28/10/12
'Argo' (2012) - Ben Affleckek zuzendutako erreskatea
(!) Oscar Sariak 2013: 'Argo'-k 7 izendapen lortu ditu: Pelikula onena, Gizonezko bigarren aktore onena (Alan Arkin), Moldatutako gidoi onena, Muntaketa onena, Soinu banda onena, Soinu onena eta Soinu efektu onenak.
Thrillerra, intriga, akzioa, drama, komedia... asko dira 'Argo'n ageri diren genero zinematografikoak. Ben Affleckek zuzendutako hirugarren film luzea dugu 'Argo'. Aktore-zuzendariak pelikulan era koherente eta eraginkorrean nahasten ditu aipatutako genero horiek, eta kontuan hartzeko zuzendaria dela argi eta garbi uzten digu berriz ere. Zuzendaritzan aurkitu du Ben Affleckek bere tokia, eta ez du batere gaizki egiten.
1979an, CIAk Kanadako gobernuaren laguntzarekin, Iranen erreskate-operazio bat aurrera eraman zuten. AEBek Teheranen zuten enbaxadan iraniar talde batek okupatu zuen. Bertan zeuden langile gehienak atxilotu zituzten iraniarrek, sei izan ezik. Sei pertsonek enbaxadatik ihes egitea lortu zuten, eta kanadarren enbaxadara hurbildu ziren babes eske. Hala ere, ihes egitearen ideia ez zen hasiera batean pentsatu zuten bezain ona izan. Sei pertsona horien ihesaldiaren berri dutenean, espioiak izatea leporatu zieten iraniarrek, hau da, sei estatubatuar horiek aurkitzekotan, seguruenik, hilko zituzten. Iheslariak, "gonbidatuak" izatera igaro ziren.
Arazo gehiago saihesteko helburuarekin, eta Kanadako gobernuarekin kolaboratuz, sei estatubatuarren erreskatea antolatu zuen CIAk. Une horretan pelikularen protagonista ezagutzen dugu: Tony Méndez (Ben Affleck), erreskate operazioetan aditua.
Zenbait aukera aztertu ondoren, 'Argo' izenburua izango duen eta inoiz grabatuko ez duten zientzia-fikziozko pelikularen ekoizpena aitzaki gisa erabiltzea, proposatutako ideien artean hoberena zela erabaki zuten. Makillatzaile ospetsu baten eta Hollywoodeko ekoizle baten laguntzarekin, "zirkoa" eraikitzen hasten dira. Tony, beraz, Iranera joango da, "lokalizazio" bila. Gero, Iranetik bueltatu ahal izateko, sei estatubatuarreri identitate berriak emango dizkiete, eta pelikularen lan taldea osatuko dute: gidoilaria, produktorea, zuzendaria... e.a. Detaile txikienak ere operazioa pikutara bidali dezake, eta hori gertatzekotan, ondorioak latzak izango lirateke.
'Argo' zirraragarria da, hunkigarria, tentsioa du, dibertigarria da, serioa, entretenimendu ona... Tentsioa konstantea da eta intrigaren kodeak era bikainean erabiltzen ditu Ben Affleckek. Aireportuko eszena, pelikularen klimaxa, horren muntaketa klasikoa eta oso ona dela pentsatzen dut. Ben Affleck zuzendari ona dela argi dago. Gainera, pelikularen aktore taldearen aukeraketa benetan ona da: bale, Ben Affleckek ez du Tony Mendezen antza, baina gainontzeko aktoreek interpretatzen dituzten pertsonekin duten antza ikaragarria da (amaierako kredituetan ageri da hori).
Ben Affleckek erabilitako artxibo irudiek eta lortutako girotzeek pelikulari errealismo kutsu nabaria ematen diote (nahiz eta erreskatea gauzatzeko aitzakia tontakeria bat iruditu). Ben Afflecken helburuetako bat Teheranen bertan grabatzea izan zen, baina AEBetako gobernuak ideia hori burutik kentzeko gomendatu zion zuzendariari (oraintxe bertan Iran eta AEBen arteko erlazioak baliteke 1979an zutena baino tentsio handiagoa izatea). Beraz, Affleckek ideia hori bere burutik ezabatu zuen.
'Argo' pelikula oso ona iruditu zait, akats gutxi dituena. Seguruenik, datu historikoak ez dira errealitateari guztiz fidelak izango, baina beno, hori barka daiteke. Ikustea merezi duen pelikula da, baita Ben Affleckek zuzendari bezala egindako eta jarraituko duen ibilbidea. Esan bezala, gustatu zait, entretenigarria da, asko.
Pelikulan behin baino gehiagotan entzuten dugu izenburuarekin egindako "hitz-joko bat", gaztelaniaz "Ar-goderse", ingelesez "Ar-Go Fuck Yourself". Nola izango litzateke euskaraz? Proposamenik?
Azpitituluak euskaraz
Etiketak
70ko hamarkada,
Alan Arkin,
Argo,
Ben Affleck,
Bryan Cranston,
Drama,
Intriga,
John Goodman,
Oscar Sariak 2013,
Politika,
Scott McNairy,
Terrorismoa,
Thrillerra
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario