George VIak dikzio arazoak zituen, totela zen. Dikzio arazo horren ondorioz, ingurukoek gutxiesten zuten. Erregeak jende aurrean irrigarri geratzearen beldur zen. Monarka gisa, bere zeregin garrantzitsuena, edota, bere betebehar bakarra, diskurtsoak ematea zen. Hura izan zen George VIak antzeztu zuen paper adierazgarriena, "aktore" bihurtu zen eta Bigarren Mundu Gerraren sinbolo. Dikzio arazoa konpontzeko helburuarekin, emaztearekin batera zenbait logopedengana jo zuten, Lionel Loguerekin topo egin zuten arte. Horren metodo bitxiek errege izan nahi ez zuen dukearen dikzioa hobetzen lagunduko zuten.
'Bertie' inurri bat bezala sentitzen zen. Alboan zituen horiek zirikatzen zuten, alde batera uzten zuten errege ona izateko gaitasunik ez zuela pentsatzen zutelako. Adibidez, bada eszena bat non plano "pikatu" adierazgarri bat ikusten dugun: 'Bertie' parlamentuaren aurrean aurkezten den eszena. Ikuspuntu horrek 'Bertie' parlamentuko kideen aurrean txikiagotzen dute, horren aurrean zer esaterik ez duela adieraziz. Pelikularen lokalizazio zabalek efektu hori indartzen dute ere.
Filmak 'Bertie'k bere beldurrak nola gainditzen dituen erakusteaz aparte, monarkia antzerki gisa erakusten du. Hau da, XX. mende hasierako monarkiek boterea nabarmen galdu zuten. Aginte indarrik gabe, herritarren aurrean "antzeztera" mugatzen ziren, eta George VIak bazekien 'aktore' hutsa zela. Erregeak beraz, antzezten ikasi behar zuen bere eginbeharrak betetzeko, beldur zion horri aurre egiteko.
Tom Hooperrek apustu segurua egiten du pelikularekin, ez du gehiegi arriskatzen. Egitura klasikoa duen istorioa kontatzen du. Horregatik, nahiz eta errealizazio perfektua duen pelikula izan, balio handiegia eman diotela pentsatzen dut. Aktoreen lana bikaina da, batez ere Colin Firthena (Oscar saria irabazi zuen). Hooperrek ez ditu klitxe melodramatikorik erakusten, historiako une bat erakustera mugatzen da, non errege batek gehien beldurtzen zion horri aurre egin behar izan zion: herriaren ahots bihurtzeari. Pelikula ona.
Azpitituluak euskaraz: The King's Speech
No hay comentarios:
Publicar un comentario