1/10/13

'La gran familia española' (2013)


Porrota onartu, garaipena gozatu


Hego Afrikako futbol txapelketako finalaren egun berberean ezkontza bat ospatzea baino ideia txarragorik al dago? Dirudienez, ez. ‘La gran familia española’ Daniel Sánchez Arévalok zuzendutako laugarren film luzea da. Zuzendariaren aurreko pelikulak, neurri handiago ala txikiago batean, gustatzen zaizkit. Horregatik, nahiz eta hasiera batean pelikularen jatorrizko ideiak nire interesa piztu ez, konfiantza boto bat ematea erabaki nuen. Dudarik gabe, merezi du. ‘La gran familia española’ komedia dramatiko ona iruditu zait (gustuko dudan genero bat da).

7 brides for 7 brothers’ musikala erreferentzia gisa hartuta (pelikula pantaila handian ikustea ez du preziorik), familia burua, Hector Colomeren papera, familia handi bat izan nahi du, hori da bere ametsa eta helburua. Musikalean bezala, semeen izenak biblikoak izango dira: Adan (Antonio De la Torre), Benjamin (Roberto Álamno), Caleb (Quim Gutierrez), Daniel (Miquel Fernández) eta Efrain (Patrick Collado). Bost anaiek akats bat direla pentsatzen dute, eta ez dute aitak bizitzan izandako akatsak errepikatu nahi.



Guztiek zerbaiten falta dute, eta pixka bat galduta daude. Ezkontza eta partiduaren egunean arazoak konpontzen saiatuko dira. Noiz erasotu eta noiz defendatu eurek erabaki behar dute, euren esku egongo da erabaki hori. Porrota onartu behar dute, eta garaipena gozatu. Bizitzaren aurrean jarrera borrokalari bat erakutsi behar dute. Berdinketa ez da nahikoa. Noski, norbaitek irabazten badu, beste batek galduko du.
Pelikula korala da, eta hainbeste pertsonaiekin lehiatzea ez da erraza. Pertsonaia desberdinak eraikitzea lortzen du, euren berezitasun eta helburuekin; baina nahiko zaila da guztiek indar dramatiko bera izatea. Zentsu horretan, pertsonaiak kontuan hartuta pelikula hiru talde edo genero zinematografikoetan bana dezakegu: komedia dramatikoa, komedia erromantikoa eta drama erromantikoa. Esan bezala, nire ustez, atal guztiek ez dute intentsitate bera, baina hori bai, xarma erakargarri batez inguratuta daude.

Aurreikus daitekeen bezala partidua bizitzaren inguruko metafora gisa ageri da: arazoei nola aurre egin, zein “taktika” erabili… Eta ez hori bakarrik, partiduak erritmoa eta emozioa gaineratzen dio pelikulari (edozein kirolzale erraz identifikatuko da amaierarekin, berdin du zein talde edo kirol jarraitu). Bi denbora, eraso eta defentsa aldi bana, eta arazoak konpontzeko luzapen bat.

Istorioa egun batean gertatzen da. Muntaketa erritmo ona du eta minutuak azkar igarotzen dira. Zuzendariaren “no puedo, no quiero” esaldi famatua ageri da, eta baita Raul Arévalo aktorearen kameo bikaina ikus dezakegu.

Pelikulak xarma du. Hunkigarria  eta dibertigarria da. Aurreko lanei zenbait keinu egiten dizkio zuzendariak. Sánchez Arévaloren familia zinematografikoa gero eta handiagoa da, eta etengabe hazten doa. Nahiko ongi gainera.

PD: Gutxien gustatu zaidan gauza une musikala izan da, dibertigarria da baina… Abestia? Ez al zegoen besterik? Vodafonek babestutako eszena dela dirudi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario