30/7/12

'Inception' (2010) - Ziba eta amaiera

Inception’ ikusi nuen lehen aldia pixka bat galduta sentitu nintzen; bigarren ikustaldia egin ondoren, pelikularen prozesua eta pertsonaien jarduna askoz hobeto ulertu dut. Hori bai, amaierak oraindik eztabaida pizten duela uste dut. Christopher Nolanek modu bikainean zuzendu zuen pelikula. ‘Inception’-en zientzia fikzioa, thrillerra eta intriga nahastuta daude. Pelikula ametsen eta oroitzapenen mundura egindako bidai entretenigarria da. Nire ustez, pelikularen planteamendua ez da guztiz filosofikoa; hau da, ez dut uste Nolanen helburua ikusleak ametsen inguruko gogoeta egitea izatea. Pelikularen helburu nagusia entretenitzea da, ikuslea maila desberdinetan murgiltzea eta ikusten ari garen horretan inplikatzea. Pelikula ikuslearen buruan sartzen da, eta egin dezakegun gauza hoberena, istorioak kontatzen digun horri jarraitzea da.

Cobb (Leonardo DiCaprio) eta bere taldekide leialak pertsonen subkontzientean murgiltzen dira, bertan subjektuak lo dauden bitartean, horien ideiak lapurtzeko. Oraingoan duten bete beharra beste bat izango da, Cobb eta bere taldeak ez dute ideia bat lapurtu behar. Kontrakoa egin behar dute, hau da, pertsona baten subkontzientean ideia bat txertatu.


Cobb pertsonai konplexua da. Ixteko gai ez den zauri bat du; ezin dezake iragana, oroitzapen mingarriak, atzean utzi. Aurrera egiteko, mina gainditu beharko du. Cobbek bere emaztearen heriotzaren erruduna dela pentsatzen du. Erruki sentimendu horrek bere lanean eragina du eta inguruan dituen pertsonak arriskuan jarriko ditu. Pelikulan, ametsak mailaz maila igarotzen ditugun heinean, Cobben iraganean murgiltzen goaz.

Inception’ pelikula narratiboki korapilatsua da, lehen ikustaldian guztiz ulertzea zaila suertatzen da. Gidoia konplexua da, eta pelikulan zehar Nolanek, pertsonaien bidez, ideia bat norbaiten subkontzientean nola txertatu behar den behin baino gehiago azaltzen duen arren, kontzeptua gaizki ulertzea posible da. Ametsetan gero eta sakonago murgilduta, gero eta zailago da errealitate eta ametsen artean bereiztea.

Inception’  pelikula irudiei dagokionez itzela iruditzen zait. Borroka eta akzio eszenak oso onak dira, adibidez, hotelean grabitaterik gabe egindako borroka. Zer esan dezaket soinu bandaren inguruan… Zimmerrek konposatu du eta ‘Time’ izeneko pista leitmotiv bikaina dela pentsatzen dut. 
Pelikula oso ona dela pentsatzen dut, aktore taldea jada “Nolan familiaren” parte dira. Adibidez, pelikulan Michael Caine, Tom Hardy, Joseph Gordon-Levitt, Marion Cotillard, Ken Watanabe eta Cillian Murphy parte hartzen dute. Horiek guztiek Nolanek zuzendutako Batmanen trilogian ere parte hartu dute. ‘Inception’ pelikulak ikustaldi bat baino gehiago merezi duen lana da.

Ziba eta amaiera (spoilerrak)

Badira zenbait pelikula non detaile txiki batzuk nahikoak dira eztabaida amaigabe bati hasiera emateko. Adibidez, Ridley Scotten ‘Blade Runner’  maisulanean halako zerbait gertatzen da. Scotten pelikulan, adarbakar baten planoa edota Rick Decardek noizbait begietan duen distira nahikoak dira Deckard benetan gizakia ala androide bat den zalantzan jartzeko. ‘Inception’ pelikulan antzeko zerbait gertatzen da. Nolanen pelikularen amaieran Cobb errealitatera bueltatu ote den galdetzen dugu, elementu baten ondorioz, errealitatean dagoen dudan jar dezakegulako: ziba.


Azken eszena klabea da. Pelikulan Cobbek emazteak ziba nola biratzen zuen kontatzen digu errealitatean ala amesten ari ziren jakiteko. Ziba gelditu edo eroriz gero, errealitatean zeuden; zibak biratzen jarraitzen bazuen, erori gabe, amets batean zeuden.

Pelikularen azken eszenan, Cobbek ziba biraraziko du baina seme-alabak gizonaren arreta deitzen dute une horretan. Azkenean, Cobbek oroitzapenetatik ihes egiten zizkioten aurpegiak ikusten ditu, ziba biratzen jarraitu bitartean. Une horretan, pelikula amaitzen da.

Cobb amets batean egonez gero, zibaren bira perfektua izango litzateke, ez litzateke inoiz geldituko. Errealitatean badago, aldiz, ziba okertu edo eroriko litzateke. Planoan, ziba apur bat okertzen dela ikusten dugu, dar-dar egiten duela, eroriko dela dirudi. Hori horrela balitz, Cobb errealitatean legoke.

Eraztunaren teoria. Badago beste teoria bat, ezkontza eraztunarekin zerikusia duena. Arreta handia jarri behar da eraztunaren kontuaz ohartzeko. Teoriaren arabera, Cobbek ezkontza eraztuna jarrita daraman uneetan amets batean dago; eraztunik eramaten ez badu, errealitatean. Horren arabera, Cobb errealitatean dago ere. Bideoan hobeto azaltzen dute: 



“Funtsezkoena Cobb une horretan ziba begiratzen ez dagoela da. Orain ez dio axola”. Nola ez, norbaitek amaierari buruz zeozer esan behar badu, hori, pelikularen zuzendaria da. Christopher Nolanen erantzuna anbiguoa da, ez du eztabaida guztiz argitzen baina garrantzitsua da dioena. Nolanek dioen bezala, Cobbi jada ez dio axola ziba biratzen jarraitzen duen ala ez jakitea, garrantzitsuena seme-alabak ikusi ditzakeela da. Cobbek aurrera egin du, iragana atzean uztea lortu du.

Inception’ pelikularen inguruko eztabaida gehienek, Cobb errealitatean dagoela adierazten dute (Michael Caine aktoreak berak hori defendatzen du ere, pelikulan Cobben aita gorpuzten du). Zalantza beti egongo da hor, ez da guztiz desagertuko.

Errealitatea ala ametsa? Eztabaida irekita dago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario