16/10/12

'Grease' (1978) - You're the only one that I want


'Grease' musikala berriro ikusi dut, musikal ona dela pentsatzen dut, erraz ikusten den pelikula da: dibertigarria, alaia, denboraren igarotzea nahiko ondo jasan du eta soinu banda ezinhobea da (ba al da pelikularen abestiak ezagutzen ez dituen norbait?).  'Grease' pelikularen oinarria sinplea da: mutil (itxuraz) inozentea neska zintzoa ezagutzen du udan  eta maitasun istorio ederrena bizitzen dute. Danny Zuko eta Sandra Olson, kasualitatez, institutuan berriro elkartuko dira. Hala ere, gauzak asko aldatu dira, ez dira udan bezain "idilikoak": Danny Zuko mutil ezagun, bihurri eta harroputza da, institutuan ez dago Sandyk udan ezagutu zuen mutil zintzoaren arrastrorik. Maitasuna ala popularitatea? Hori da pelikularen protagonisten, Danny eta Sandyren, dilema.

'Grease' musikal zinematografikoen eta nerabe edo "teen movie" deritzonaren erreferente bihurtu zen. Pelikula erraz identifikatzen den  "marka" bat da: soinu banda, pertsonaiak, estilismoa, pertsona orok ezagutzen ditugun koreografiak...  'Grease' estreinatu zutenean, ordura arte zinemaren historian diru gehiago irabazi zuen hirugarren pelikula bihurtu zen (soilik 'Jaws' eta 'Star Wars'en atzetik). Pelikulak ez nau aspertzen, klasiko bat da. Hona hemen pelikularen inguruko zenbait bitxikeria:

'Grease', bitxikeriak

Baliteke pelikulak jaso duen kritika nagusiena aktoreekin adinarekin lotuta egotea. 'Grease'n, protagonistek 18 urte bete berri dituzte, baina aktoreen benetako adinak 18 urte horietatik nahikotxo urrun daude, adibidez: John Travoltak 23 urte zituen, Olivia Newton-Johnek 28 eta Stockard Channingek 33 urte. Nahiz eta aktore eta pertsonaien adinen arteko aldea nabarmena izan, ezinezkoa da beste aktore talde batean pentsatzea, kasting ona da.



Zentsura? Egia da pelikula ez dela pentsa genezakeen bezain inozentea, hala ere, zentsuratu behar izana, gehiegizkoa iruditzen zait. Baina bai, zentsuratu zuten, konkretuki 'Grease Lightning' abestiaren letra eta eszena. 'Grease' Broadwayko musikalaren moldaketa zinematografikoa da. Antzezlanean, dirudienez, 'Grease Lightning' abestiaren eszenak sexuari erreferentzia ugari egiten zizkion, eta horiek pelikularen ekoizleentzat ez ziren onargarriak, horregatik horiek ezabatzea erabaki zuten ekoizleek. 'Grease Lightning' abestiaren inguruan bi dira teoria nagusiak: bata kotxe baten txukuntzearen inguruko abesti hutsa defendatzen duena; bestea, gizontasunaren metafora dela defendatzen duena.

Pelikulak lortu zuen arrakasta zela eta, Olivia Newton-John eta John Travolta uneko izar bihurtu ziren (gainera 'Saturday Night Fever' pelikulan parte hartu berri zuen Travoltak). Aktoreek lortu zuten "izar-estatus" hori aprobetxatzea erabaki zuten, adibidez, kapritxo eta berekoikeria hutsagatik John Travoltak 'Grease Lightning' abestia berak abestu behar zuela "inposatu" zuen (beste aktore batek abestu behar zuen abesti hori). Olivia Newton-Johni dagokionez, behin pelikularen grabaketa amaituta, Sandyk balada edo abesti garrantzitsurik abesten ez zuela pentsatu zuten ekoizleek, horregatik Olivia Newton-Johnentzat "Hopelessly Devoted To You" abestia idatzi zuten, zorionez. Oscar sarietarako izendapen bat lortu zuen abestiak.



No hay comentarios:

Publicar un comentario