19/7/12

'Batman Begins' (2005) - Mitoaren lehen pausuak

Beldurra Gotham hiriaren oinarria da. Hiri iluna, zaborrez betetakoa, korruptoa. Gothamen ez dago justiziarako tokirik. Baina, gehien ikaratzen duena beldur gehien ezkutatzen duen hori da.

Bruce Waynek beldurra bere bertute bihurtzen du, ongia eta gaizkiaren artean bereizten laguntzen dio beldurrak. Waynek ez du jendeak erraz ahantziko duen heroia izan nahi, ez ditu dominak nahi. Bruce Waynen anbizioa askoz handiagoa da, justiziaren sinbolo izan nahi du, gaizkileak beldurtuko dituen legenda.

Heroi guztien antzera, Bruce Waynek ibilbide bat jarraitu eta gainditu behar du; hala ere, zenbait heroiekin gertatu ez bezala, Waynek argi du zein den bere identitatea eta bere helburua. Eroriko da, baina beti altxatuko da. Ibilbide horretan Henri Ducard izango da bere mentore. Horrek beldurrei aurre egiten irakatsiko dio, eta borrokalari hotz bat izateko entrenatuko du. Ducardek errugabetasuna gizonen ahulezia dela uste du. Waynek mentoreari aurre egingo dio eta injustiziaren kontrako borroka bere kabuz egingo du. Bakarrik.

Ekintzek pertsonen izaera definitzen dute. Wayne botererik gabeko heroia da. Aberatsa denez, gauzak errazten dizkioten tramankulu arraro eta bitxiak erosi ditzake. Tramankulu horiekin sinbolo bihurtzeari begira hain garrantzitsua den eszenaratzea prestatuko du.


2005ean, Christopher Nolanek publiko eta kritika liluratu zituen Batman super heroiaren komikien moldaketa berri eta ilunarekin. Batman Beginsekin Nolan trilogia bat bihurtu denaren oinarri sendoa eraiki zuen. Nolanen pelikularen ondoren, komikien moldaketa zinematografikoak aldatu egin dira. Hobera egin dute.

Nolanen Batman Christian Bale aktorea da. Beldurrak dituen Bruce Wayne bat eraiki dute bien artean, iragan mingarri bat duena eta horrek bere ekintzak baldintzatzen dituena. Bruce Waynek izaera hotza du. Pelikula akzioz beteta dago eta oinarri dramatiko sendo bati esker Batman heroi serio, sakon eta ilun batean bihurtzen da (aurreko bertsio makaletatik aldenduz). Pelikulan maitasunarentzat lekua dago, heroi guztiek dute bere "neska", baina oraingoan ez da heroiaren motibazio bakarra. Kasu honetan, Bruce Waynen jokaeren arrazoia edo motibazioa indibidualagoa da, pertsonalagoa.

Pelikularen argazkigintza itzela eta landua da, Gotham hiriaren hoztasun eta iluntasuna indartzen duena. Soinu banda Hans Zimmerrek konposatu du, musikak akzio eszenei epikotasun kutsu nabarmen bat gaineratzen die (nire ustez, Zimmer soinu banda epikoen errege da).

Pelikularen aktore taldea ezinhobea da. Christian Balen lanaz aparte, Gary Oldman, Michael Caine eta Morgan Freemanek eszena arrunt bat euren presentzia hutsarekin hobetzen dute. Nolanek pertsonak ondo aurkezten ditu,  ikusleak erraz harrapatzen du horien izaeren muina.

Esan bezala, Nolanek Batman Beginsek superheroien pelikulak produktu serioak izan daitekeela erakutsi zuen. Lehenengo entrega oso ona iruditzen zait, baina bigarrena, The Dark Knight... hobea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario