29/7/12

'Chariots of Fire' (1981) - Garaipena eta Olinpiadak

Baliteke pelikula honen hasierako eszena zinemaren historiaren eszena ezagunenen artean kokatzea. Vangelisek konposatutako soinu banda nonbait entzuten dudan bakoitzean, itsasertzetik korrika dabilen kirolari taldearen irudiak burura etortzen zaizkit. Eszenak, eta batez ere, soinu bandak, 'Chariots of Fire' garaipenaren eta kiroltasunaren ikono bihurtu dute.



Lehen Mundu Gerraren ostean, Harold Abrahams eta Eric Lidell 1924ko Pariseko Olinpiadetan parte hartzeko prestatzen dira. Abrahams judutarra da, anbizioa du eta harroputza da. Horrek bizitzan duen helburu bakarra irabaztea da, berarentzat lasterketa batean galtzeko entrenatzeak ez du zentsurik. Garaipena lortzeko desira da Abrahamsen bizitzaren motorra. Bere helburua, esan bezala, guztien artean hoberena izatea. Abrahamsek bere herrialdea ordezkatzen duela dio eta horren alde borrokatzen duela; nire ustez, bere buruaren aurka borrokatzen du beti. Eric Lidell eskoziarra da, misiolaria eta oso katolikoa. Garaipena da horren natura. Pixka bat harroputza da ere. Lidellek bere Jainkoagatik korrika egiten duela baieztatzen du.

Nahiz eta erlijio desberdinen jarraitzaile izan, Abrahams eta Lidellek komunean dute kirolarekiko pasioa. Bestalde, garaipenari dagokionez, kontzeptu desberdinak dituzte. Batek garaipenaren tristura islatzen du (behin lortuta, zer egin?), bestea garaipenaren sentimendu jainkotiarraren isla da. 


'Chariots of fire' atletismoa eta erlijiotasuna konparatzen dituen pelikula da. Norbanakoak inposatutako helburuak lortzeko iraunkorra izatea funtsezkoa da. Bi atletek, zalantzak dituzten arren, ez dute inoiz garaile suertatzearen itxaropena galduko. Fair playaren alde apustu egiten duen pelikula da eta norbanakoen printzipioak edozein garaipen posiblearen gainetik daudela erakusten du ere pelikulak.


Hasieran, izaera koral bat duen pelikula dirudi, baina ez. Pelikula pixka bat geldoa dela uste dut, eta hasierako flashbackek pertsonaiak identifikatzen lagundu ordez, oztopatzen dutela iruditu zait. Oso zuzena den pelikula da, gehiegi agian. Une hoberenak kamera geldoan grabatutako lasterketak dira, pelikula zinemaren historiako pieza bihurtu duten eszenak. Kirol pelikula ona da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario