4/11/13

'Thor: the dark world' (2013)


Iluntasunaren kontrako borroka


Marvelen unibertsoa, edo ‘The Avengers’-en frankiziak, zinema aretoko pantailak akzioz, abenturaz, entretenimenduz eta komediaz betetzen jarraitzen du. Denontzat ezagunak diren superheroi talde bat: Hulk, Captain America, Iron Man… Batzuk besteak baino erakargarri eta interesgarriagoak, baina batera blockbuster familia handi bat osatzen dutenak. Baliteke kontatzen dituzten abenturetarako superheroi gehiegi izatea; euren abenturek, ia beti, patroi eskema bera jarraitzen dutelako. Hori bai, pelikula hauek lortzen dituzten irabaziak ikusita, hurrengo urteetara begira superheroi pelikula mordo bat izango ditugu ikusgai. Gainera, kasu honetan, ‘The avengers’ pelikularen bigarren atalaren estreinuari begira (2015eko maiatzean), pertsonaiekiko interesa mantentzeko modu on bat da.

Superheroi bakoitzak bere berezitasunak ditu, izaeran zein estetikan; eta hori, pelikulen artean egindako keinu zein erreferentziekin batera, arrakasta izatearen gakoetako bat izan daiteke. Orain, Thoren (Chris Hemsworth) txanda da berriz ere; tximistaren jainkoa ipar mitologian. Ez da gustukoen dudan superheroia, baina ez dago gaizki.

Thoren lehengo atala 2011ean estreinatu zuten. Pelikula horren betekizun nagusia pertsonaien aurkezpena egitea zen: Thor eta Asgardeko unibertsoa, Jane Foster (Natalie Portman), gero bere neska izango dena; eta Loki (Tom Hiddleston), Thor-en anaia karismaduna, eta sagaren “plano-lapur” handiena. Kuriosoa da, baina orokorrean, Thor baino, Lokik irabazten du ikuslearen sinpatia.

‘Thor: the dark world’ pelikulan, Thor “helduago” bat ikusten dugu, ez da hain gutiziatsua; baina lehenengoan bezain oldartsua izaten jarraitzen du. Aita Odínek (Anthony Hopkins) nahiko argi du, Thor izango da Asgardeko hurrengo erregea. Thor, aldiz, ez du nahi behatzera mugatzen den errege bat izan nahi, Thorrek akzioa nahi du. Malekith dugu pelikularen maltzurra; antzinako arraza baten liderra. Horren helburua unibertso guztietan zehar iluntasuna zabaltzea da. Thorrek Malekith planak zapuztu beharko ditu. Horretarako, Jane-en eta Loki-ren laguntza izango du. Loki preso dago orain, New Yorken izandako gertakari tragikoak direla eta (modu horretan ‘The Avengers’-ekin konexioa eginez, nolabait).


Aurreko atala baino gatazka interesgarriago bat aurkezten du ‘Thor: the dark world’ pelikulak. Orokorrean, pelikula dibertigarri eta entretenigarria iruditu zait, baina nahiko irregularra bere garapenean. Pelikularen hasieran “konbergentzia” zer den eta nola ematen den azaltzen digute, unibertso guztiak batzen dituen fenomeno bat da; eta ez ohiko fenomeno hori dela eta, momentu batez unibertso batetik bestera mugitzea posiblea izango litzateke. Behin baino gehiagotan azalduko digute fenomeno hori, horregatik hasiera errepikakorra iruditu zait, eta pixka bat aspergarria. Gero, hobera doa.

Akzio eszenak, amaierako borroka salbu, ez dira oso berritzaileak. Familiarra egiten zaigun estetika bat dute gainera (adibidez, ‘Manof steel’, edo ‘Star Trek: into the darkness’ pelikuletan pentsatu dut horiek ikustean). Amaierako batailak erritmo ona du, bizkor pasatzen da eta Marvelen pelikulen ohiko abentura-komedia nahasketa antzeman dezakegu bertan. Pelikularen une onenetako bat da.


 Lehenago esan dudan bezala, Loki Marveleko unibertsoaren pertsonaia interesgarrienetako bat dela pentsatzen dut, azken pelikulak direla eta, Thor bera baino jarraitzaile gehiago dituela esan daiteke, arazorik gabe. Kasu honetan, Loki bigarren plano batean geratzen da, eta pelikularen bigarren erdira arte bere presentzia ez da esanguratsua. Loki barkatzeko gai izango ote da Thor? Lokiren izaera ezin dezakegu aurreikusi, mendekatzailea, gorrototsua… Beti “ilusio” batekin mozorrotuta dabil.

‘Thor: tbe dark world’ pelikularen zuzendaria Alan Taylor da, zineman baino telesail garrantzitsuetan aritu den zuzendaria. Zenbait uneetan eta akzio eszenetan, zuzendaritza lana kaotikoa eta gutxi landutakoa iruditu zait. Zuzendariak ez du arriskatzen, ez dio pelikulari ukitu pertsonala ematen, ezta batailei ere.

Noski, ohikoa den bezala, pelikulak “kameoak” ditu, lehena Stan Leerena, eta bada itzela iruditu zaidan bigarren bat. Baita kredituen osteko eszenak ditugu, kasu honetan bi. Aktoreei dagokionez, Chris Hemsworthek ongi betetzen du Thoren rola; baina Natalie Portmanekin kimika gehiegi ez duela pentsatzen dut; agian era egokiago batean garatu beharko zuten euren erlazioa. Ildo horretatik, Thor eta Lokiren arteko ego-liskarrak interesgarriagoak iruditzen zaizkit.


Pelikularen gauzarik onena bere une komikoak izan dira, espezialki Stellan Skarsgard aktoreanak (nahiz eta “gag” hori gehiegi luzatu) eta Loki eta Thor eszena partekatzen duten uneak (nahiko berandu ailegatzen direnak, zoritxarrez). Txarrena? Pelikulak eskaintzen duen berrikuntza eskasa, azalpenetan galtzen den lehenengo atala eta pertsonaien garapena ilunago batengatik apustu ez egitea.

‘Thor: the dark world’ pelikularen helburua argia da: entretenitzea, eta saltzen digun hori da eskaintzen diguna: akzioa eta komedia. Soilik entretenimendua bilatzen baduzu, pelikularekin primeran pasatuko duzu. Kontran, tituluak iradoki dezakeen gatazka “ilunago” bat bilatzen baduzu, baliteke zure pelikula ez izatea (heroi guztiak ez dira Bruce Wayne). Beste pelikula bat Marvel unibertsoaren baitan, besterik ez. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario