11/3/13

'Blancanieves' (2012) - Betiko istorio bera?



2012an bai telebista bai zinema Grimm anaiek sortutako pertsonaietako bati ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatu ziren: Edurnezuriri. Guztira printzesa borrokalariaren inguruan hiru pelikula eta telesail bat estreinatu zituzten. Pasadan urtean estreinatutako hiru moldaketa zinematografikoen artean Pablo Bergerrek zuzendutakoa dugu erakargarriena eta interesgarriena.

Edurnezuriren istorioa denok ezagutzen dugu, Pablo Bergerek luze pentsatu eta landu ondoren, istorioa zine mutu baten bidez erakustea erabaki zuen. Zinemaren hastapenei egindako omenaldia dugu hau. ‘Blancanieves’ estreinatu baino urte bat lehenago, beste pelikula mutu batek munduaren arreta deitu zuen, ‘The Artist’ (sari guztiak bereganatu zituen pelikulak). Estreinu horrek agian “sorpresa efektu” apur bat kendu dio Bergerren pelikulari; baina hori da partekatzen duten gauza bakarra, formatua. Pablo Bergerren pelikulak ikuslearen arreta deitzea lortzen du, bai eduki bai forman.


Ekintza Sevillan kokatzen da. Ez daude printze ez printzesarik, horren ordez, herritarrentzat heroi antzekoak diren toreatzaileak daude; aberats eta pobreak, eta gertatutako tragediatik etekinak ateratzeko prest dagoen erizain maltzur bat. Kalte gehiena jasango duen pertsona, noski, Edurnezuri izango da (Carmencita kasu honetan). Istorioaren nondik norakoak jada ezagutzen ditugunez, pelikularen alde interesgarriena zuzendariak ekintzak erakusteko hartutako erabakietan ageri da.


Eszenak arinak dira, dekoratuak erraldoiak, dena milimetrora neurtuta dago, hitzen bidez adierazten ez dutena aktoreen begiradek eta eurek zenbaitetan egindako gehiegizko keinuek adierazten dute. Baita lengoaia zinematografikoaren erabilpen zuzenaren bidez ere: lehen-lehen planoak, plano pikatuak, eszenen arteko muntaketa zatikatua… “Ispilu, ispilutxo”-ren ordez, argazkiak, koadroak, eta aldizkariak ditugu. Edertasuna baino, ospea nahi du amaorde gaiztoak. “Erreinuko” emakume ospetsu eta aberatsena izan nahi du eta ospe horren neurgailu aldizkariak dira.

Macarena Garcia Edurnezuri perfektua da, bere begiradak asko adierazten du eta naturaltasuna igortzen du. Maribel Verduri dagokionez, aparteko lana egiten du amaorde maltzur gisa, nabaritzen da eroso dagoela pertsonaiarekin, ondo pasatu zuela dirudi.  Guztira 10 Goya lortu ditu pelikulak, horien artean Pelikula onenaren saria; horretaz aparte, pasadan Zinemaldian arrakasta handia izan zuen pelikulak, besteak beste, epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen. Pelikularen amaierak guztiz konbentzitu ez nauen arren, Bergerren proposamena erakargarria da, ausarta eta orokorrean, nabarmentzekoa. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario