Kritika honek spoilerrak ditu. Ikusle askoren ustetan, ‘Looper’ pelikula zientzia-fikzio generoaren klasiko bihurtzeko sortu da, ‘Blade Runner’ Ridley Scottek zuzendutako maisu-lanarekin konparatu dute batzuek (gehiegizkoa iruditzen zait konparaketa hori). ‘Looper’ entretenigarria da, konplexua, maneiatzeko erraza ez den gidoi bat du pelikulak. Pelikulak planteatzen duen dinamikan, labirinto zirkularrean, behin sartuta (pelikularen protagonistak behin baino gehiagotan azaltzen du Looper baten lana eta denbora-bidaien nondik norakoak), ez dago arazorik. Pelikula akzioa eta thrillerra nahasten ditu, zine beltzaren zenbait elementu antzeman ditzakegu ere, adibidez: galduta dagoen heroia, zaurituta dagoena. ‘Looper’ ez da entretenimendu hutsa, Looper askoz gehiago da.
Looper pelikulan orainak eta etorkizunak talka egiten dute. Oraina 2044.urtean kokatzen da; etorkizuna, aldiz, 2074an. Istorioaren protagonista Joe da, ‘Looper’ bat, hiltzaile bat. Horren ardura, etorkizunetik orainera bidaltzen dizkioten biktimak hiltzea da. 2074an denbora-bidaiak asmatu zituzten, baina sortu eta berehala ilegalizatu zituzten. Orain soilik mafiek erabiltzen dituzte euren biktimak iraganera bidaltzeko eta horien arrasto oro ezabatzeko. Bertan, 2044ean , erlojua eta arma kargatuta eskuartean dituela, zain dago Joe. Biktimak ailegatu eta berehala, ondo-ondotik tirokatzen ditu Joek. Hori da Looper baten egitekoa, “etorkizuneko zaborra garbitzea”. Dena okertu egingo da Joek jasotzen duen bidalketa bera dela ikusten duenean (“etorkizuneko Joe”). Bere buklea ixteko unea heldu da. Nolabait bere burua hiltzeko ardura izateaz aparte, desberdintasun txiki bat dago: biktimak beti eskuak lotuta eta burua estalita dute, baina oraingoan ez. 2074ko Joek, eskuak aske ditu eta aurpegia agerian du. Horretarako arrazoi bat dago.
2044ko Joe
(Joseph Gordon-Levitt)
Joe “Looper” bat da, hiltzaile bat, drogazalea, hotsa eta
egunero errutina berbera jarraitzen duena. Janzkera “retro” bat darama, eta
izaera harroputz xamarra ageri du. Bere bizitza bizitzera eta bere lana
betetzera mugatzen da, ez du bestelako helbururik. Pixkanaka Joe bere lankideek
euren bukleak nola ixten doazen ikusiko du (hau da, bere etorkizuneko pertsona
jaso eta hiltzen dute buklea ixteko). Hala ere, Joeri bere “etorkizuneko
pertsona” bidaltzen diotenean, zerbait gertatzen da. “2074ko Joe” aurpegia
agerian du, defendatzen da, eta ihes egitea lortzen du. Kaosa hasten da. Joe
gazteak, 2044koa, bere “etorkizuneko Joe” aurkitu eta hil beharko du, hori egin
ezean, bere nagusiak atxilotu eta torturatuko du. Hau da, 2044ko Joe hiltzaile eta biktima izango da. Joek 2044an egiten dituen akzioek Joe helduaren
oroitzapenetan eragin zuzena izango dute, Joe gaztearen ekintzek bere
etorkizuna aldatu eta zehaztuko dituztelako.
2074ko Joe
(Bruce Willis)
2074an, Joe ezkonduta dago, pozik bizi da bere
emaztearekin etxe dotore batean. Joeren bizitza erosoa den arren, 2074ko gizartea
idilikoa izatetik urrun dago. “Fundatzailea” ezizena duen pertsona batek bukle
guztiak ixten dabil, helburua: Looperak noizbait existitu izanaren froga
guztiak ezabatzea (amaieran jakingo dugu, fundatzailearen jokabidearen arrazoia
mendeku gogoa dela). Joeren lasaitasuna ustekabean apurtzen da, abisurik gabe
bere etxean sartu eta atxilotzen dutenean. Fundatzailearen agindua jarraituta, Joeren
buklea ixteko unea heldu da, horregatik Joe 2044ra bidaltzeko ardura dute gizon
horiek. Joe harrapatzen saiatzen diren bitartean, zoritxarreko tirakada baten
ondorioz, Joeren emaztea hil egingo dute. Une horretan Joeren helburuak
aldatzen dira. Bahitzaileei aurre egingo die Joe helduak, eta 2044ra bidaiatzea
erabakiko du, boluntarioki. Joeren helburua etorkizuna aldatzea izango da,
emaztea hiltzea saihesteko. Boluntarioki denbora-makinan sartzea da eskuak lotu
gabe eta aurpegia agerian izatearen arrazoia. Horregatik ihes egitea lortzen
du. Joe helduak 2044an duen betebeharra ondokoa da: 30 urte geroako
fundatzailea izango den umea hil behar du.
Joe gaztea eta Joe heldua biltzearen arrazoia fundatzailearen
bilaketa izango da. Buklea ixteko modu bakarra dago, sakrifizio bakarra izango
da oraina eta etorkizuna aldatuko duena. Sakrifizio bakarra da egokia. Baina
zein?
Agian ez da bide egokiena pelikularen nondik norakoak azaltzeko aukeratu dudana, baina Joe bakoitzak helburu zehatzak dituela zehaztu
behar dela pentsatzen dut. Bada pelikulan bereziki gustatu zaidan elementu bat,
bortizkeriaren tratamendua, batzuetan esplizitua, besteetan elipsiekin
egindakoa. Adibidez, badira oso desatseginak diren bi une, baina soilik
bortizkeriak eragindako ondorioak ikusten ditugu horietan, modu leunago batean,
edo gutxienez, odol gutxiagorekin. Bata, Seth (Joe gaztearen laguna) jasaten
duen tortura da, eszena honetan berez ez dugu tortura ikusten baina bai
torturak eragindako ondorio fisikoak. Etorkizuneko “Seth” deskonposatzen doa
ikuslearen aurrean oraineko Seth jasaten ari dituen “mutilazioak” direla eta.
Bestea, Joe helduak ageri dituen orbainak. Orbain horiei esker nora jo behar
duen jakingo du, baina orbain horiek egoteko, zauria egon behar da lehenago
(Joe gazteak nahita egindakoa).
‘Looper’ pelikularen aurrean ez dago indiferentziarik,
gustatu ala gorrotatu egingo duzu (‘Drive’ pelikularekin gertatzen den bezala). Pelikula
gustatu zait. Denboraren erabilpen konplexua egiten du, aktoreak nahiko ondo
daude: Gordon-Levitten karakterizazioa zalantzagarria izan daiteke baina
gustatu zait bere begirada eta hoztasuna, Bruce Willis oso eroso dago bere
rolean eta Emily Blunten presentzia nahikoa da pelikula bat hobetzeko. Looper
amaiera bat behar duen buklea da. Joe heroi bakartia da, zauritua, minduta,
hotza. Bere eskuetan beraren eta ingurukoen etorkizuna dago. Ikustea merezi
duen pelikula da.
PD: Zergatik azken plano hori? Zergatik sortu bideragarria eta posiblea ez
den zalantza bat? Pelikula ondo itxi du Rian Johnsonek, baina, plano hori,
soberan dago.
Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
Euskaraz itzuli dut yujuuuu... http://azpitituluak.com/euskaraz/1352528669
ResponderEliminarThriller bezala ondo dago, eta bere konplexutasunean, tira, jarraitzen da intrigarekin. Hain hiper-konplexua ere ez da, 14 urteko semeak ondo jarraitu du. Blade Runner ez da, eta Drive-ren hoztasun eta dotorezia ez du, nire iritziz.
Denbora bidaietako peli guztiek bezala, ezinezkotasunak igartzen dituzu gidoian, baina kasu honetan igual beste batzuetan baino gehiago. Uste dut paradoxak hobeto kudeatzen dituela Cronocrimenes-ek (Vigalondo) eta baita Men in Black 3-k (aurtengoa, asko gustatu zitzaigun etxekooi).
Terminologiari buruz: Loop begizta itzultzen dute informatikari euskaldunek. Nik 'begiztari' asmatu dut itzulpenerako. Zuk diozun Fundatzaile hori... "fundador" esaten diote gaztelerazko bikoizketan? Ze txirene! Rainmaker da originalean, eta nik Eurigilea deitu diot. :-)
Rainmaker??? jue... Ez nekien, itzulpen txarra benetan,kritikan jarri dudan bezala "Fundador" hitza erabiltzen dute gaztelaniazko bikoizketan... enfin.
EliminarEz da Blade Runner, ez da Drive. Baina kontuan hartzeko pelikula dela uste dut. Eskerrik asko iruzkinagatik! Oraintxe gehituko dut linka sarreran!