9/9/13

'A place beyond the pines' (2012) - Familiaren ondarea


Derek Cianfrance da ‘A place beyon the pines’ pelikularen zuzendaria; pelikula on eta interesgarria, intrigaz eta tentsioz betetakoa. ‘Blue Valentine’ pelikula mardularen zuzendariak berriro Ryan Gosling aktorearekin lan egiten du; hori bai, oraingoan pelikulak distribuzio hobeago bat lortu du (‘Blue Valentine’ pelikularen kasuan pelikularen banaketa lotsagarria izan zen. Izan ere, 2010ean ekoiztutako pelikula, aurten estreinatu dute pantaila handian).

Zuzendariaren hitzetan, ‘A place beyond the pines’ pelikulan norbanakoak munduan uzten duten ondarea da pelikularen abiapuntua, eta orainaldian hartutako erabakiek etorkizunean izango duten eragina zenbatekoa izan daiteke. Pelikulak ia bi ordu eta erdiko iraupena du, eta hiru ataletan banatu dezakegu. Atal bakoitza pertsonaia zehatz batzuetan oinarrituta egongo da.


Lehenengo atalaren protagonista Luke (Ryan Gosling) da. Feria batean lan egiten duen gaizkiletxo bat. Bere objektu preziatuena bere motorra da, bere bizitza. Lukek guztia alde batera utziko du Rominak (Eva Mendes), neska lagun ohi bat, seme bat duela jakinarazten dionean. Lukek bere lan aspergarritik alde egiteko aukera ikusten du, ihes egiteko aukera. Pertsona hobeago bat izan nahi du, bere semearentzat eredu, aita on bat izan nahi du. Semearentzako etorkizun oparo bat ziurtatzeko helburuarekin, erabaki drastiko bat hartuko du.


Avery (Bradley Cooper) Luken bidean gurutzatuko da. Pelikularen erdiko partea Averyren pertsonaian oinarrituta dago. Avery, zenbait gertakizun direla medio, heroi bat bezala jokatu duen polizia bat da. Zein da arazoa? Bere heroismoa gezur batean oinarrituta dagoela, eta hori jasangaitza izango den pisu bat izango da. Averyk bere familia eta semean pentsatuz hartzen ditu erabakiak; baina Lukek ez bezala; “zuzena” den hori egitea erabakiko du.


Erabakiek ondorioak izango dituzte, eta ondorio horiek hirugarren eta amaierako atalean ageri dira, bideek berriz ere topo egiten dutenean. Patuaren kasualitateak. Orokorrean, hasierako partea nahiko ona iruditu zait, bigarrena zuzena baino gehiago eta amaiera izan da zalantza gehien piztu dizkidan atala. Hirugarren atal horrekin ez dut guztiz konektatu (hala ere, interesgarria da). Pisua Dane Dehaan eta Emory Cohen aktore gazteek hartzen dute, lan bikaina egiten dute biek. Baina narratiboki luzeegia iruditu zait, apur bat estereotipatuta eta aurretik ikusitakoari justizia egiten ez dion atala dela iruditu zait. Azken atalak oraindik itxi gabe zeuden gatazkak ixten ditu, zentsu horretan, ongi.

Derek Cianfrance kontuan hartu beharreko zuzendaria dela erakutsi du berriro ere. Pelikularen muntaketa eta zinematografia pixka bat klasikoa da, baina egituran eta akzio eszenen planteamenduan originala iruditu zait. Pertsekuzioetan gidarian tokian jartzen gara, abiadura bizian goaz, guztiz inplikatuta. Zuzendariak tentsio egokia sortzen du horrela. Tentsioa sortzeko helburu horretan, soinu bandak garrantzia du, tentsioa sortzen laguntzen duelako, intrigarekin bat egiten du eta zenbait une dramatizatzen ditu.

Ryan Gosling, Eva Mendes, Bradley Cooper, oro har, aktore talde osoak lan ona egiten du. Esan bezala, istorio ona, planteamendu interesgarriarekin eta ausarta gertaeren garapenean. Hori bai, iraupen luzea dela eta, amaierako atalak indarra galtzen du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario