Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
'Zero Dark Thirty' Kathryn Bigelow Oscar saridunaren azken pelikula dugu. 2008an, 'The Hurt Locker' filmagatik sei Oscar sari irabazi zituen Bigelowek. Benetako gertaeretan oinarritzen da pelikula, diotenez lehen eskuko informazioa jaso dute CIAtik. 'Zero Dark Thirty'n Osama Bin Laden harrapatzea eta hiltzea lortu zuen misioaren nondik norakoak ikusten ditugu.
CIAko agente gazte batek, Mayak, izango da misio hain garrantzitsua aurrera eramateko arduera izango duena. Pelikulan, alde batetik, CIAko kideak talde gisa lanean ikusten ditugu; eta beste aldetik, misioak Mayarengan dituen ondorioak (nire ustetan, pelikularen alde interesgarriena). Ondorengo kritikak, "spoilertxoak" ditu.
Istorioaren oinarria argia da, Mayak bizitza osoa darama Bin Ladenen ezkutaleku posibleak ikertzen eta bilatzen. Orain, aurkitu dutela dirudi eta bere helburua gauzatzeko unea heldu da. Ardurak Mayaren indarrak ahulduko dituen arren, Mayak ez ditu inoiz bere ahuleziak jendeaurrean erakutsiko. Maya emakume indartsua da eta bere eginbeharrari fidel, beraz, misioa bete arte ez du kemena galduko. Bin Ladenen heriotza jada ez da soilik AEBen desira; horren atxilotze edo hilketa desira pertsonala bihurtu da Mayarentzat, obsesiotik hurbil.
2011ko maiatzaren 1ean, Bin Laden akatu zuten misioa aurrera eraman zuen AEBetako ejertzituak. Pelikularen izenburuak 'Zero Dark Thirty'k, misioaren orduari egiten dio erreferentzia: 00:30 h. Une horretan dena ilundu zen, akats bakar baten ondorioak, neurri gabeak izan zitezkeen.
Kathryn Bigelowek zuzendutako pelikularen lehenengo zatiak AEB "ahalguztiduna" jipoitzen duela uste dut, CIAk eta Senatuak ukatzen dituen torturen existentzia erakutsiz. Hasieran CIAko kideek nola atxilotuak torturatzen dituzten ikusten dugu. Pelikulan zehar behin baino gehiagotan kolokan jartzen dituzte CIAk informazioa lortzeko erabilitako metodoak.
Proiektu honek "amerikanada" bat izateko potentziala zuen, baina zorionez 'Zero Dark Thirty'n Bigelowek ohiko eskema ez du guztiz jarraitu, pelikulan ez dago diskurtsoentzako tokirik. Planteamendua barnekoagoa da, hau da, przoesu guztia protagonistarekin batera bizitzen dugu. Maya azkeneko unean indarrak galtzearen beldur da, militar talde baten bizitzak bere eskuetan baitaude.
Mayaren pertsonaiaren garapen interesgarriaz aparte, pelikularen aspektu indartsuenetako bat forman aurkitzen dugu. Kathryn Bigelowek era bikainean zuzentzeaz gain, primeran maiatzen ditu tentsio uneak (Alexandre Desplaten soinu banda horretan laguntzen du). Pelikulak bi ordu eta erdi baino gehiagoko iraupena du; erritmo patxadatsuarekin, baina interesa mantentzea lortzen du. 'Zero Dark Thirty' pelikularen klimaxa oso ona da: isiluneak, soinuaren tratamendua, irudi filtroak, iluntasuna eta muntaketa eraginkorrak ikuslearengan ezinegona eta urduritasuna eragiten dituzte. Misioaren parte izateaz gain, mehatxatuak sentitzen gara une horretan.
'Zero Dark Thirty' thrillerrean ez dago neurriz gaineko heroismoarentzako tokirik, ezta dominik ere. Behin misioa lortuta, protagonistaren sentimendua garaipen, errealizazio edo ospakizunetik urrun dago... Mayak bere buruari "eta orain zer?" galdera egiten diola dirudi.
Amaieran, Maya bakarrik dago hegazkinean, noraezean, ez daki nora joango den orain, ez daki zer egingo duen bere bizitzarekin. Bere eginbeharra bete du, eta kito. Jessica Chastainen amaierako planoa oso ona iruditzen zait.
Ez dakit zein punturaino pelikulak maneiatzen duen informazioa egiazkoa den, baina orokorrean, 'Zero Dark Thirty' produkzio zinematografiko ona dela pentsatzen dut. Bulego eszenetan zein akzio eszenetan tentsioa mantentzen dakiena. Gainera, Jessica Chastainen lana, nabarmentzekoa da. Bigelowe elementu formal zein narratiboak ongi maneiatzen dakiela agerian utzi du thriller honetan.
Pelikulan, hoztasunerako toki gehiago dago heroikotasunarentzat baino, eta erabaki hori, gustatu egin zait. Gomendagarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario