18/11/13

'Blue Jasmine' (2013)


Jasminen krisia


Erlazionatutako edukia: 'Midnight in Paris'

* Kritikak spoilerrak izan ditzake

Ia urtero bezala, Woody Allen zuzendari eta gidoigileak  pelikula berri bat eskaintzen digu. Egile honen produkzio lana benetan harritzekoa da. Hori bai, beti ez du arrakasta edo kalitate bera lortzen bere istorioetan. Zuzendariak egindako azken lanei dagokionez, ‘Midnight in Paris’ filma ikaragarri gustatu zitzaidan, bere argazki lanaz eta istorio magikoaz. Orain, ‘Blue Jasmine’ pelikulan, zuzendariak maitasun kontuak eta nostalgiak alde batera uzten ditu eta antsietatea, errua, korrupzioa eta gezurra bezalako gaiak lantzen ditu, komedia eta drama nahastuz.

Jasmine (Cate Blanchett) gizarte-maila altuko newyorktar bat da. Ikasketak utzi zituen Halekin (Alec Baldwin) ezkontzeko, enpresari arrakastatsu bat. Senarrak nahi beste kapritxo ematen zizkion emazteari, pozik egon zedin. Jasmine, hala ere, itsututa bizi da (ala errealitatea ez du ikusi nahi?), eta ez die senarrak egiten dituen akordio eta negozio zalantzagarriei kasurik egiten. Bere bizitza ospean, aberastasunean, harrotasunean eta materialismoan oinarritzen da. Egun batetik bestera, Jasminen bizitzak 180 graduko bira emango du eta dituen ondasun guztiak galduko ditu. Zerotik hasi beharko da, baina akatsetatik ikasiko ote du? Ala oraindik ez du hondoa jo?



Etxerik gabe, lanik gabe, dirurik gabe… Jasmine San Frantziskora mugituko da, ahizparen etxera. Ginger (Sally Hawkins), Jasminen kontrakoa da. Langilea da, bere bizitzan ez dago aberastasun ez glamourrik, duenarekin konformatzen da, eta nahiko pozik bizi da. Chili bere mutilaguna da (Bobby Cannavale), erraz haserretzen den gizon nahiko bipolarra. Jasminek beti ahizpa baino hobeagoa dela pentsatu du, arrakasta lortu baitu. Beti gutxietsi du, eta beraren ustez, Gingerrek ez ditu indar nahikoak jartzen arrakasta ala bizitza hobeago bat lortzeko (“gltzaileak aukeratzen dituzu, hori baino ez duzula merezi sinesten duzulako” esaten dio Gingerri). Erlazio eta planteamendu honek ‘A streetcar named desire’ pelikulan pentsarazi dit. Gingerrek ez du estatus soziala bilatzen, zoriontsu izan nahi du besterik ez. Behin ahizparen etxean instalatuta, Jasminen iragana ezagutuko dugu, eta bere egoera latzaren arrazoia zein izan den.

‘Blue Jasmine’n pelikulan gezurrak, korrupzioa, berekoikeria, materialismoa eta errudun sentimendua aurkitzen ditugu. Flashback-etan oinarritutako egitura bikain funtzionatzen du, guzti hori protagonistaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko: Jasmine, bakarrik hitz egiten hasi den eta antsietatea kontrolatzeko pilulak hartzen dituen emakumea (“ez du soilik porrot egin, guztiz zoratuta dago” dio Gingerrek).

Jasmine, pertsonaia


Jasmine pertsonaia konplexua da. Bere bizitza gezurretan oinarritzen da, bere izenean topatzen dugu lehen gezurra. Tontakeria bat izan daiteke, baina bere benetako izena Janet da, ez Jasmine. Bere gizarte klasea duen pertsona batentzat Jasmine bezalako izena interesgarriagoa zela pentsatu zuen, eta horregatik aldatu zuen. Besteen gainetik nabarmentzeko jaio zen Jasmine, bere pertsonaia guztiz sinesten du. Senarrak emandako edozein paper sinatzen du lasai-lasai, galderarik egin gabe. Noski, ustezko ezjakintasun hori garesti  ordainduko du gero.

Bere bizitza “hondoratzen” hasten denean, Jasmine errudun sentitzen da, guztiz galduta dago, bakarrik. Guztia galduko du, baina ez soilik aspektu materialean. Bere lagunek ez diote kasurik egingo. Ingurukoentzat Jasmine ez da senarraren negozioek eragindako arazoen biktima, ingurukoen porrotaren errudun bakarra dela pentsatzen dute.

Bera zoriontsu zen. Guztia galtzen duenean, bizitza osoa eraikitzen daraman “pertsonaia” galduko du ere, nolabait bere identitatea galduko du. Orain zerotik hasteko unea da. Bere harropuzkeria izango da gainditu behar duen lehen oztopoa. Emakume independente bat izaten saiatuko da. Bere aurreko estatusera bueltatzeko aukera duenean akats berdina egingo du: bere bizitza gezur baten gainean eraikiko du.

‘Blue Jasmine’ gaur egungo gizartearen isla da: korrupzioa, materialismoa, irudiaren garrantzia, gezurra, berekoikeria… Pelikularen gidoiak egitura ona du: kritikoa da, flashbackak ongi sartuta daude eta protagonista bikaina da. Cate Blanchetten lana pelikularen gauza aipagarrienetako bat da: urduria, izerditsua, begirada galduta du… Aurrera egin baino, pixkanaka hondoratzen doa. Tragikomedia oso bat, entretenigarria, elkarrizketa onekin eta aktore lan nabarmenekin. Allen on bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario