14/1/13

Golden Globes sariak: 'Argo' eta 'Les Misérables' gauaren protagonistak



Sorpresak izan dira Golden Globes sarien 70.edizioan. Urtero legez, Hollywooden lanean aritzen den atzerriko  prentsak pelikula eta telesail hoberenak saritzen ditu ‘glamour’ez betetako ekitaldi honetan. 

Aurten, Ben Affleckek zuzendutako ‘Argo’ eta Tom Hooperren ‘Les Misérables’ musikalaren moldaketa izan dira irabazle nagusiak. Telebistari dagokionez, ‘Homeland’ eta ‘Girls’ bildu dituzte sari gehien.

Argo’ pelikulak zuzendari eta drama hoberenaren sariak irabazi ditu. Ben Afflecken pelikularekin batera, ‘Les Misérables’ izan da gauaren protagonista, kasu honetan komedia edo musikal hoberenaren kategorian. Guztira, hiru sari  irabazi ditu Tom Hooperrek zuzendutako musikalak: komedia edo musikal hoberena, gizonezko aktore hoberena (Hugh Jackman) eta emakumezko bigarren aktore hoberena (Anne Hathaway).

Tina Feyk eta Amy Poehlerrek aurkeztutako sari banaketan sorpresarako lekua egon da. Philip Seymour Hoffmanek ‘The Master’ pelikulan egindako lanarengatik gizonezko bigarren aktore hoberenaren saria lortuko zuela aurreikusten zuten kiniela gehienek, baina oraingoan, okertu egin dira. Saria Christoph Waltz karismadun aktoreak irabazi du, Quentin Tarantinoren ‘Django Unchained’ pelikulan egindako lanagatik (Tarantinoren pelikulak gidoi hoberenaren saria ere irabazi du).

Bestalde, Steven Spielbergen ‘Lincoln’ izan da gaueko galtzaile nabarmenena. Izendapen gehien biltzen zituen pelikula izan arren (7 guztira), sari bakarra lortu du: drama kategorian gizonezko aktore hoberenaren saria Daniel Day-Lewis aktorearentzat izan delako. Oscar sarien lasterketan faboritoen artean kokatzen da Spielbergen pelikula, baina oraindik, ‘faboritotasun’ hori sarietan ez du islatuta ikusi ‘Lincoln’ pelikulak.

Golden Globes sariak otsailaren 24an Oscar sarietan gerta daitekeenaren aurrerapena direla esan ohi da, baina ez du zertan horrela izan behar. Izan ere, aurten izendapenak guztiz bat ez datozelako. Adibidez, Golden Globes sarietan Ben Afflecken zuzendari lana saritu duten bitartean, Oscar sarietan zuzendari hoberenaren kategorian ez du izendapena lortu.

Urrezko Globoen sari banaketa kontuan hartuta, zenbait ondorio atera ditzakegu: ‘Les Misérables’ek Oscar sarietarako lasterketan berriro indartsu sartzeko behar zuen bultzada lortu du irabazitako sariekin. Gizonezko aktore hoberenaren kategorian lehia interesgarria izango dugu, Daniel Day-Lewis garaitzea zaila izango den arren, sorpresak egon daitezke (Hugh Jackman eta Joaquin Phoenixek Oscar saria lortzeko aukera izan dezaketelako). Antzekoa gertatzen da emakumezkoen kategorian. Jessica Chastainek eta Jennifer Lawrencek urrezko globo bana lortu dute, ‘ZeroDark Thirty’ thrillerrean eta ‘Silver Linings Playbook’ komedian egindako  lanengatik, hurrenez hurren. Bien arteko lehia, interesgarrienetako bat izango da.

Azkenik, lehiakiderik ez duen aktore bakarra Anne Hathaway dela dirudi. Golden Globes saria lortu ostean, Oscarra gero eta hurbilago du.

Seguruenik aktoreen jantziek pelikula irabazleek baino eztabaida sutsuago bat piztuko dute, baina aipatu beharra dago aurtengo lasterketa azken urteetan izandako interesgarrienetako bat dela. Kategoria askotan faborito argi bat ez egoteaz aparte, orokorrean pelikulen kalitatea eta aktoreen lana benetan onak direlako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario