3/9/13

'Mud' (2012) - Ellis, Neckbone eta Mud misteriotsua


Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake

‘Mud’ Jeff Nichols zuzendariaren hirugarren film luzea da, baita protagonistaren izena ere. ‘Mud’ pelikulak abentura, drama eta maitasuna nahasten ditu. Tom Sawyerren abenturekin parekatu dute askok, niri ‘Stand by me’ (1986) pelikula etorri zait burura pelikula ikustean. Umeen kuriositatea, inozentziaren galera, apurtutako edo apurtzear dauden familien istorioa, maitasun istorio triste bat… Guzti hori Nicholsen pelikulan ikus dezakegu.

Pelikula honen aitzakia edo “macguffina” zuhaitz batean “harrapatuta” gelditu den txalupa bat da. Nola demontre heldu den txalupa horraino? Ez du axola. Txalupak bi gazteren arreta deituko du: Ellis (Tye Sheridan) eta Neckbone (Jacob Lofland) izeneko gazteena zehazki. “Objektua aurkitu duenarentzat” teoria jarraituz, txalupa euren propietate izendatuko dute. Baina euren sorpresarako, txalupak “jabea” du jada.




Gizon misteriotsu bat egun batzuk darama irlatxo batean izkutatzen, Mud da gizonaren izena. Mudek (Matthew McConaughey) gizon bat hil du, teorian, Juniper (Reese Witherspoon) betidanik maitatu izan duen neska babesteko. Praka bakero batzuk eta kontu handiz zaintzen duen kamisa zuri bat jantzita darama beti. Mudek akordio bat egingo du gazteekin, laguntzaren truke.

Pixkanaka Muden izaera ezagutzen goaz, bere istorioa, nola heldu den irlatxo horretara eta zein den bere helburua. Muden izaeraren ideia eraikitzeko informazioa bi iturrietatik jasoko dugu: bata Mud bera kontatzen duena, bestea bere ezagunek Mudi buruz esaten dutena. Ezagutzen dutenek Mud enbustero hutsa dela diote, egia beti dotoretzen saiatzen den norbait. Izan ere, Mudek erraz harrapatzen ditu gazteak bere zorigaiztoko maitasun istorioarekin. Hala ere, Mud santu bat izatetik urrun dagoela badakigu, gizon oldartsu eta jeloskorra baita. Mudek gizon bat hil du, eta orain bere bila dabiltza. Mudek ez dio bidaiari ekingo Juniper berarekin ez badoa. Eta horretako, lehen esan bezala, gazteen laguntza ezinbestekoa izango da.



Ellis, Muden izaeraren isla

‘Mud’ pelikulan gauzak ondo lotuta daudela dirudi, dena konektatuta dago. Horregatik bigarren mailako tramak, umore apur bat gaineratzeaz aparte, gatazka nagusiaren osagarri bikain gisa lantzen ditu Nicholsek. Adibidez, Ellis eta bere lehenengo amodioaren gatazka. Zuzendariak trama horren bitartez, modu ez zuzen batean, Muden izaera erakusten digu. Mudek emakumeekin nola jokatzen duen, bere jarrera Juniperrekiko konkretuki. Muden jokaera, izkutatzen saiatzen den izera iluna, Ellisen bitartez ikusten dugu beraz. Ellis iruzurtuta sentitzen denean biolentziarekin erantzuten du (Mudek seguraski egingo lukeen bezala). Ellis eta Neckbonentzat Mud misteriotsua eta liluragarria da, baina Ellisek ez du eredutzat hartu behar. Amaieran, Ellisen aurpegian ageri den irribarre txiki bat nahikoa da desberdinak direla erakusteko. Modu txukuna Ellisen pertsonaiaren garapena erakusteko, eta Muden izaera ezagutzeko.

Maitasuna eta familia

Maitasuna eta familia pelikulan lantzen diren zenbait kontzeptu dira, eta nolabait pertsonaia guztiengan eragina duten elementuak dira. Adibidez, Ellisek ez du ulertzen bere gurasoen arteko eztabaidaren zergatia. Ellisek maitasunaren ideiari sendo eusten dio, eta euren gurasoen maitasuna desagertzear dagoela ikusita, Mud eta Juniperren arteko maitasun istorioak amaiera zoriontsu bat izatean itxaropen guztia jartzen du. Pelikulan hala erakusten du zuzendariak. Zergatik ezezagun bati eta bere neskari lagundu? Elkar maitatzen dutelako. Sinple.

Bestetik, Neckbone eta Mud aita baten ausentziaz baldintzatuta hezi dira, eta horrek euren izaeran eragina izan du. Neckbone osaba Galenekin (Michael Shannon, beti Nicholsen pelikuletan presente) bizi da. Mud aldiz, Tom Blankenshipen (Sam Shepard) babespean aurrera egitea lortuko du, bere aitaren laguna izandako gizona.

Familia arazoak edota amaiera zoriontsuak posible izatearen itxaropena dela medio, Mud, Ellis eta Neckbon adiskide bihurtzen dira. Bizitako esperientziaren bidez, euren bizitza aldatuko da, arazoei aurre egiteko modua… Oro har, euren izaerak. Gazteak Mudi laguntzeko arriskatuko dira, eta alderantziz.

Pelikula osoan zehar natura presente dago, zuhaitzak, ibaia, hegaztiak… ‘Mud’ orokorrean pelikula zoragarria iruditu zait, sorpresa atsegina. Hasieran istorioan sartzea erraza ez den arren, pixkanaka harrapatzen zaitu, liluratu arte. Ongi landutako gidoia du, soinu banda interesgarria eta lan nahiko ona egiten duten aktore taldea. Ez da Matthew McCounaghey rol dramatiko batean ongi aritzen den lehen aldia. Bere lana ona da, baita Sam Shepard eta Reese Witherspoonen lana ere. Baina ‘Mud’ pelikulan, bi “eszena lapur” gazte ditugu: Tye Sheridan eta Jacob Lofland. Itzela euren lana.


Besterik gabe, ‘Mud’ asko gustatu zaidan pelikula da. Guztiz gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario