29/9/13

'Rush' (2013)


James Hunt eta Niki Laudaren arteko lehia


Ron Howard da ‘Rush’ pelikularen zuzendaria. James Hunt (Chris Hemsworth) eta Niki Lauda (Daniel Brühl) 1 Formulako gidarien lehia da pelikularen oinarri, 1976ko denboraldiko nondik norakoak konkretuki. Lehiakortasunak interesa gaineratzen dio kirolari, ikusle edo jarraitzaile gisa inplikatzen gaitu. Kasu honetan, bi gidarien arteko lehia eta tirabirek istorioa zirraragarria egiten dute.

Bi bizitza, 3 Formulako lasterketetan lehen aldiz topo egin zuten bi karrera. Muturreko izaera duten bi pertsona. Lasterketa bakoitzean heriotza saihestearen ideia erakargarria da bientzat (garai hartan denboraldiko heriotza tasa altua zen). Talka egiten zuten bi pertsona horien arteko lehia epikoa izan zen.


Zuzendariak hasieran bi pertsonaiak aurkezten dizkigu. Batetik James Hunt dugu, pilotu britainiarra, oldartsua, lotsarik ez duena, karismaduna, guapoa, emakumezalea… Une bakoitza azkena izango balitz bezala bizitzen du. Gauzak ez zituen oso serio hartzen. Mundu guztiaren arreta erraz bereganatzen zuen. Ospea izateko elementu guztiak biltzen zituen, bere etsai nagusiena bera zen. Laudaren arabera, Hunt “ergela” zen.

Bestetik Niki Lauda dugu, pilotu austriarra eta Hunten muturrekoa. Kalkulatzailea, perfekzionista eta azkarra. Autoaren elementu txikiena ere kontrolatzen zuen, etengabe hobekuntzak proposatzen (eta inposatzen) zituen. Gizon hotza eta bakartia, hedabideen laguna ez zena. Zoriontasuna ukatzen duela dirudi, izan ere, Laudaren ustez zoriontsu izatea galdu dezakezun zerbait izatea inplikatzen du; eta hori bere kontra egiten du. Hunten arabera, Lauda “sagu aurpegia” zuen.


Etsaiak baino, lehiakide duinak ziren. Batak bestearen beharra zuen lasterketa benetan gozatzeko. Baten erabakiak bestearengan eragina zuen. Lehiaz aparte, pelikulak Niki Laudak izandako istripu larria erakusten du ere. Zentsu horretan, ‘Rush’ biziraupen pelikula bat da, lehiakortasun horri esker Laudak aurrera egin zuen, motibazio bat aurkitu zuelako.

Pelikularen une onenetako bat lasterketaren unea da. Abiadura sentitzen dugu, gidari bihurtzen gara, eta kezkatzen gara. Zuzendariak guztiz inplikatzen gaitu une horretan. Azkar pasatzen dira pelikularen bi orduak. Agian, pelikularen atalik ahulena atal sentimentalari dagokio. Hau da, zuzena iruditzen zait pertsonaien erabakietan eragina duelako, baina azalean geratzen da.

Zuzendaria neutral mantentzen da, hau da, Ron Howard bi pertsonaien ikuspuntua erakusten du, ez du bata ala bestearen alde egiten. Ez da on eta txarren pelikula. Aktoreen lana ona da, baita zuzendariarena ere. Soinu bandaren inguruan ez dut gehiegi esango, Hans Zimmer, ohikoa den bezala, bikain.

Laburtuz, ‘Rush’ pelikula ona iruditu zait, bi gidarien arteko lehia ongi erakusten baitu. Hunt eta Lauda 1976ko denboraldiaren protagonistak izan ziren, egun batetik bestera izar mediatikoetan bilakatuz. Hunkigarria zenbait unetan, eta entretenigarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario