21/11/13

'Persona' (1966)


Kontzientzia eta identitatea


Ingmar Bergman zuzendari pertsonala dela esan genezake. Bere pelikuletan zeharka bada ere bere bizitza erakusten digu, berarentzat esanguratsuak izan ziren gertaera biografikoak, modu horretan bere izaera erakutsiz (“autobiografikoa naiz, noski” baieztatu zuen noizbait zuzendari suediarrak).

‘Persona’ pelikula zuzendariak ospitale batetan izandako esperientziarekin lotuta dago. Bergmanek ia sei ordu eman zituen konorterik gabe anestesiaren efektua zela eta. Denbora horretan, Bergman ez zen erreala zena eta ez zena desberdintzeko gai. Existentzia eta existentzia ezaren arteko sentsazio hori, kontzientzia eta kontzientzia ezaren artekoa zoragarria izan zen zuzendariarentzat. Zuzendariak, sentimendu horretan inspiratuta pelikula bikain eta konplexu hau egin zuen.


‘Persona’ harrapatzen zaituen pelikula da, hasiera poetiko bat duena, loturarik ez duten irudiak erakusten dizkigu Bergmanek, baina esanguratsuak dira bere osotasunean. Eszenatxo horien artean garrantzia berezia edo esanahi berezia izango duen bat ageri da: logela batean Elisabethen irudi lausoa ikusten dagoen ume baten irudia.


Pertsona bat, ala bi?

Bibi Andersson eta Liv Ullman pelikularen protagonistak dira. Liv Ullmann Elisabeth da, antzerki aktore ospetsu bat, “Electra” antzezten zegoenean ahotsa galdu zuen, mutu gelditu zen. Gertakari arraro horren ostean ospitalera eraman zuten. Denbora igaro da, ongi sentitzen da, baina oraindik ez du ahotsa berreskuratu. Bibi Andersson Alma da, erizaina. Elisabeth ez bezala, Alma ez da inoiz isiltzen.

Elisabeth eta Almaren arteko harremana hasieran ez da erraza izango, baina denborarekin lagun onak izango dira. Bien arteko konexioa oso sendoa da, gutxienez Almarentzat. Erizainarentzat Elisabeth eredu bat da, bere burua aktorean islatuta ikusten du. Bere mina uler dezakeen pertsona bat aurkitu du.


Horregatik, erizaina aktorearentzat analisi objektu bat baino ez dela konturatzen denean, euren erlazioa aldatuko da. Aldaketa bitxi bat ematen da, une batez rolak aldatzen dituztela dirudi. Erizainak gaixoa zaintzen du, baina gaixoak baita erizaina zaintzen du. Almak bere sekretu ilunenak kontatu dizkio aktoresari, bere aurrean “biluztu” egin da. Fusionatzen doaz pixkanaka. Elisabethek Alma zainduko du, Alma antzezten hasiko da.

Zer da egia eta zer gezurra? Nor da Elisabeth eta nor Alma? Almak kontzientzia galtzen doala pentsatzen hasten da, errealitatea ametsekin nahasten ditu, kontrola galtzen hasten da. Bere identitatea galdu duela dirudi. Hondartza ondoan duten etxean ez daude mozorrorik, soilik Elisabeth eta Alma. Makillaje gabeko aktoresa eta uniforme gabeko erizaina.


Bikoiztasun eta pertsonaien “fusio” hori forma grafikoan ere islatuta ikusten dugu pelikularen klimaxean. Pelikularen argazki zuri beltza nahiko esanguratsua da, eta aurreko ideia indartzen du: aurpegi erdia izkutatzen duten itzalak, argitasun handiko uneak eszenari ukitu onirikoa gaineratzen diotenak… Hasieran modu argi batean bananduta zegoen hori, pixkanaka batzen doa, bi pertsonaien arteko muga gero eta lausoagoa da. Bi pertsona, ala pertsona bakarraren bi aurpegi?

Bergmanek Liv Ullmann eta Bibi Andersson aukeratu zituen antzekotasun fisikoa dela eta.
Klimaxean gertaeren denboraz eta tokiaz ez gara kontziente. Alma bere identitatea zein den argi duenean, indartsu sentitzen da. Erizain trajeak aurrera jarraitzeko behar duen segurtasun nahikoa ematen dio.

Mina partekatzen dute. Iraganean “zuzena” den horretaz baldintzatuta hartu zituzten erabakiak. Denbora asko daramate antzezten. Bizitza antzerkia/zinema da. Ideia hori, errealitate eta fikzioaren arteko nahasketa, pelikularen aspektu metafilmikoan antzeman dezakegu ere. Zuzendariaren eskua nabaria da. Plano batean ageri da ere. Publikoak pelikula bat ikusten ari dela badaki, gezur bat. Baina ikusle gisa, gezur hori sinesten dugu guztiz.

Zinema, antzerkia, pantaila bat begiratzen duen umea… Zineman aritu aurretik, Ingmar Bergman antzerkian aritu zen. Bere lanetan antzerkiaren influentzia nabari da, adibidez: plano ugari ikuslearen ikuspuntutik hartuta daude, eta nahiko luzeak dira. Bestetik, Bergmanek prozesu filmikoa erakusten du. Pelikula proiektore batekin hasten da, bere “linterna magikoarekin”, eta proiektorearekin amaituko da.

Ullmann eta Anderssonen lana oso ona da. Muturrekoak diren bi paper: Liv Ullmann emakume mutu bat da, eta Bibi Andersson etengabe hitz egiten dagoen beste bat. Biak amaieran aurrez aurre dauden momentua itzela iruditzen zait. Kontraplanoa erabili ordez, bi aldiz ikusten dugu eszena bera: monologo berdina, aurpegi desberdina. Testu baten bi interpretazio.

Bere konplexutasunagatik, garapenagatik, argazki lanagatik, zuzendaritza, aktoreak… Izan eta iruditzearen arteko gatazka, kontzientzia eta kontzientzia eza, norbanakoak bere identitatea galtzearen beldurra… ‘Pertsona’ ikustaldi bat baino gehiago merezi duen pelikula da, ikusitakoaren aurrean zalantzak eta eztabaida piztu dezakeen pelikula horietako bat… Baina, ez al zen hori zuzendariak islatu nahi zuen sentsazioa?


No hay comentarios:

Publicar un comentario