Super-heroien pelikulak une gozo bat bizitzen ari dira, eta hori aprobetxatuz, ekoizpen etxeek Spiderman bezalako pertsonaiari etekina ateratzen jarraitzeko une aproposa dela pentsatu dute. Estreinatu berri den 'The Amazing Spiderman' pelikularen sekuela 2014an estreinatuko da, eta ez hori bakarrik. Interneten badago gero eta indar handiagoa hartzen dabilen zurrumurru bat: Spidermanen presentzia 'The Avengers' pelikularen bigarren entregan.
Lan taldea guztiz aldatu da. Marc Webb da pelikularen zuzendaria eta Andrew Garfield Spidermanen arropak janzten dituen aktorea. Zerotik hasten gara. Peter Parker bere identitatea edo nortasuna bilatzen dabilen nerabea da. Bere gurasoei gertatutakoaren inguruan gehiago jakin nahi du eta kuriositate horrek eramango du hain ezaguna den armiarma-ziztadaren eszenara.
Kasu honetan, pelikulen arteko konparaketa egitea saihestezina da. 'The Amazing Spiderman' super-heroi pelikula ona da. Pelikularen oinarrian, "nor naiz ni" galdera dago, identitatearen bilaketa. Pertsona super-heroiaren aurrean.
Andrew Garfield dugu Peter Parker berria, desberdina eta hobea. Argala, lotsatia, urduria, nahasia. Super-heroia baino, pertsona da. Ez du bere burua ezkutatzen, hau da, pelikulan nahiz eta armiarma-gizonaren trajea jantzita eraman, gutxitan estaltzen du aurpegia. Beraz, pertsona ikusten dugu, eta ez super-heroia. Maskarak ez du pertsona gainditu. Marc Webbek aukeratu duen ikuspuntua gustatu egin zait.
Bestetik, bikote protagonistaren artean dagoen kimika itzela da. Emma Stone eta Andrew Garfield eroso sentitzen dira euren roletan, eta nabaritzen da. Ondo moldatzen dira.
Pelikularen bilauari aldiz, indarra falta zaiola uste dut. Rhys Ifansek bere rola ondo betetzen duen arren, musker maltzurra ez da espero nuen bezain xarmangarria, super-heroien pelikuletan maltzurrek izan behar duten bezala. Zientzialariak boteretsu sentitu nahi du, jainkoa izatera jolasten du hobeto sentitzeko helburuarekin. Botere hori da itsutzen duena.
Ikusteko-efektuak eraginkorrak eta ikusgarriak dira; baina, ez dute ezer berri gaineratzen. Zuzendariak pelikularen alde pertsonalean akzio eszenatan baino gehiago arriskatu du. Super-heroiari dagozkion akzio eszenetan aurreko pelikulen eskema errepikatzera mugatzen da.
Sagarekin berriro hastea proposamen arriskutsua zen. Istorioa nola hasten den denok dakigu, eta hori era desberdin batean erakustea erronka zaila izan da zuzendariarentzat. Marc Webb, 500 Days of Summer pelikula 'indie'aren zuzendaria da, eta 'The Amazing Spiderman' zuzendu duen lehen produkzio handia da. Zuzendariak ondo egin du bere lana, esan bezala, erronka ez zen erraza, eta Peter Parker gizatarrago bat erakustea lortu du jatorrizko pertsonaiaren esentzia galdu gabe. Ez da gutxi.
Pelikula produktu independente gisa baloratu behar da; hots, Sam Raimik zuzendutakoekin ahalik eta gutxien konparatuz. Hori kontuan hartuz, pelikula ona da, Webben lana txukuna eta Andrew Garfieldek Tobey Maguire baino askoz gehiago konbentzitu nau. Orokorrean, pelikula entretenigarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario