25/9/13

'Unforgiven' (1992)


William Munny, antiheroia?


Westerna, generoaren urrezko garaia nahiko urrun zegoela zirudien Clint Eastwoodek ‘Unforgiven’ pelikula egitea erabaki zuen arte. Eastwoodek generoa nolabait berpiztu zuen, eta ez hori bakarrik, baita generoaren barruan aurki daitezkeen zenbait kontzeptuen inguruan interpretazio berriak aurkeztu zituen. Ikaslea maisu bihurtu da. ‘Unforgiven’ zuzendariaren lan onenetako bat izateaz gain, generoaren lan aipagarrienetako bat da. Esan bezala, ikaragarria, ausarta, ezkorra eta ukitu errealista duen western bat izateaz aparte, zuzendariak zenbait elementuen interpretazioarekin asmatu zuen. Orain heroismoa ez da erakargarria edota miresgarria; hotza da, erruduntasunez beteta, krudela. Beraz, pertsonaiak heroiak baino, kriminalak izango dira.


William Munny (Clint Eastwood) diru truke pertsonak hiltzen dituen hiltzaile bat da. Iraganean, pertsona hotza zen, ez zituen zalantzarik emakumeak zein haurrak hiltzerako orduan. Eskrupulurik gabeko gizona, eskuak odolez zikinduta dituena. Orain lokatzak odola ordezkatzen du. Alarguna da eta bi seme-alaba ditu. Aurrera egiten saiatzen da, ahal duen moduan, txerri batzuk zaintzen ditu, baina gaixotu egin dira. Claudia, emazte ohiak, bere izaera erabat aldatu zuen, eta orain ez dago bere emaztearengatik egindako guztia pikutara bidaltzeko prest. Seguruenik, bere izaera izandako aldaketa hori gorde dezakeen oroitzapen onena da. William Munny era egokian jokatzen saiatzen da, iragan mingarria lurperatu du. Baina badirudi guztia bere kontra egiten duela. Beharra dela eta, azken lan bat onartuko du. Urteak igaro dira, egoera fisikoa ez da egokiena, baina ez du aukerarik izango.

Herrian prostituta bat erasotu egin dute eta aurpegia orbainez beteta utzi ditute. Bere lankideek hiltzaile bat kontratatzeko diru nahikoa bildu dute, mendeku bila eta Little Big sheriffak ukatu dien justizia ezartzeko. ‘Unforgiven’ pelikulan emakumeak betetzen duen rola apur bat ez da ohikoa, bigarren plano batean mantentzen ez delako (western gehienetan gertatzen den bezala). Oraingoan ez da pertsonaia pasiboa, edo heroiaren “zaria”. Emakumeek ematen dute lehen pausua.


Azken lan honetan William Munny ez da bakarrik egongo, Ned Logan (Morgan Freeman) eta Schofield (Jaimz Woolvett) gaztearen laguntza izango du. Munnyk ez du mendekurako gogorik (hasieran), ez du zorrik. Baina, bere etengabe bere burua konbentzitzen saiatzen den arren, lurperatzen saiatu den “iraganeko William Munny” hori, guztiz desagertu ote da?

Hala ere, gertakizunek bere kontra egingo dute. Une horretan Eastwoodek “mitoaren” eta heroismoaren ideia berreskuratzen du. Eastwood alde batetik heroia desmitifikatzen saiatzen da; baina bestetik, agian nahigabe, mito berri bat sortzen du. Baina hori bai, hasieran aipatutako ideiari fidel jarraituz (ez dago ezer erakargarri edota miresgarririk klase horietako heroietan).


Antiheroiak, desmitifikatutako mitoak, emakumearen rola, gaitzondoa, iragana… Western iluna bai argazki bai kontzeptuan. William Munnyren pertsonaiaren garapenari dagokionez, argitasunetik iluntasunera doa, bere sentimendu eta izaera bezala. Guzti hori, zuzendariaren pelikuletan ohikoa den bezala, argazki lan bikainean islatuta ageri da (klimaxean konkretuki, gaua eta euripean). Generoaren lan handienetako bat, oraindik ikusi ez duenarentzat, guztiz gomendagarria.

Biografoak, mitoaren sorrera eta suntsiketa

Biografoak, prentsa, ipuinak… narrazioak oro har. Behin baino gehiagotan westernetan istorioaren bertsio bat kontatzen digute, horregatik biografoaren pertsonaia maiz ageri ohi da. Biografoaren figura dela eta, pertsonaiek (baita ere ikusleak), pelikulan kontatzen dutena zalantzan jar dezakete. Errekurtso narratibo hau ‘The man who shot Liberty Valance’ pelikulan, zein ‘The lone ranger’  pelikulan ikus dezakegu, adibidez.


Unforgiven’ pelikulan biografoaren rola nahiko esanguratsua dela uste dut, heroismoa islatzearen ardura duen pertsonaia da, heroi eta bilauak sortzea bere esku dago, mitoak sortu ala suntsitu. Nahiko ikaratuta dagoen biografoa English Bob (Richard Harris) pertsonaiaren abenturak idazten dabil. Tokiko sheriffak, Little Billek (Gene Hackman) gorroto duen zerbait da hori. Sheriffa gizon gorrotagarri eta maltzurra da, ez du pietaterik erakusten. Mendebaldeko “mito faltsuek” barrea eragiten diote sheriffari, baina gero bere mito propioa sortzen lehena izango da. Biografoak beraz, egun batetik bestera, English Boben mitoa suntsituko du Little Billena sortuz, enkarguz. Gero, ikuslearen gauza izango da William Munnyren mitoa sortzea ala ez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario