Urteak igaro dira pelikula hau lehen aldiz gomendatu zidatenetik. William
Hurt eta Raul Julia dira ‘Kiss of the spider woman’ dramaren protagonistak. Gomendatu
zidatenean, pelikula bilatzen hasi nintzen baina ez nuen emaitzarik lortu,
oraindik ez zegoen salmentan. Pelikula ikusteko aukerarik ez nuenez, Manuel
Puig idatzitako eta pelikularen oinarri den liburua irakurtzea erabaki nuen.
Liburua irakurri eta pare bat urte geroago, kasualitatez, pelikula telebistan
eman zuten, kalitatea onena ez zen arren, azkenean, ikusi nuen.
Orain bilaketa “zinefilo”
honekin amaitu dut, pelikula Blu-Rayn aurkitu dudalako. Istoriotxo pertsonal
honen ondoren, FilmAffinity orrialdean idatzitako kritika nire gune “zinefilora”
mugitzeko unea dela pentsatu dut.
‘Kiss of the spider woman’ moldaketa zinematografikoan kartzela gela
partekatzen duten bi presoen erlazioan oinarritzen da: batetik Luis Molina
(Oscar saria irabazi zuen William Hurtek), homosexual da eta adingabeko
galbideratzea leporatuta atxilotu dute; bestetik Valetin Arregui (Raul Julia)
dugu, preso politikoa. Molina eta Arregui dira istorioaren zutabeak. Talka
egiten duten pertsonaiak dira, balore desberdinak defendatzen dituzte, hala
ere, bestearen baloreak errespetatzen ikasiko dute.
Arreguik norbanakoaren askatasuna aukeratzen du existentziaren motor gisa,
Molinak aldiz, maitasuna. Errealitatetik ihes egiteko, Molinak 30.hamarkadko
zine naziaren istorioak kontatu eta antzezten dizkio Arreguiri.
Fikziozko abeslari frantsesarekin gertatzen den bezala, Molinak baita bi
bandoen alde egiten du, beti ere, bere interesei begira: Arreguiren alderdiaren
inguruko informazioa lortzeko manipulatzen du kartzelaren zuzendariak, horren
truke, Molinak Arreguirentzako janaria lortuko du, eta baldintzapeko
askatasunaren aurrerapen posible bat. Nolabait, Molina ez da errealitatean
bizi, makillajearekin eta bere pelikulekin ezkutatzen baitu bere errealitatea.
Molina bere sarean harrapatuta dagoen eta ihes egin nahi duen “emakume
armiarma” da. Guztiaren gainetik maitasuna defendatzen du Molinak; Arreguik,
aldiz, askatasuna. Batera igarotzen dituzten egunetan bestearengatik ikasi
egingo dute, adibidez, duena baloratzera eta errepresioa nagusi den munduan ontasunerako
tokia egon daitekeela ikasiko du Arreguik, eta egin behar duenaren eta egin
nahi duenaren artean aukeratzen ikasiko du Molinak.
Errepresio politiko eta soziala kritikatzen ditu, eta aldi berean,
askatasunaren garrantzia, maitasuna eta adiskidetasuna defendatzen ditu
pelikulak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario