(!) Oscar Sariak 2013: 3 izendapen lortu ditu 'The Master' pelikulak: Gizonezko aktore onena (Joaquin Phoenix), Gizonezko Bigarren aktore onena (Philip Seymour Hoffman) eta Emakumezko bigarren aktore onena (Amy Adams)
Freddie Quellek (Joaquin Phoenix) trauma bat du. Urduria eta oldarkorra da; gerratik ‘zoratuta’ eta galduta bueltatu da. Ez du inor ezagutzen, bakarrik dago nora joan eta zer egin jakin gabe. Freddiek gizartearen parte izan behar du berriro, horretarako lana bilatzen hasten da: argazkilari gisa, landan … baina lehenago ala beranduago hanka sartuko du Freddiek, eta hasierako puntura bueltatuko da.
Freddie Quellek (Joaquin Phoenix) trauma bat du. Urduria eta oldarkorra da; gerratik ‘zoratuta’ eta galduta bueltatu da. Ez du inor ezagutzen, bakarrik dago nora joan eta zer egin jakin gabe. Freddiek gizartearen parte izan behar du berriro, horretarako lana bilatzen hasten da: argazkilari gisa, landan … baina lehenago ala beranduago hanka sartuko du Freddiek, eta hasierako puntura bueltatuko da.
Gau batean Lancaster Doddekin (Philip Seymour Hoffman)
topo egingo du Freddiek. Egun horretatik aurrera marine izandakoaren bizitza
aldatuko da . Dodd “The Cause” mugimenduaren fundatzaileetako bat da, eta bere
metodoen bitartez Freddie bizi duen infernua desagerraraziko duela pentsatzen
du. Dodd Freddieren mentore bihurtuko da.
Batzuetan, pelikula bat ikusten dudanean berehala dakit
zergatik gustatu zaidan edo zergatik ez; beste batzuetan ez. Paul Thomas
Andersonen azken lana konplexua, anbiguoa eta aldi berean hipnotikoa da (hau da, bere lan guztien antzera). ‘The
Master’ gorrotatu ala maitatuko duzun pelikula horietako bat da (Terrence Malicken
zinemarekin gertatzen den bezala). Hori bai, pelikularen irudiek igortzen duten
magnetismoa liluragarria izan arren, pelikulak pixka bat dezepzionatu nau,
kontatzen duen istorioarekin guztiz “konektatu” ez dudalako. Ondorengo
kritikak ‘spoilerrak’ ditu.
‘The Master’ pelikulak gerraosteko AEBetako gizartearen
erretratua egiten du. 50ko hamarkadan kokatzen da istorioa eta zaurituta dagoen
gizarte horren isla Freddien aurkitzen dugu. Herritarren mina eta gerraosteko
traumak aprobetxatuko ditu Lancaster Doddek (anbizio handiko gizona da). Berak
defendatutako eta bultzatutako “erlijioa” gizarte estatubatuarren errotzeko
unea perfektua da, eta gainera, Freddie ikerketa “objektu” bikaina izango da. “The
Cause” mugimenduaren arabera, pertsonak eternitatean zehar gorputz batetik
bestera “mugitzen” diren espirituak baino ez dira; hori kontuan hartuta, pertsonek
orainean izan ditzaketen arazo zein gaixotasunen jatorria iraganeko bizitzetan
aurkituko da.
Freddieren traumaren jatorria zein den ezagutzeko bere
teoriak praktikan jarriko ditu Lancasterrek., bere “maisuan” bihurtuz.
Freddieren trauma eta zoramena muturreraino eramango ditu. Freddie gida baten
beharra duen pertsona da, aurrera egiteko eta eroso sentitzeko besteen aginduak
jaso behar ditu, esanak betetzen ditu. Lancasterrek, bere metodoen bitartez,
Freddieren izaera oldarkorra hutseratu nahi du, makurrarazi nahi du gero gaixoa
nahi bezala maneiatzeko. Freddie Lancasterrek domatu nahi duen “dragoia” da,
paseatzera atera nahi duen txakur babesgabea.
Freddie galduta dagoen gizona da, gerraosteko gizartearen
hondakina, laguntza espero ez duen tokia aurkituko duena, eta gainera, ezusteko laguntza
hori gustura onartuko duena; nahiz eta Lancasterren helburua guztiz ulertu ez.
Lancasterrek gizartea nolabait eraldatu nahi du, ideia
berriak inposatu nahi ditu, horregatik bere diskurtsoa perfektua izan behar du
beti, ezin ditu akatsik izan ezta zalantzak piztu. Norbaitek Lancasterren
diskurtsoa kritikatzeko ausardia nahikoa biltzen badu, Lancaster amorratuko da.
Ez ditu kritikak onartzen (Freddiek ezta ere). Freddieren eta Lancasterren
izaerak korapilatsu, konplexu eta ilunak dira, horregatik behin baino
gehiagotan talka egingo dute.
Galdera: Lancaster Dodd ‘The Cause’ mugimenduaren
ordezkari nagusiena al da, ala bere emaztearen txotxongilo bat baino ez da?
Lancasterren emaztea, Peggy Dodd (Amy Adams), bigarren
plano batean kokatzen den arren, beti senarraren eta ingurukoen mugimenduak
aztertzen dabil, kontrolatzailea da. Itxurazko inozentzia horren atzean emakume
hotz bat aurkitzen dugu, maltzurra. Senarra zein Freddie lasai manipula
ditzakeen emakumea da Peggy.
Helburu baten bila, 'The Master' pelikularen alde on eta txarrak
‘The Master’ pelikularen pertsonaiek gehiegi
eboluzionatzen ez dutela iruditu zait. Nire ustez, Freddiek “maisuari” aurre
egiten dion une bakarra, ikasitakoa praktikan jartzen duen unea, motor batean
igota Dorisen bila (maitatu duen pertsona bakarra) joatea erabakitzen duenean.
Hala ere, ihesaldi hori ez du ezertarako balio izango.
Narrazioarekin antzekoa gertatzen dela pentsatzen dut.
Hau da, pelikularen erritmoa geldoa izateaz aparte, eszena batzuk luzeegiak
iruditu zaizkit. Badirudi pertsonaiek helburu argirik ez dutela, ez dakigu
lortu nahi duten hori zer den. Zalantzak dituzte, baita ikusleak ere.
Freddierekin batera hipnotizatu gaituzte, baina aldi berean, Freddierekin
batera galdu gara. Freddieren bizitzan errealitatea eta bere desira ilunenak
nahasten hasi dira, etengabeko “amets” batean murgilduta dagoela dirudi. Begien
kliska bakoitzak bere zoramenean eragin zuzena du, adibidez, Doddek jendez
beteta dagoen egongelan abesten hasten denean, Freddiek festan dauden emakume
guztiak biluzik imajinatzen ditu.
Hala ere, narrazio konplexu honek, liluratu egin nau, eta
“hipnotismo” horren oinarrian pelikularen argazkigintza perfektua eta aktore
protagonisten lana daude. Joaquin Phoenix eta Philip Seymour Hoffmanen lanak
ikaragarriak dira. Joaquin Phoenix bereziki gustatu zait. Freddieren beldurra
eta zoramena era bikainean antzezten ditu: ahula, makurtuta, galduta, urduria,
traumatizatuta, alkoholikoa… Gauzak gaizki egiten dituenean bere burua
zigortzen duen pertsonaia. Beldurgarria. Seymour Hoffman aldiz kontrakoa da,
dena lortu nahi duen anbizio handiko pertsona, beti arrazoiaren arabera
jokatzen duena, ez da batere oldarkorra, mugimendu guztiak milimetrora neurtzen ditu.
Badira luzeegiak iruditu zaizkidan pare bat eszena,
errepikakorrak. Adibidez, hasiera aldera Lancasterrek Freddieri galdeketa bat
egiterakoan, galdera berdina behin baino gehiagotan errepikatzen dio, bizkor,
entzun nahi duen erantzuna lortu arte. Errepikapen “sistema” hori Freddie etengabe
hormatik leihora eta leihotik hormara ibiltzen dagoen eszenan ageri da berriro.
Freddie bukle batean sartu dela dirudi, eta bertatik ihes egiteko ez da gai.
Narrazioarekin pareko gauza gertatzen da, zirkulu bat jarraitzen duela dirudi,
beti puntu berberera bueltatuz, aurrera egin gabe.
Planoak oso landuta daude, forman oso ona da pelikula,
edukiarekin ez konektatzea edo identifikatzea da izan dudan arazoa. Joaquin
Phoenix eta Philip Seymour Hoffman dira Paul Thomas Andersonek proposatzen
digun korapilo emozional honen zutabeak. Errealitatea eta onirikotasunaren
artean nabigatzen duen pelikula da ‘The Master’, baina zenbaitetan noraezean
dabilena.
Soinu bandak ondo islatzen du Freddiek bizitzen duen
kaosa. Oinarrian jazz musika du eta distortsionatutako soinuekin nahasten
denean, Freddieren eta Lancasterren arteko tentsio eszenetan atmosfera bikaina
sortzen da.
Pelikula ikusi ostean dudan sentsazioa ona eta txarra da.
Ona, pelikulak ohartarazi ez ditudan detailez beteta dagoela ziur nagoelako
(bigarren ikustaldi batean seguruenik hobeto jabetuko naiz). Txarra, edukiari
dagokionez zerbaitek huts egiten duela pentsatzen dudalako. Pelikula ez zait
egunetan burutik kenduko. Ikustea merezi duen pelikula da, eta eztabaidarako
ezin hobea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario