3/10/12
'Crouching Tiger, Hidden Dragon' (2000) - Borroka komunikazio forma gisa
Wo hu cang long da filmaren jatorrizko izenburua. 2000.urtean mendebaldeko audientziaren arreta deitu zuen Ang Leeren pelikulak. Gainera, Oscar sarietan 10 izendapen lortu eta 4 sari irabazi zituen. Borroka-arteen pelikulei dagokionez, Wo hu cang long berritzailea izan zen (gutxienez mendebaldeko publikoarentzat). Borroka eszenak era bikainean landuta daude, indar handia dute eta ez dira kolpeak ematera mugatzen. Bi pertsonen arteko borroka komunikazio bide gisa azaltzen da Ang Leeren pelikulan, bi lehiakideen arteko elkarrizketa bat balitz bezala, non begiradek eta kolpeek bestearen izaera hobeto ezagutzeko balio duten.
Urteak igaro ditu meditatzen borroka-arteetan aditua den Li Mu Baik. Bere lagun minenari "Ezpata Zerutarra" emangio dio herentzian. Bestetik, Yu Sha laguna eta emakume borrokalari boteretsuari ezpata entregatu arte hori babesteko eskatuko dio. Li Mu Bai eta Yu Sha sekretuki maiteminduta daude; baina euren sentimenduak aitortzeko ez dira gai, beti bakea eta meditazioari eman diote lehentasuna. Bidean, gobernadorearen alaba gaztearekin topo egingo dute, Jen Yurekin. Jen Yu emakume borrokalaria da eta ez dago inposatu dioten patua onartzeko prest, nolabait, Jen Yu, Yu Sha gazte baten isla da.
Ang Leeren pelikulan borroka, maitasuna eta dramarentzat tokia dago. Pelikula gehiago gustatuko zitzaidala pentsatzen nuen, txundituko ninduela, ez dakit zergatik, baina ez da horrela izan. Pelikula entretenigarria da, argazkigintza landua eta ikusgarriak diren borroka eszena asko ditu, baina pixka bat luzea iruditu zait. Adibidez, Jen Yuren jokabidearen zergatia hobeto ulertzeko balio duen flashbacka luzeegia eta pelikularen erritmoa guztiz geldiarazten duela pentsatzen dut.
Beste alde batetik, bada Ang Leeren pelikulan gustatu zaidan elementu bat: kutsu feminista. Pelikularen protagonistak emakume borrokalariak dira. Pelikula XIX.mendean girotuta dago, baina emakume protagonistek ez dituzte ekialdeko gizarte horren arauak jarraitu nahi, adibidez, adostutako ezkontzaren aurka daude, errespetua bilatzen dute, independenteak dira.
Txinatar kontakizun klasikoak dira pelikularen oinarria; eta leialtasuna, errespetua, askatasuna eta barkamena bezalako kontzeptuak lantzen ditu. Hala ere, lehen esan bezala, pentsatzen nuen bezain beste hunkitu ez nauen arren, entretenimendu ona da.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario