Bat gehi bat... bi?
Erlazionatutako edukia: 'Priosioners' (2013), Azpitituluak euskaraz
‘Incendies’ kolpatzen
zaituen pelikula horietako bat da, bertan ikusitako irudiak eta kontatzen
diguten istorio tragikoa ahaztea zaila da. Denis Villeneuve dugu ‘Incendies’
pelikularen zuzendaria. Drama eta intriga nahasten ditu pelikula bikain
honetan. Protagonisten bizitzak guztiz aldatuko dituen bidai bat egiten dugu ‘Incendies’en,
memorian txertatuta geratuko zaigun bidai bat. Pelikula gogorra, pertsonaia
interesgarriekin, eta zuzendaritza lana eta gidoi ona dituena.
Jeanne eta Simon bikiak dira, notario baten eskutik bi gutun jasoko dituzte.
Amak azken arnasa gutun horietako testua diktatzen gastatu zuen. Gazteen
sorpresarako, hilda zegoela pentsatzen zuten aita eta bere existentziaren berri
ez zuten anaia dira gutunen hartzaileak. Beraz, azken desira gisa, gutun horien
hartzaileak aurkitzea eskatuko die Jeanne eta Simoni.
Jeanne eta Simonek amak eskatutako azken desiraren aurrean ez dute erantzun
berbera izango. Jeanne amaren desira betetzeko prest dago, Simonek aldiz,
aldentzea erabakitzen du. Amarekin zuten harremana ez zen guztiz ona. Bi
gazteek bidai bati ekingo diote, erantzunak aurkituko dituzte, eta errealitatea
onartzea izango da euren aukera bakarra. Bidaia horretan amaren istorioa
ezagutuko dute, eta bere izaera hotzaren zergatia ulertuko dute.
Denis Villeneuven pelikula tragedia bat da,
amaierako biraketan ikusle gisa izan dezakegun erreakzio bakarra protagonistaren
alabak duena izango da. Biraketa efektibo eta harrigarria, eta ikusle gisa
susmatzen genuena. Villeneuvek gutxirekin
asko egiten du: istorioarekin harrapatzen zaitu, arnasa mantentzen duzu datu
berri bat jasotzen dugun bakoitzean. Erraza da istorioan inplikatzea, eta
puzzlearen piezak elkartzen hasten diren unetik draman guztiz sartzea.
Informazioa modu zatikatuan jasotzen dugu flashbacken bitartez; modu horretan
modu zuzenean oraina eta iraganeko gertakari latzak batuz. Pelikularen egitura
gustatu zait.
Duela gutxi Villeneuvek ‘Prisioners’ pelikula estreinatu zuen,
eta laster ‘Enemy’ estreinatuko du,
bere azken lana. Kontuan hartu behar dugun zuzendari bat dela pentsatzen dut.
Bere zuzendaritza lana ikusezina da, plano luzeak dira nagusi, erritmo motela…
Bere istorioetan gatazka familiarrak, drama eta intriga topatuko ditugu, baita
pertsonaien barne gatazkak ere. Pertsonaiek errealitateari aurre egin beharko
diote, norbera da bakoitzaren arerio nagusia. Villeneuvek, gainera, atmosfera
itzelak eraikitzen daki, hori dela eta, bere istorioetan inplikatzea erraza da.
Bortizkeria modu hotzean
lantzen du. Zuzendariak biolentziatik urruntzen da zenbaitetan plano oso
irekiak erakutsiz; beste batzuetan elipsiak erabiltzen ditu eta planotik kanpo kokatzen
ditu zenbait ekintza. Baita, lehen plano batekin noiz hunkitu eta “jipoitu”. Mota horretako erabakiekin, intentsitatez
betetzen du pelikula. Batzuetan, elipsi batek plano esplizitu bat baino inpaktu
gehiago izan dezake.
Izenburuak aditzera ematen
duen bezala, ‘Incendies’-en bi su izango ditugu, eta sute horiek
pertsonaien garapenean eta euren erabakietan eragin zuzena izango dute. Lehena,
autobusean gertatutako istiluak, Nawalentzat inflexio puntu bat izango da.
Bigarrena, umezurztegiarena. Azken horrek istorioan giltzarri izango den
pertsonaia baten patuarekin zerikusia du.
Bilaketa bat, bere istorioa kontatzeko indarrik ez duen ama baten azken desira. Radioheaden musika entzuten dugun bitartean gertatutako hasierako eszena, klabea. Nawal emakume borrokatzaile eta indartsua da. Bere bilaketari amaiera emango dion erantzunarekin kasualitatez topo egingo du. Erantzun benetan gogorra.
Esan bezala, ‘Incendies’ drama itzel bat da, gauzak
txarrera ezin dutela egin pentsatzen duzun bakoitzean, txarrera egiten dute. Bi
gutun, istorio berri bat sortzeko elkartuko diren bi patu. Guztiz harrapatu
nauen pelikula ia borobila.
No hay comentarios:
Publicar un comentario