14/11/13

'Take Shelter' (2011)


Beldurra


Erlazionatutako edukia: 'Mud

‘Mud’ pelikula zineman ikusi nuenean istorioarekin, formarekin eta Jeff Nicholsen zuzendaritza lanarekin harrituta geratu nintzen. Nire interesa piztu zuen zuzendariak, eta bere (gaur arte) filmografia eskasa ikustea erabaki nuen. ‘Take Shelter’ zuzendari estatubatuarrak egindako bigarren pelikula da. Kritikaren laudorioak jaso zituen pelikulak.

Michael Shannon, zuzendariaren aktore fetitxea, Curtis LaForche da: estatubatuar langile arrunt bat. Curtis Ohioko herrixka batean bizi da emaztea (Jessica Chastain) eta alabarekin batera. Curtisek amets gaiztoak izan ditu ia gauero, amets horietan ekaitz beldurgarri baten mehatxua sentitzen du. Hasieran amets bat baino ez dena, amaieran ezinegon sentsazio konstante bat izango da, ezin izango du lorik egin. Curtisentzat ametsak errealak izango balira bezala bizi ditu, mina sentitzen du. Pixkanaka ametsa eta errealitatea nahasten hasiko da. Protagonistak naturan jokabide arraroak ikusiko ditu, beldurra sentituko du. Bere familia babestea lehentasuna duen helburua izango da.



Curtisek iragan mingarri bat du. Gaztea zenean bere amak arazo psikologikoak izan zituen, eta hori karga pisutsua da berarentzat. Curtisek bere “bisioak” amaren gaixotasunarekin lotura izango ote duten beldur da, iragan horren beldur. Baina amak ez bezala, Curtisek ez du bere familia bakarrik utziko, borrokatuko du. Curtisek zoratuta ez dagoela sinistu behar eta nahi du, hori lortuz gero, iragana atzean uzteko gai izango da.

Bere familia babesteko, Curtisek babestoki bat eraikiko du, emazteari azalpenik eman gabe. Etxeko lorategian eraikiko duen babeslekuari esker bere ametsetan azaltzen den “ekaitz erraldoitik” babestuko da. Ekintza fisiko hori Curtisek bizi duen egoera pertsonal eta ekonomikoarekin lotuta dagoela uste dut, eta protagonista jasaten ari den barne gatazka horren isla ere dela.


‘Take Shelter’ pelikulan drama eta apokalipsia ditugu. Baina guzti horren gainetik, beldurra dago. Ezezaguna zaigun horri diogun beldurra, kontrolaezina den natura horri; baita iraganari diogun beldurra… Gainera beste beldur batzuk ageri dira, adibidez, lana eta esfortzuarekin lortu dugun guztia galtzearen beldurra, egonkortasun ekonomikoa desagertzearen beldurra… Horregatik, Curtis apurka-apurka bere zuloan hondoratzen joan da (baita ekonomikoki ere). Bertatik ateratzea, ez da erraza izango.

Jeff Nicholsen pelikula geldoa da, atmosfera kezkagarri bat eraikitzen du. Ikusleak Curtisek jasotako informazio bera jasoko du ez gehiago, ez gutxiago. Horregatik, zenbait uneetan galdu gaitezke, zer gertatzen ari den ez dakigulako. Pelikulan natura etengabeko mehatxua da, baina Curtisek beste mehatxu bati egin beharko dio aurre: bere buruari.

Pelikularen gehiengo partean nabaria den erritmo motel hori amaierako gidoi biraketarekin talka egiten du. Amaiera nahasia iruditu zait, bat-batekoa, ez nau guztiz konbentzitu. Esplikaziorik gabekoa, Curtisen ametsak bezala.

Michael Shannon pelikularen protagonista absolutua da, aktorearen lana benetan ona iruditu zait. Modu berekoi batean jokatzen du, inguruan dituenak babesteko aitzakiarekin. Bigarren maila batean Jessica Chastain dugu: emakume sendoa, senarraren jokabide arraro eta “zoroa” ikusten du, baina ezin dezake ezer egin senarra laguntzeko, zer gertatzen zaion ez dakielako. Orokorrean, ‘Take Shelter’ pelikula interesgarria iruditu zait, zuzendariaren hurrengo lana gogotsu itxarongo dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario