28/1/13

'Silver Linings Playbook' (2012) - Jennifer Lawrence, Bradley Cooper eta gutunak

bradley-cooper-jennifer-lawrence

(!) Oscar sariak 2013: 8 izendapen lortu ditu 'Silver Linings Playbook' pelikulak: Pelikula onena, Zuzendari onena, Gizonezko aktore onena (Bradley Cooper), Emakumezko aktore onena (Jennifer Lawrence), Gizonezko bigarren aktore onena (Robert De Niro), Emakumezko bigarren aktore onena (Jacki Weaver), Moldatutako gidoi onena eta Muntaketa onena.


'Silver Linings Playbook' xarma berezia duen pelikula iruditu zait. David O. Russellek zuzendutako pelikulan badira irabazi nauten zenbait une, eta maitemindu nauten beste hainbat. 'Silver Linings Playbook' detailez eta erreferentzia zinematografikoz betetako komedia "dramatiko-erromantikoa" da. Soinu banda ona du eta aktore taldearen lana itzela da, salbuespenik gabe.

Pat (Bradley Cooper) 8 hilabete eman ditu psikiatriko batean "atxilotuta" emaztearen maitalea jipoitzeagatik. Pat (Patrick) bipolarra da, beraz, bere izaera arazotsua da, ezin daiteke sumatu bere jokaera nolakoa izango den. Orain etxera bueltatu da eta helburu argi bat du: emaztea berreskuratu  nahi du eta benetan aldatu egin dela erakutsi nahi dio.

Patek jarraitzen duen filosofia 'Excelsior' hitzaren esanahia du oinarrian. Bizitzaren eta gauzen alde ona bilatzea adierazi nahi du hitz horrek, gutxi gora behera. Afari batean Tiffany ezagutzen duenean, dena aldatuko da.

Bai Pat bai Tiffany euren familientzat pertsona "arraroak" dira, auzokoek ere arraro begiratzen diete. Tiffany ingurukoak laguntzeko prest dago beti; ahal duen guztia ematen du, baina ia inoiz ez du bueltan ezer jasotzen, hutsik sentitzen da. Pat eta Tiffany akordio batera helduko dira: Patek dantza lehiaketa batean berarekin badu, emazte ohiarekin kontaktuan jartzen lagunduko dio Tiffanyk Pati. Ondorengo kritikak spoilerrak ditu.


jennifer-lawrence-bradley-cooper

Egunero, Pat korrika egitera joaten denean Tiffany bere atzetik doa segika. Pat neskatoa atzean uzten saiatuko da, arrakastarik gabe. Elkarri laguntzea erabakitzen dutenean, egunak batera igaroko dituzte, praktikatzen eta dantzatzen. Euren arteko kimika eta tentsioa gero eta nabariagoa izango da. Hasieran talka egiten duten izaerak dituzten pertsonak izan arren, gorrototik maitasunera... pausu bat baino ez dagoela badakigu. Patek eta Tiffanyk estrategia bat antolatu beharko dute aurrera egin nahi badute.

'Silver Linings Playbook' ez da ohiko  komedia erromantikoa, pelikularen gatazka bakarra Pat eta Tiffanyren arteko erlazioa ez delako. Paten familia apurtuta dago, Pat eta aitaren arteko erlazioa ez da batere ona. Paten aita (Robert De Niro), trastorno obsesibo "konpultsibo" bat du, gainera oso superstiziosoa da, adibidez: telebistaren urrutiko aginteak era zehatz batean kokatu behar ditu, ondo kokatuta ez badaude, bere taldeak galduko du (eta holako maniak). Paten aitak ez zekien nola maneiatu semea txikienean, ez baitzuen bere gaixotasunaren berri, eta horrek semea bigarren plano batean uztea eragin zuen. 

Pelikularen eszena gogorrenak semea eta aitaren artekoak dira. Bada eszena bat non Patek aitari kasu egiteko eskatzen dion, aitaren aurrean umiliatzen da une horretan. Ez dakit David O. Russellen asmoa zen ala ez, baina eszena hori Elia Kazanen 'East of eden' pelikula ekarri dit burura, horretan ere aitaren eta seme txikiaren arteko gatazka ematen baita. Kazanen pelikulan, James Deanek interpretatzen duen pertsonaia bere aitaren aurrean makurtzen da, negarrez, hark berak egindako egindako esfortzua baloratzen ez duela ikustean.
Tiffanyren egoera antzekoa da, kasu honetan bere ahizparekin. Tiffanyk ahizparen etxera doan bakoitzean horren tontakeriak jasan behar ditu. Ahizpak bere bizitza perfektua dela frogatu nahi dio beti, objektu materialetan oinarritutako bizitza zoriontsu eta arroa erakusten dio beti.
Gustatu zaidan detaile bat: pelikularen hasieran Pat oso haserre ikusten dugu Hemingwayren liburu bat dela eta. Patek ez du ulertzen zergatik Hemingwayk eta literaturak oro har, amaiera zoriontsuengatik apustu egiten ez duten; ezta zergatik pertsonaien zoriona etengabe ukatzen duten. Patentzat, literatura tragediara lotuta dagoela dirudi, baina aldi berean, beste mota bateko "literatura" edo testu idatziek, gauzak aldatuko dituzte, kasu honetan, gutunak. Testu guztiek ez dute zertan amaiera tristeak izan behar, batez ere norbanakoa bere amaiera zoriontsua idazteko prest badago.
Aktore taldearen lana bikaina da, Bradley Cooperrek eta Jennifer Lawrencek hunkitu naute, euren arteko kimika oso ona da (horregatik lortu dituzte Oscar sarietarako  izendapen bana). Begirada bakoitzak, keinu txikienak ere, erakargarria da. Cooper eta Lawrencek zoramenez eta samurtasunez antzezten dituzten euren pertsonaiak. Nire ustez, Pat eta Tiffanyk alderantzizko ibilbide bat egiten dute, osagarriak dira, hau da, pelikularen hasieran Tiffany da sendoa dena, segurtasun handia duen hori. Pat aldiz, segurtasuna pixkanaka irabazten doa. Tiffany bitartean hondoratzen doa, traketsago sentitzen da eta sentiberagoa Paten aurrean dagoen bakoitzean.
Robert De Nirok azken urteotan egindako lan onenetako bat egiten du, eta Jacki Weaverek, bigarren plano batean mantendu arren, ondo betetzen du familia batera mantentzen saiatzen den amaren papera. David O. Russellen lana zuzena iruditu zait; zuzendariak, 'The Fighter'ekin egin zuen bezala, gidoiak izan ditzakeen hutsuneak aktore taldearen lan onarekin betetzen ditu. Pelikulak hasiera indartsua du eta baliteke indarra galtzen joatea minutuak aurrera igaro ahala, adibidez badira gehiegi errepikatzen diren zenbait ideia... Baina beno, horrek ez dio pelikularen xarmari eragiten. Protagonisten antzera, pelikulak dituen alde onekin geratuko naiz.
Komedia dramatikoa, pelikula hau genero horren baitan kokatuko nuke, oso gustuko dudan genero bat da, bizitzaren alde on eta txarrak nahasten dituelako. Komedia eta dramaren artean oreka mantentzen dakien pelikula batek, nire interesa pizteko aukera asko dauzka. Eta hala izan da. 'Silver Linings Playbook' pelikula ona iruditu zait, eta hunkitu egin nau. Gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario