Erlazionatutako edukia: 'Rebecca' (1940)
Tren geltoki bat, hondoan Kapitolioa, bi gizon tren
batera igotzear dira. Ez dugu euren aurpegia ikusten, soilik bere zapatak.
Gizonetako bat planoan ezkerretik sartzen da, bestea eskuinetik. Indizio
guztiek elkar topatuko direla iradokitzen digute. Bien arteko nahigabeko ukitu
batek euren bizitza aldatuko duen elkarrizketaren hasiera izango da. Modu
horretan hasten da Alfred Hitchcocken ‘Strangers
on a train’ pelikula. Hasiera ezin hobea.
Bi gizonak hizketan hasten dira. Alde batetik Guy Haines (Farley Granger) dugu, tenis
jokalari gazte eta famatua. Bestetik, Bruno
Anthony (Robert Walker), gizon nahiko bitxia; prentsan argitaratutako
informazioagatik tenislariaren bizitzaren berri duena. Hitchcockek horrela
aurkezten dizkigu pelikularen protagonista nagusiak; eta ez hori bakarrik,
hasierako eszena horretan gero klabea izango den objektu bat erakusten digu
ere, metxero bat.
Elkarrizketa tonu lasai batean hasten da; baina broma bat
dirudien hori, pentsa daitekeen baino gauza serioago bat da: Brunok Guyri krimen perfektua
gauzatzeko pausuak aurkeztuko dizkio. Susmorik gabe, lekukorik gabe. Bien
arteko sekretua. Biek euren bizitzan oztopo bihurtu den norbait dute: Guyri
emazteak ez dio dibortzioa ematen; eta Bruno eta aitaren arteko erlazioa ez da
batere ona. Biek “akatu beharreko” norbait dute. Baina, esan bezala, batentzat
broma bat baino ez dena, bestearentzat gauza serioa izango da.
‘Strangers on a
train’ Patricia Highsmith idazlearen eleberri batean oinarritzen
da. Erruduntasuna, moralitatea, ongia eta gaizkiaren arteko gatazka… ‘Strangers on a train’ moneta baten bi
aurpegiak ikusten ditugu. Zentsu horretan, Guy “ongiaren” isla izango
litzateke, eta Bruno “gaizkiarena”. Bakoitzak justizia bere modura ulertzen du.
Hori bai, trenean izandako elkarrizketatik aurrera, batak egiten duen edozerrek
bestearengan eragina izango du. Tratua beteko ote dute?
Guyk beti zuzena den hori egiten saiatzen da, etikoki
zein moralki; Bruno aldiz askoz oldartsuagoa da; bere begirada eta keinuek, hilketa bat arazoak
konpontzeko aukera tentagarri gisa eskaintzen duen pertsona izatea…
Brunorentzat hilketa bat joko baten parte dela pentsatzen du; horregatik, jolas
parke bat bere krimena gauzatzeko lokalizazio perfektua izango da. Lekuko
bakarra ikuslea izango da, eta horrela erakusten du Hitchcockek. Hilketa
biktimaren betaurrekoen kristalean islatuta ikusten dugu. Plano bikaina.
Kontran, Guyk zalantza ugari dituen pertsonaia da.
Galduta dago, kale itsu batean harrapatuta. Argiak eta itzalak, ate baten
burdin barrak… erruduntasun sentimendu horren isla izan daitezke, gaizkia
hautatzearen tentazio eta ondorioaren isla. Guyk bigarren aldiz Brunorekin topo
egiten duenean gaua da. Une horretara arte Hitchcockek ongia eta gaizkiaren
arteko oreka mantentzen saiatu da, bai narratibo bai formalki. Oreka hori lehen
aldiz desagertuko da, gaueko “bilera” horretan. Lehenengo elkarrizketan argia
zen nagusi, orain itzala eta iluntasuna baino ez dago. Ongia eta gaizkiaren
muga zeharkatuko ote du Guyk?
‘Strangers on a
train’ ez dago batere gaizki. Denbora, intriga eta tentsioa ongi
maneiatzen ditu Hitchcockek. Amaierako atalean tenis partidaren eta Brunoren
bidaiaren arteko muntaketa paraleloan ekintzen denbora guztiz bat etorriko ez
dela dirudi, baina galdera sinple batekin parekatuko ditu zuzendariak. Tranpa
ala ez, amaieran tentsioa etengabea da. Hori bai, nire ustez, klimaxa ona izan
arren, gehiegizkoa iruditu zait ordura arte ikusitakoarekin konparatuz gero.
Pelikularen puntu ahulena aktore taldean dagoela
pentsatzen dut, indarra falta zaie. Pertsonaia erakargarrien edo
interesgarriena Bruno da. Esan didatenaren arabera, pelikularen amaiera eta
eleberriaren amaiera ez dira berdinak (liburuaren amaiera konplexuagoa izanik).
Pelikula interesgarri eta entretenigarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario