Oraingoan, kirola eta pertsonaiek dituzten zalantzak parekatuta daude. Adibidez, badira zenbait pelikula non boxeoa (edo beisbola, futbola, errugbya...) aitzakia hutsa den, horietan garrantzitsuena pertsonaiek dituzten zalantza etiko eta moralak dira (adibidez, 'Million Dolar Baby'-n). 'The Fighter'en aldiz, kirol txapelketa, lehia eta aurrera egiteko borroka pertsonala maila berean daude, batera doaz.
Pelikularen familia protagonista nahiko bitxia da. Ama da familia horretan guztia kontrolpean duena, hariak maneiatzen dituena. Pertsonaiek ez dute bizitza erraz bat izan, ezta ere erosoa. Egunero bizirauteko borrokatu behar dute. Berea dena babesten dute, eta gauza guztien gainetik, bere ingurukoak. Batzuetan umiltzetik hurbil dauden arren, ez daude euren duintasuna galtzeko prest.
Garaipen bat merezi duten galtzaile talde bat dira. Bizitzaren kolpeak jasaten dituzte etengabe eta noizbait garaile sentitzea merezi dute. Pelikula benetako gertaeretan oinarrituta dago, benetako pertsonetan. Mark Wahlberg Micky Ward da, gorputza, txapeldun izan nahi duen boxeolaria. Christian Balek, aldiz, Dicky Eklund boxeo legenda ohia gorpuzten du, burua. Pertsona pixka bat inozoa, drogazalea, eta ringera bueltatzeko itxaropena inoiz galdu ez duena.
Micky Wardek txapeldun izan nahi du, bere anaiak behin sentitu zuena bizi nahi du. Familia eta herria harro dago Dicky Eklundek duela zenbait urte lortu zuen garaipenagatik. Dickyk anaiari entrenatu eta berak inoiz lortu ez duena lortzen lagunduko dio. Hori dela eta, Dicky baztertuta sentitzen da. Dicky eta Mickyren arteko erlazioa garrantzitsua da, bi motatako leialtasuna nabaritzen dugu horretan: familiartekoa eta entrenatzaile-ikaslearen artekoa. Gauzak ahal bezain ondo joan ez arren, Dicky pertsona alaia izaten jarraitzen du, albokoak beti laguntzen saiatzen dena.
Zenbait kritikek adierazten duten bezala (ados nago gehienekin), David O. Russellek garrantzia gehiago eman dio pelikularen formari (oso ona), narrazioaren edukiari baino. Horrek pertsonaiek sor dezaketen interesa behar bezala ez aprobetxatzea eragin dezake. Baliteke pelikularen protagonista pertsonai okerra izatea, hau da, Micky Ward baino askoz interesgarriagoa delako Dicky Eklund (Bale), bigarren mailako pertsonaia. Pelikularen indarra sekundarioen lanean aurkitzen da.
Mark Wahlberg pelikularen ekoizleetako bat da; eta, proiektuan guztiz inplikatu zen, ez zen borroka erraza izan. Nire ustez, pelikulak ez du garaipen epiko bat narratu nahi, pelikulak egunez egun protagonistak aurrera egiteko duten gogoa erakutsi nahi du. Pelikularen forma da elementu adierazgarriena. Ia denbora gehiena kamara eskuan hartuta grabatutakoa, pelikulak formatu desberdinak nahasten ditu modu koherentean: zinema, telebista eta dokumentala. 'The Fighter' pelikula ona da hainbat elementuengatik: aktore taldearen lan bikaina, zuzendariaren lan ona eta soinu bandaren aukeraketa (horretan Led Zeppelin, Red Hot Chilli Peppers edota Aerosmith entzun ditzakegu), besteak beste.
No hay comentarios:
Publicar un comentario