Baliteke, ‘Big
Fish’ Tim Burtonek zuzendutako azken pelikulen artean gehien gustatu zaidana
izatea, benetan hunkitu nauen bakarra (eta 2003koa da!!). Esan beharra dago: azken urteotan nahiko
irregularra izan da zuzendariaren filmografia. ‘Big Fish’en istorio eder batekin topo
egiten dugu, narrazio magikoa, pertsonai atseginak, maitasuna, drama…
Pelikularen gakoa errealitatea eta fikzioaren arteko muga etengabe zeharkatzean
dago. Gainera, istoriotxoak eta narratzaileak nahastuta, narrazioaren artea
aldarrikatzen du Burtonek pelikula eder honekin.
‘Big Fish’ pelikula Burtonen estetikaren ikusizko
elementu identifikagarri batetik urruntzen da apurtxo bat: iluntasuna. Baina,
ez guztiz. ‘Big Fish’ argiz, bizitzaz, maitasunaz, oro har, magiaz betetako
pelikula da. Kontran, pelikularen gaia ilunagoa da: Edward Bloomen helburuetako
bat heriotzarekin lotuta dagoelako (hilezkortasuna).
Indibiduo batek bizitzan zehar egiten dituen
ekintzengatik gogoratua izango bada… Zergatik ez “errealitate” arrunt hori
apaindu eta liluragarria bihurtu? Esan bezala, pelikularen oinarrietako bat
fikzioa eta errealitatearen arteko nahasketa da. Alde batetik errealitatetik
fikziora dotoretasun handiz jauzi egiten du Edward Bloomek. Ikusle bezala
hoberena Bloomek narratzen digun istorioan sinestea da, bere jokoan parte
hartzea. Errealitatean, heriotza da Edward Bloomek kontrolatu ezin dezakeen
elementu bakarra, hori dela eta, fikzioan bere “salbazioa” aurkituko du, hilezkorra
bihurtuko da. Horretarako, bere semeak bere narrazioa sinestea, jokoan parte
hartzea, lortu behar du. Modu horretan, Edward Bloomen bizitzaren kondaira
belaunaldiz belaunaldi transmititzeko. Gainera, munduan berarentzat toki bat
dagoela sentitu nahi du Bloomek, nahiz eta toki hori narrazio baten barruan
egon (pelikulan zehar alboan dituen horiei munduan duten tokia aurkitzen
laguntzen die Bloomek).
Edward Bloomen filosofia, norbanakoak sinesten duen hori
lortzeko esperantza inoiz ez galtzean datza. Bloom bere patua onartu nahi ez
duen pertsonai bakarra da. Narrazio zinematografikoa oro har nahiko arrunta da,
flashback egitura ez lineala du pelikulak, geldoa, dotorea, koloretsua eta aldi
berean tristea. ‘Big Fish’ bizitzari buruz egiten duen pelikula da, baina baita
heriotzaz eta errealizazio sentimenduaren inguruan hitz egiten du
pelikulak. Borobila da.
“Ibai bateko arrain handiena, arrantzatzen uzten ez den
hori da”. Edward Bloomen anbizioa definitzen du esaldi horrek. Edward ez da
inoiz aldatuko, beti kontatuko ditu bere istorioak, bere errealitatearen
bertsioa. Urteak igaroko dira, gero eta
pertsona gehiagok ezagutzen dute bere bizitzaren bertsioa, Bloomen “mitoa” gero
eta handiagoa da. Bloomek sortutako fikzioa errealitateak suntsi ezin dezakeen “errealitatea”
bihurtu da. Edward Bloom da arrantzatzen utziko ez den arrain hori (etengabe
ura edaten dago, bizitzaren amaierak itotzen du). Pelikula oso gomendagarria.
Erlazionatutako edukia: 'Dark Shadows' (2012)
No hay comentarios:
Publicar un comentario