26/10/12

'Thank you for smoking' (2005) - Maltzurren defendatzailea


‘Thank you for smoking’ Jason Reitmanek zuzendutako lehen film luzea da. Komedia edo satira honek sektore guztiak kritikatzen ditu. ‘Thank you for smoking’ Christopher Buckleyk idatzitako eleberrian oinarritzen da pelikula. Oro har, tabakoaren industriaren lobbyak, alkohola, armak, gobernua, kapitalismoa eta amerikar gizartearen itxurazko puritanismoa kritikatzen ditu pelikulak. Enpresa erraldoientzat, hiritarrak, pertsonak, zenbaki eta datu hutsalak baino ez dira, maneia ditzaketen datuak. Gainera, sektoreen arteko lehiaketa antzeko bat sortu dela dirudi: nor izango da ondorio latz gehien eragingo dituen enpresak?

Negozioak egiterako orduan, denak balio du. Moral bikoitza izatea arrakasta lortzeko giltzarria da, gezurra eta eroskeria, elkarrizketarako bidea. Egoera horren aurrean soilik bi aukera ditugu: bata, sistemaren kontra egitea; bestea, sistema horretatik onurak ateratzea. Azken hori da Nick Naylorrek, komedia beltz honen protagonistak, egiten duena.


Nick Naylor tabako enpresa garrantzitsu baten ordezkaria edo bozeramailea da, bere lana erretzaileak eta tabakoaren industria defendatzean datza. Horiei gobernuak eta zenbait erakundeek jarri nahi dizkieten mugak eta inposatu nahi dizkieten arauen kontra egitea. Bere “biktimak” erraz liluratzen ditu Naylerrek, karisma handia duen persona baita. Lan hori betetzeko jaio da Nayler, hori dela eta, eroso sentitzen da enpresa boteretsuak defendatzen. Are gehiago, oso zaila den erronka bat betetzeko gaitasuna du: biktimak eta publikoak “errudunekin” ados egotea lortzen du Nickek.

Nicken diskurtsoak ez du inoiz indarra galtzen. Nickek ez die senatariei edo osasuna defendatzen duten erakundeei beldur. Nahiz eta etikoa ez irudi, bere eginbeharra betetzen du berak. Nicken arabera, lan hori betetzearen arrazoia, hipoteka ordaindu behar izatea da. Gauzak aldatuko dira semea (Joey) eta beraren arteko erlazioa hobetzen hasten denean, hortik aurrera, Nicken lehentasunak aldatuko dira.

Dibortziatuta eta bikotekide gabe, Nick Naylorek semearekin denbora gehiago igarotzea erabakitzen du, horregatik, semeak beraren inguruaren eraiki dezakeen irudia nolakoa izan daitekeen kezkatzen du. Joeyrentzat, aita edonor liluratu dezakeen heroia da, jarraitu beharreko eredu bat.

Nicken lanari dagokionez dena idilikoa dirudi, arrakastaz inguratuta baitago, momentuz. Egun batean, telebistan emititutako eztabaida batean, ezezagun batek Nick mehatxatuko du. Momentu hori inflexio puntu bat izango da Nickentzat. Bere lehentasunak aldatuko dira. Mehatxua eta egunkari batean argitaratutako elkarrizketa polemiko baten ondorioz, Nicken indarrak ahultzen hasiko dira.


Gertaera horien ondorioz, Nicken lehentasunak aldatuko dira. Zer da garrantzitsuagoa, semea ala enplegua? Estutasun hori agerian geratuko da ondoko galdera erantzun behar duenean: “Zure semea tabakoa erreko balu, zer esango zenioke?”. Badaki zein den erretiratzeko unea, jokoaren arauak ezagutzen ditu. Nickek badaki dena kontran duen egoera bati onurak ateratzen; eta gauza guztien gainetik, erantzun egokia zein den beti daki.

Jason Reitman gustuko dudan zuzendaria da, komedia eta drama era eraginkorrean nahasten dakiela pentsatzen dut, gainera, kontatzen dituen istorioak ere gustuko ditut. ‘Thank you for smoking’ pelikularen erritmoa oso ona da, muntaketa ona du, Aaron Eackhart aktorea bikain dago Nick Nayler karismadunaren rolean, eta gainontzeko aktore taldea bikaina da: Robert Duvall, Maria Bello, William H. Macy… Orokorrean, pelikula entretenigarria, komedia beltz ona, gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario