11/11/13

'Kiss me, stupid' (1964)


Rol aldaketa


Erlazionatutako edukia: Billy Wilder - monografikoa

Billy Wilderren filmografiarekin jarraituz, zuzendariaren beste komedietako bat aztertuko dugu: ‘Kiss me, stupid’, baliteke komedia oso ezaguna ez izatea, baina ikustaldi bat merezi du. Erritmo bikaina duen pelikula da, entretenigarria da. Gag komikoak bata bestearen atzetik azaltzen dira, atsedenik eman gabe. Pelikularen protagonistak muturrekoak dira, karikaturatik gertu daudela esan dezakegu arazorik gabe. ‘Kiss me, stupid’ Billy Wilder eta I.A.L Diamond gidoilariaren arteko kolaborazio bat da, eta hori komedia egiteko eran antzeman dezakegu: landutako gidoia eta erritmoa izango dira elementu garrantzitsuenak.

Orville (Ray Walston) piano irakasle bat da, arrakastarik gabeko gizona. Emaztea, Zelda (Felicia Farr), Climax herriko emakumeen artean ederrena da. Orville eguna ematen du piano klaseak eta bere adiskide Barneyrekin (Cliff Osmond) batera abestiak konposatzen. Barney herriko gasolindegiaren arduraduna da. Amets berbera dute biek: eurek konposatutako abesti bat saltzea, eta horri esker arrakasta itzela lortzea. Hamarnaka gutun bidali dizkiete abeslari ospetsuei, baina ez dute inoiz erantzunik jaso. Egun batean, kasualitatez, Dean Martin bera gasolindegian geldituko da autoaren depositua betetzera.


Barney eta Orvillek ezin dezakete aukera galdu, errepikaezina delako. Horregatik, croonerraren autoa nahita apurtuko dute. Dean Martinek Climaxen igaroko du gaua, Orvillen etxean konkretuki. Une horretan negoziaketa “eztabaidagarri” bat hasiko da. Orvillek eta Barneyk, Dean Martinen ahulezia zein den badakite: emakumeak. Beraz, abeslariaren arreta deitzeko emakumeak “eskainiko” dizkiote.
Orville ez da gizon atsegina, neurotikoa da eta oso, oso jeloskorra. Emazteak edonoiz etxetik alde egingo duen beldur da, edozein begirada edo keinu inozo iraingarria da berarentzat. Arrazoi horregatik, Zelda Dean Martinen jarraitzaile sutsua dela eta abeslariak emaztea konkistatzen saiatuko dela aurreikusita, Zelda etxetik “botako” du.

Irakasleak Pollyren (Kim Novak) zerbitzuak kontratatuko ditu, egun batez, Polly Orvilleren emaztea izango da. Modu horretan, rol aldaketa horrekin, Orvillek “emaztea” eskainiko dio abeslariari, eta trukean Dean Martinek piano irakasleak konposatutako abesti pare bat entzungo ditu. Baina, zenbateraino inplikatuko da irakaslea rol aldaketa honetan?


Rol aldaketa hori pelikularen puntu interesgarriena izango da, eta komediaren oinarria. ‘Kiss me, stupid’ lizunagoa da bere lehengo atalean eta sentimentalagoa bigarrenean. Billy Wilderrek “amets estatubatuarra” eta moralitate faltsua kritikatzen ditu zeharka, amets bat lortzeko dena onargarria ote da? Pertsonaiek pixkanaka euren rol berriak onartuko dituzte, eta eroso sentituko dira jokoaren parte izanez. Egun batez, beste pertsona batzuk izango dira, eta konplexurik gabe euren instintu primitiboenak askatuko dituzte.

‘Kiss me, stupid’ pelikula ausarta da, baina denboraren igarotzea guztiz ongi jasan ez duela pentsatzen dut. Estreinatu zutenean kritika puritanoak pelikularen kontra gogor egin zuen. Pelikulak fideltasuna eta prostituzioa bezalako gaiak tonu komikoan lantzen ditu. Pelikulak jasotako kalifikazio txarra hobetzeko helbruarekin Wilderrek eszena bat ezabatzea erabaki zuen (DVD-an ageri da eszena hori). Baina Wilder traizionatuta sentitu zen. Eszena hori kendu arren, kritikek hobera egin ez zutelako. Hala ere, gauza bitxia gertatu zen… Hays zentsura kode zorrotza arazorik gabe igaro zuen (zentsoreen ustez ikuslea bera izan behar zen pelikulak erakutsitako moraltasun ezaren epaile).

‘Kiss me, stupid’ pelikulan dena muturrera eramaten da. 1964an estreinatutako pelikula bat zen, baina zuri beltzean egindakoa. Wilderrek aukera zuenean, beti zuri beltzaren alde egiten zuen. Aktoreen lana ona den arren, ez da erraza protagonistarekin bat egitea, pertsonaia gorrotagarria delako (nire ustez). Kim Novak eder azaltzen da, eta Dean Martinek bere buruaren parodia bat egiten du. Joan etorrien komedia bat da, arina eta entretenigarria. Hori bai, pertsonaiek hartutako zenbait erabaki zalantzan jarri dezakegu, baita Zeldak senarrarengatik sentitzen duen miresmena ere.

Beti bezala, amaiera ongi dago. Ez dago zer azaldu behar, biek dakite zer gertatu den. Klimaxera ailegatuko dira, baina nor norekin… hori beste gauza bat da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario