30/10/13

'Grand Piano' (2013)


Huts egindako nota


Jendez gainezka dagoen antzerki bat. Berriz ere hanka sartzeko beldurrez ihes egitear dagoen pianista. Beldur eszenikoa. Mehatxu konstante bat. Nota bakar bat gaizki jotzen badu, bera eta emaztea hilko ditu. Sekretu bat.

Eugenio Mirak zuzendutako ‘Grand Piano’ pelikularen trama dugu hori, sinplea. Egoera mehatxagarri horretatik abiatuta, gatazka hori oinarri gisa hartuz; zuzendariak tentsioa nagusi den atmosfera bat eraikitzen saiatzen da, baina nire ustez arrakasta gutxirekin. Horregatik, ‘Grand Piano’ pelikulak eskaintzen duen “intrigak” edo istorioak, ez nau gehiegi konbentzitu.

Pelikula etxe handi eta zahar batean hasten da, objektu erraldoiez beteta dago, hautsez betetakoak, “macguffinaren” aurkezpena da, gatazka pizteko aitzakiaren aurkezteko unea. Pianoa Tom Selznick (Elijah Wood) pianistaren maisu izandakoarena da. Lehenengo eszena horrek hasierako kredituen osagarri da. Pelikularen kredituak gustatu zaizkidala esan behar dut: pianoaren xehetasun planoak, partehartzaileen izenak figura musikalekin “apainduta” ageri dira; landutako kredituak dira eta nahiko esanguratsuak gainera.


‘Grand Piano’ pelikulan plano konposaketa nahiko onak ikus ditzakegu, eta zatikatutako pantailaren erabilpen kuriosoa ere. Hala ere, gehiegizko kamera mugimenduen ondorioz, mota honetako proiektu batetik espero dugun tentsioa islatzea baino, “zorabio” sentsazio bat sortzen du zuzendariak. Hori dela eta, zuzendariak egindako erabaki formalak pertsonaia protagonistaren istorioaren garapenarekin baino pertsonaiaren barne gatazkarekin zerikusi gehiago dutela pentsatzen dut. 


Gatazkak ia denbora errealean egiten du aurrera. Hasieratik aipatutako atmosfera beldurgarri eta mehatxagarria sortzen saiatzen da zuzendaria; adibidez, estatuei egindako lehen planoak erakutsiz. Pelikularen parte gehiena espazio berean kokatzen da, kolore gorri, zuri eta beltza nagusi diren antzoki dotore batean; baina ikusle gisa, ez naiz sortu nahi den tentsioarekin identifikatu. Pieza musikal berri bakoitzarekin, musikaren erritmoak gora egiten du, baina lehen aipatu dudan bezala, suspenseak ez du ez gora ez behera egiten. 

Pelikula baten promozioa egiterako orduan, “produktua” saltzerakoan, konparazioak kontu handiz egin behar dira. ‘Grand Piano’ pelikularen trama kutsu “hitchcockianoa” duela esan dute askok, eta kasu honetan, definizio horrek pelikularen kontra egiten duela pentsatzen dut. Badira suspensearen maisuaren lana egindako hainbat ikusizko erreferentzia (‘Vertigo’, ‘Rear Window’…), baina besterik ez.


Orokorrean, erraz ikus daitekeen pelikula dela iruditu zait, baina indarrik gabekoa. Istorio bat ongi funtzionatzeko eta “barregarria” ez suertatzeko, funtsezkoa da zuzendariak proposatzen digun jokoan guztiz sartzea; eta nire kasuan, istorioan “sartzea” pentsatzen nuen baino denbora gehiago kostatu zait (pelikularen erdiko partea interesgarriena da).

Zuzendariaren lana nahiko ona iruditu zait, baita Elijah Wood aktorearena ere. Gidoia da pelikularen elementu ahulena. Pelikularen protagonistak dioen bezala, nahiz eta nota batean okertu, ikuslea ez da akats horretaz jabetzen. Beraz, gidoiak dituen “tranpa” edo “akatsak” alde batera usten baditugu, ‘Grand Piano’ entretenimendu interesgarria izan daiteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario