21/3/13
'In the name of the father' (1993) - Justizia ez da beti bidezkoa
'In the name of the father' 90ko hamarkadaren pelikula onenetako bat dela uste dut. Benetako gertaerak hartzen ditu oinarritzat Jim Sheridanen pelikulak. Istorioaren abiapuntua IRAk Londresen egindako atentu bat da.
Atentatua eta Belfasten izandako zenbait istilu direla eta, Britainako poliziak errudun bat aurkitu beharko du lehen bai lehen. Poliziaren ustez, beldurra ezin daiteke herrian zehar zabaldu eta hori ekiditeko errundun bat topatzea ezinbestekoa da (benetako erruduna izan ala ez). Poliziak bere eraginkortasuna agerian utzi nahi du. "Guildfordeko Lauak" izenarekin ezagututako pertsonetako bat dugu Gerry, pelikularen protagonista. Gerry eta beste hiru "hippie" errugaberi IRAk egindako bonba erasoaren egiletza leporatu zieten. "Guildfordeko Lauak", mehatxupean, atentatuaren egileak izan zirela aitortzen zuten adierazpen batzuk sinatu behar izan zituzten.
Bi dira pelikularen zutabe nagusiak: batetik, gatazka eta kritika sozio-politikoa; bestetik, maila pertsonalean, Gerry (Daniel Day-Lewis) eta bere aita Giussepperen (Pete Postlethwaite) arteko harremana. Sheridanek pelikularen bi trama nagusi horiek ongi orekatzen ditu eta pelikula kritiko, hunkigarri eta entretenigarri bat egitea lortzen du. Erraz harrapatzen du ikuslearen interesa.
Hasieran, preso desberdinen influentziaren arabera jokatuko du Gerryk, aita kartzelaratzen duten arte. Une horretan Gerryren jokabidea guztiz aldatuko da. Hasieran oso agerikoa ez izan arren, Gerryrentzat aita pertsona ukaezina da, "sakratua", eta presoa ez dago aitaren izenaren zikintzea onartzeko prest. Bera eta bere familiaren izena "garbitzen" saiatuko da, eta hori lortzeko epaitegietan borrokatuko du. Giusseppe nolabait, Gerryren muturrekoa da, sinestezina dirudien arren, egoera lasai bizitzen saiatuko da. Beti semeari gomendioak emanez eta hura babesten.
Jim Sheridanen pelikulak erakusten duen gatazka ulertzeko ez dago zertan gaian aditua izan behar; gaiaren inguruan ideia orokor bat eraikitzeko informazio nahiko ematen baitio zuzendariak ikusleari. Ikuslea guztiz murgiltzen da istorioaren nondik norakoetan; haserretzen da eta noski, hunkitzen da. Pelikularen amaiera ezagutu arren, pelikula ikusten dudan bakoitzean berriz hunkitzen nau. Galdutako urteak ezin izango dituzte berreskuratu, hori dela eta gordetako amorrua oihu baten bidez askatuko dute, aldarrikapen baten bidez; injustiziari aurre egiteko oihu bat. Pelikulan agerian geratzen den bezala, justizia ez da beti bidezkoa.
Emma Thompsonek "Guildfordeko Lauak" defendatzeko ardura duen abokatuaren papera betetzen du. Bere pertsonaia justu une aproposenean agertzen da, esperantzarik ez dagoenean. Epaiketaren eszenan ikuslea abokatuaren paperan kokatzen da, bere amorrua sentitzen dugu. Abokatua guztiz inplikatuko da eta autoritateei aurre egiteko orduan ez du beldurrik erakutsiko. Eszena bikaina.
Bai Emma Thompsonen lana, bai Daniel Day-Lewis eta Pete Postlewaitenena ere ikaragarria da. Pelikula oso gomendagarria, jorratzen duen gaia interesgarria izateaz aparte, gai hori pertsonaien garapen egoki batekin osatzen duelako. Oso ona.
'In the name of the father', hasierako eszena
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario