Hinkle iruzurrak eragin ditzakeen ondorioez kezkatzen den bakarra dela dirudi, hasieran gaixoak ez du jokoan parte hartu nahi, etxera bueltatu nahi du, lasai egon... Sandyren telefono deia jasotzen duen arte. Une horretan bere planteamendua guztiz aldatzen da. Sandyk senar ohiaren osasunagatik interesa erakusten duela ikusita, Hinkle jokoaren parte bihurtzen da (plano bikain batek indartzen du Hinklelek hartutako erabakia. Hinkle iruzurraren parte bihurtzea erabakitzen duen une konkretuan, ispilu batean islatuta ikusten dugu, "bikoiztasun moral" horren ideia indartuz). Willie eta Sandyren interesa ekonomikoa da, baina Hinklelek maitasunaz bultzatuta hartzen du erabakia. Hinklelen gizatasunak estrategiaren jarraikotasuna mehatxatuko du.
Bi izango dira iruzur honen biktima nagusiak: lehena Harry Hinkle bera, koinatuak maneiatutako txotxongilo bat baino ez delako. Bigarrena, Luther 'Boom-boom' Jackson (Ron Rich). Hinkle kolpatu zuen pertsona da Jackson. Jokalaria gaizki sentitzen da, errudun; eta errudun sentimendu horren pisuaz libratzeko asmoz Hinkle lagunduko du. Ia-ia bere zerbitzaria bihurtzen da, bere laguna. Hinkle kolpatu zuenetik, Jacksonen egoera txarrera egin du, jokalari gaztearen karrera jada ez da hain arrakastatsua, gero eta akats gehiago egiten ditu zelaian eta edaten hasi da. Hinklek ez du Jacksonen egoera onartuko. Nahiko bitxia da bien arteko erlazioa.
Billy Wilderrek zuzendutako pelikula komedia ona da. Gainera, tandem protagonista zinemaren historian eta komedia generoaren barruan aurki dezakegun onenetako bat da: Jack Lemmon eta Walter Matthauren arteko kimika itzela da. Walter Matthau bikain dago abokatu lotsagabearen paperean (gizonezko bigarren aktore onenaren Oscar saria jaso zuen pelikulagatik).
Pelikula bloketan banatuta dago, bakoitzean abokatuak antolatutako planaren pausu desberdinak ikusten ditugu, pixkanaka estrategiaren parte bihurtzen gara. Elkarrizketa azkar eta zorrotzek pelikulari erritmo ona ematen diote, eta Wilderrek pelikularen klimaxera ailegatzeko "lasterbideren" bat har zezakeen arren, aipatutako erritmo mantentzen da. Pelikularen amaierak ukitu sasi-gozo bat du, lehenago esan bezala, Jackson eta Hinkle biktimak dira, baina... betirako?
No hay comentarios:
Publicar un comentario