizko bat
gaineratzeko. Aktore taldea, lehen pelikularen tonuan mantentzen dira. Aaron Johnson Kick Ass perfektu bat da,
baina aurrekoan bezala pelikularen izar handiena Chloë Grace Morez da, hau da, Hit Girl. Batera, bikote protagonista
oso on bat osatzen dute.
Laburtuz, Kick Ass 2 bigarren parte on bat da,
pelikula oso entretenigarria, umore beltz gehiago, akzio gehiago, biolentzia
gehiago eta dilema berriak topatzen ditugu bertan. Pelikulak espero genuena
eskaintzen du. Entretenimendu hutsa.
Kreditu osteko eszena bat
dago, beraz… Hirugarren atal bat egongo da? Dirudienez, bai.
No hay comentarios:
Publicar un comentario