Gotham Hiriko gaizkile guztiak kartzelan daude Dent Legeari esker. Dent Legearen oinarrian gezurra dago, Batman gaizkile bihurtu zuen gezurra. Gothamen bakea eta ordena da nagusi. Lasaitasun hori ikusita, Bane mertzenarioa Gothameko hiria suntsitzen saiatuko da. Gotham, berriz ere, sutan egongo da.
Dent Legea dela eta, Bruce Wayne bere burua bitzitza sozialetik isolatu du. Hala ere, azken gertaerak direla eta, Banek sortutako kaosa ikusita, Batmanen jantzia berriro jartzera behartuta egongo da. Gothamek, berriz ere, heroi baten beharra du.
Heroi eta gaizkilearen arteko borroka ez da alde fisikora mugatuko. Banek Batmanen arimara zuzenduko ditu bere erasoak. Denbora igaro da eta Waynek ibilbidean ikasitakoa praktikan jarriko du: beldurrak gaindituko ditu eta erruki sentimendua gorrotoan bilakatu du. Waynek ez du beldurrik, galtzeko ezer ez duelako. Sinboloa, legenda birjaio eta Gothamera bueltatuko da, modu benetan epikoan. Justiziaren sinbolo bihurtzea lortu behar du berriz ere, irudi txarra "garbitu" behar du Gothameko hiritarren aurrean.
Gaizkiaren kontrako borrokan Batman ez da bakarrik egongo. Helburua lortzeko Gordonen (Oldman), Foxen (Freeman) eta pertsonai berrien laguntza izango du: Catwoman (Hathaway eta Balen arteko kimika oso ona da) eta Blake (Gordon-Levitt). Bigarren mailako aktore guztiek betekizun bat dute. Ondo eraikitako lan taldea da.
Pelikularen hasierako eszena itzela da! Beti bezala oinarri dramatikoa sendo eta iluna da. Ibilbidea amaierara heltzen da, eta horretarako Christopher Nolanek pelikula epiko, hunkigarri eta borobila zuzendu du.
'The Dark Knight Rises', 'Batman Begins'-etik hurbilago dago, 'The Dark Knight' pelikulatik baino. Hirugarren eta azken atal hau ez da bigarrena bezain korapilatsu eta konplexua, baina horrek berdin dio. Pelikula bikaina delako.
Christopher Nolanek oso entretenigarria den trilogia zuzendu du, heroitasunaren inguruko planteamendu desberdina eskaini diguna. Beldurra, iragana, ongia eta gaizkiaren arteko borroka, sinboloen beharra eta zulotik ateratzeko itxaropena ez galtzea dira, besteak beste, hiru pelikulek landu dituzten gaiak.
Hiru pelikulekin, Nolanek, Batmanen istorioa eta superheroien generoa errealismo eta seriotasunez landu ditu etorkizunari begira jarraitu beharreko pausuak adierazi ditu. Eskerrik asko Nolan!
No hay comentarios:
Publicar un comentario