Umeak zirenean Julien eta Sophie joko horretara jokatzen hasi ziren. Jolasari esker, inguruan zituzten arazoez aldentzen ziren: Julienen ama gaixorik zegoen eta Sophiek egunero klase-kideen irainak jasaten zituen. Hasieran joko inozente bat baino ez dena, amaieran zoramenetik gertu egongo da. Hazi nahi ez duten bi ume dira pelikularen protagonistak. Euren arteko maitasun-gorroto erlazioan ez dago mugarik. Dena posible da. Helburua: euren maitasuna betierekoa izatea.
Jokoa protagonisten bizitzen motorra da, bizirik eta ausart sentiarazten diena. Aldi berean, jokoak aurrean duten horretaz jabetzea eragozten die, hau da, protagonistek zenbaitetan ez dakite sentitzen duten hori jokoaren parte den ala erreala den. Ez die axola elkarri kalte eragitea, ezta ingurukoak kaltetzea ere.
'Amélie' pelikularen influentzia nabarmena da 'Jeux d'enfants' pelikularen zenbait elementutan: saturatutako kolorea, off ahotsaren erabilera, ipuin ukitua... Protagoniesten haurtzaroa bizitzaz beteta zegoen, eta hala adierazten dute atal horri dagozkion kolore biziek. Hazten joan heinean, bizitasun hori desagertzen doa, eta berreskuratzeko bide bakarra jolasten jarraitzea da.
Pelikulak forma landua du eta hori zenbait eszenen zehaztasunetan nabaritzen da. Adibidez, Sophie eta bere senarra egongelan dauden eszenan ("spoilertxoa"). Horretan, Sophiek jokoaren oinarri den kutxa hartu eta logelatik kanpo botatzen du. Kutxa logelatik aterako dela dirudienean, ate-kolpe txiki batek kutxa berriro logela barrura sartzen du. Kutxa horrek iragana, jokoa, haurtzaroa eta Julien eta Sophieren maitasunaren sinboloa da. Sophiek iragan hori albo batera uzten saiatzen da keinu horrekin, baina dirudienez, Julien eta Sophieren maitasun-gorroto istorioak oraindik zer esaterik du.
Pelikularen amaiera presazkoa iruditu zait, izaugarri erromantikoa eta inozoa aldi berean. Pelikula erromantikoa da, originala protagonisten ekintzen planteamenduari dagokionez, hala ere, lehen aldiz ikusi nuenean gehiago liluratu ninduen pelikulak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario