1/8/12

'Across the universe' (2007) - Marrubiak eta The Beatles

 ‘Hair’ eta ‘Moulin Rouge’ musikalak nahastuko bagenitu, ‘Across the universe’ pelikulatik hurbil egongo litzatekeen zerbait lortuko genuke, oso gustoko dudan musikala. Arrazoi nagusia: The Beatlesen abestietan oinarrituta dagoela (guztira 32 abesti agertzen dira pelikulan), eta gainera, Liverpooleko taldeari eta garaiko musikari egindako erreferentziaz beteta dago.

Jude (Hey Jude) AEBetara aita ezagutzeko intentzioarekin eta bisa gabe bidaiatzen duen Liverpooleko gaztea da. Bidaian Judek Max (Maxwell’s silver hammer) ezagutuko du. Bizitza eroso bat daraman gizarte maila ertain-altuko gaztea. Maxek ez du gizarteak inposatutako arauen menpe bizi nahi eta unibertsitatea utziko du. Behin ikasketak alde batera utzita, Vietnameko gerrara derrigortuta eramango dute. Maxek Jude-i arreba aurkeztuko dio, Lucy (Lucy in the sky with diamonds). Judek Lucy ikustean berehala maiteminduko da. Musikalaren istorioa ez da bestelako gauza, amaiera erraz aurreikus daiteke, hala ere, ez dut uste pelikulak maisu lan bat izateko nahia duenik. Istorio polit bat da, eta kitto.

jim-sturgess-jude-across-the-universe

Iraultza, maitasuna, laguntasuna, artea, askatasuna edota Vietnameko Gerraren aurkako mugimenduak dira pelikulak nabarmentzen dituen kontzeptuetako batzuk, eta The Beatles taldearen abestien bidez islatzen ditu kontzeptu horiek.

‘The Beatles’ taldearen diskografiaren antzera, pelikula bi ataletan banatuta dago: lehenengoan ‘Beatlemania’ garairi dagozkion abestiak daude (I want to hold your hand, All my loving edo I’ve just seen a face); eta bigarrenean taldearen heldutasun artistikoari dagozkionak, konplexu, kritiko eta politikoagoak diren abestiak (Strawberry fields forever edo Revolution).

Horretaz aparte, pelikula Liverpooleko taldeari eta, oro har, rock musikari egindako erreferentziaz beteta dago. Taldearen abesti batzuk agertu ez arren, presente daude, adibidez Get Back abestia eta zabaltza. Baita, zenbait aktoreen izenek eta jarrerek 60ko hamarkadari egiten diote erreferentzia. Adibidez, Sadieren pertsonaia (Sexy Sadie) Janis Joplinen izaera du, eta Jojo gitarra jolea (Get Back), Jimi Hendrixen inspiratuta dago.

Erreferentzia artistikoak aurkitzen ditugu ere, adibidez, Juden pertsonaiak diskoetxe baterako logo bat marraztu behar du. Inspirazioaren bila, hasieran sagar baten irudia marrazten saiatzen da (Apple Recordsen logoa, The Beatles taldearen zigilu diskografikoa), baina amaieran marrubi batengatik aldatzen du, narrazioari dagokionez, marrubiak joko gehiago ematen duelako.


joe-anderson-max-across-the-universe-the-beatles

Julie Taymor da zuzendaria. Zenbait pelikula zuzentzeaz aparte, The Lion King musikalaren zuzendaria da. Pelikulan zehar antzerkiaren influentzia nabari dezakegu, batez ere, zenbait eszenen planteamendu, koreografia eta atrezzo elementuetan. Adibidez, I want you (She’s so heavy) edo Happiness is a warm gun abestietan. Horietan eszenatokien antolamendua antzerki-eszenografia baten parekoak dira, zoruak eta hormak mugitzen eta moldatzen doaz eszena edo ekintza gertatu bitartean.

Pelikulak badu ere une “psikodeliko” bat, nire ustez, pelikulak duen akats bakarra. Une psikodeliko hori gustatzen zait, bai, baina narrazioa eteten du. Istorioan galdutako une bat da, “LSD unea” izena jarriko diogu. Estetikoki itzela, baina narratiboki luze zamarra. Parentesi narratibo honen barruan hiru abesti daude: I am the Walrus, Being forthe Benefit of Mr. Kite eta Because.

Esan bezala, ‘Across the universe’ gustuko dudan pelikula da; duen estetikagatik, pertsonaiengatik eta, noski, abestiengatik. Pelikulan agertzen diren abesti guztien artean, Strawberry Fields forever da nire faboritoa zenbait arrazoiengatik: marrubien erabilpenagatik, Lennonek idatzitako abestia bikaina iruditzen zaidalako (nahiz eta eszenan esanahi berri bat eman jatorrizkoarekin konparatuz), eta une horretan pertsonaiek sentitzen duten beldur eta nahasmenaz aparte, pelikularen estiloa definitzen duen eszenaren parte delako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario