12/1/13

'Like Crazy' (2011) - Distantzia, lehen amodioa eta errudun sentimendua


like-crazy-2011

Jacob (Anton Yelchin) gazte estatubatuar bat da, Anna (Felicity Jones) Los Angeleseko unibertsitatean ikasten dagoen britainiar gaztea. Maitemintzen dira. Dena idilikoa dirudi, Annari erresidentzia bisa berritzen ez dioten arte. Anna Ingalaterrara bueltatu beharko da, baina euren erlazioa mantentzeko prest daude biak.

Puntu horretara arte, 'Like Crazy' beste maitasun istorio arrunt bat baino ez dela pentsa dezakegu. Baina ez, nire ustez "zerbait" berezia du drama erromantiko honek. Istorioa naturaltasunez narratzen digute, xumetasunez, aktore protagonisten arteko kimika agerikoa da... Gustatu zait. Pelikulak 2011n Sundanceko zinema independentearen jaialdian epai-mahaiaren saria jaso zuen.

Distantziak zalantzak sortaraziko dizkie protagonistei, hasierako segurtasun eta "zoramena" kolokan jarriz. Elkarrekiko sentitzen duten maitasuna oso sendoa da; baina denborarekin mina edota errudun sentimendua maitasunarekin nahastuko dira. Distantziak euren erlazioa ahulduko du, baina Annak eta Jacobek ez dute esperantza guztiz galduko. Bitartean, aurrera egingo dute indibidualki: lanean igoerak lortuz, beste pertsonekin harremanak izango dituzte... Baina, guzti horren gainetik, beti egongo da bata bestearekin egoteko jaio direla gogoratuko dien objektu edo ekintza bat; eta soilik objektu horrekin nahikoa izango dute euren erlazioagatik borrokatzeko indarrak berpizteko.


Pelikularen zuzendariak, Drake Doremusek, ikuslea istorioan inplikatzea lortzen du, eta horretarako, pertsonaiekiko identifikazio posibleaz aparte, zenbait objektu erabiltzen ditu, adibidez: Jacobek Annarentzat esklusiboki diseinatutako egurrezko aulki bat, whisky botila bat, "pazientzia" hitza idatzita daraman eskumuturreko bat edota fuksia koloreko lore-sorta bat. Objektu horiek balio "emozionala" lortzen duten unean, istorio eta pertsonaien erlazioaren garapena erakusteko elementu klabe bihurtzen dira.

Filmaren hasieran, "neska batek mutil bat ezagutzen du eta maitemintzen dira" unea agian arinegi gertatzen da, baina zuzendariak pelikularen funtsera joatea nahiago du hasieratik. Denboraren igarotzeak duen tratamendu edo forma ez dago gaizki: irudi muntaketa azkarrak plano askorekin lokalizazio batean; edota kamera azkarrean doazen irudiak subjektu bat estatiko mantentzen den bitartean: ohean, egongelan, aireportuan... Une horietan, hasieran, Anna eta Jacob pozik eta maiteminduta ageri dira; amaieran maiteminduta jarraitzen dute, baina zalantzaz beteta  eta agurraren unea iristearen beldur ikus ditugu.

Amaierako planoak ustekabean harrapatu nau, eta hori ona dela uste dut. Ez da ohiko "happy ending"-a duen pelikula, amaiera irekia du. Pertsonaiek euren erlazioa mantentzeagatik gogotsu borrokatu dute, baina trukean zenbait gauza eta "amets" sakrifikatu behar izan dituzte. "Sakrifizio" horrek errudun sentimendua pizten du haiengan, eta guztiz orbainduko ez den zauria izango da hori. Gainera, hainbeste borrokatu izanak, merezi izan du? Amaiera gazi-gozoa.

Itxuran xumea, baina detailez beteta. Aktoreen arteko kimika oso ona dela pentsatzen dut, sinesgarria. Baliteke zenbait hutsegite narratibo izatea pelikulak (guztiz ondo funtzionatzen ez duen elipsiren bat, edota gertaeren artean zenbat denbora igaro den zehatz-mehatz ez jakitea...). Baina orokorrean, 'Like Crazy' pelikula ikusi ondoren dudan sentsazioa drama erromantiko desberdin bat ikustearena izan da, ohiko eskemak aldatzen saiatu dena. Gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario