20/1/13

'Lincoln' (2012) - Esklabutzaren deuseztatzea eta Daniel Day-Lewisen lana



 (!) Oscar sariak 2013: 12 izendapen lortu ditu ‘Lincoln’ pelikulak: Pelikula onena, Zuzendari Onena (Steven Spielberg), Gizonezko aktore onena (Daniel Day-Lewis), Gizonezko bigarren aktore onena (Tommy Lee Jones), Emakumezko bigarren aktore onena (Sally Field), Moldatutako gidoi onena, Muntaketa onena, Argazkigintza onena, Soinu banda onena (John Williams), Zuzendaritza artistiko onena, Jantzi onenak, Soinu onena.

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Gerra zibila amaitzear dago. Egoera aprobetxatuta, Konstituzioaren hamahirugarren zuzenketa proposamena gerra amaitu baino lehen onartzen saiatuko da Abraham Lincoln. Esklabutza deuseztatutako duen zuzenketak aurrera egin dezan,  lehen bai lehen onartzea funtsezkoa izango da. Gerra amaitu aurretik onartzen ez bada, hegoaldeak proposamena atzera botatzeko botere nahiko lortuko luke. Lincoln presidentea errepublikanoa da eta esklabutza deuseztatzeko proposamena onartu ahal izateko 20 ordezkari demokraten baiezko botoak lortu beharko ditu.


‘Lincoln’ ez da biopic bat. Pelikulan AEBetako historiaren une klabe bat erakusten digu Steven Spielbergek. Horretarako era klasikoan antolatzen du istorioa, artifizio gehiegi erabili gabe. Xumetasunetik narratutako istorio bat da, protagonistak helburu argi bat du eta hori lortzeko ahal duen guztia egingo du. Lincolnek badaki proposamena aurrera egiteko erabili beharko dituen baliabide edo negoziaketak zalantzagarriak direla (botoaren truke lanpostu bana eskainiko dizkie demokratei), baina bere helburua lortzeko etika alde batera uztea erabakiko du. Lincolnen ametsetan agertzen den itsasontziak norabide bat aurkitu du azkenean, argi bat bidearen amaieran. Lincolnek ezin dezake historia aldatuko duen aukera hori bertan behera utzi. Orain ala inoiz ez.


‘Lincoln’ pelikulan akzio gehiena Ordezkarien Ganberan eta bulegoetan gertatzen da. Steven Spielbergek Lincoln azkar, hurbil eta erretorikarako erraztasuna zuen gizon bat bezala aurkeztuko digu, erraz irabazten zuen ingurukoen konfiantza. Proposamenaren onarpenari begira, une kritikoenetan ere, Lincolnek lekuz kanpo daudela diruditen anekdotak kontatzenko denbora adina bazuen. Etengabe anekdotak kontatzen ditu.

Pelikulan, Steven Spielbergek Lincoln bi zentzutan goresten du: publikoan eta pribatuan. Lincolnek “sakrifizio” pertsonalak egiten ditu proposamena aurrera ateratzeko; adibidez, presidente bezala, semearen heriotzagatik sentitzen duen mina bere barnerako gorde behar du; ezin ditu ahuleziarik erakutsi. Proposamen edo zuzenketaren onarpenak kontsumitu egiten du. Esklabutza deuseztatu zuen presidentea izateaz harago, Lincoln mito bat izan zen, ikono politiko bat estatubatuarrentzat.


Pelikularen argiztapena bat dator aurreko ideiarekin, pelikulan ondorio hain garrantzitsuak ekarriko zituen proposamen bat onartzeko prozesuaren argiak eta itzalak ikusten ditugu. Itzalak bi tokitan antzeman ditzakegu, batetik etxean, emazteak semearen heriotzagatik mina ez erakustea leporatzen dio eta errudun sentiarazten du. Bestetik, Lincolnek bazekien ez zela modu etikoan jokatzen ari, eta horrek ezeroso sentiarazten du.

Argiztapenarekin jarraituz, behin baino gehiagotan pertsonaiak kontrargian ageri dira, Lincoln batez ere. Modu horretan presidentearen silueta ezaguna “mozten” du Spielbergek, eta aldi berean pertsonaiari jainkotiar kutsua gaineratzen dio.

Pelikulak bi ordu eta erdiko iraupena du, ez dakit iraupen horretako pelikuletara ohituta nagoelako izango den, baina ez nau aspertu, baina espero nuen baino gutxiago hunkitu nau. Pixka bat geldoa izan daiteke, eta eszena bat soberan dagoela uste dut, baina orokorrean gustura ikusi dut pelikula. Argiztapenak, girotzeak eta soinu bandak ondo laguntzen dituzte gertaerak. Bere klasikotasunak mesede egiten dio. 


Bada bereziki gustatu zaidan une bat, Thaddeus Stevens (Tommy Lee Jones) pertsonaiarekin erlazionatutakoa. Esklabutzaren deuseztatzearen ondoren, Stevens geldi geratzen da, eserita, hunkituta. Azkenean lortu du hainbeste urtez borrokatzen eman duen hori. Lincolnen antzera, etikotasuna alde batera utzi behar izan du Stevensek, baina une horretan, ezerk ez dio inporta. Zoriontsu da.

Politiko interesgarri baten inguruko istorioa, horren hilketaren ostean, mito bihurtutakoa. Pelikulan estatubatuarren gizartea guztiz aldatuko zuen une bat ikusten dugu. Oscar saria irabazteko aukera asko ditu pelikulak, une aproposean estreinatutakoa.

Daniel Day-Lewis ‘Lincoln’ da


Ezinezkoa da aktore honen lana gehiago mirestea. Beste aktore askok egiteko gai ez direna lortzen du Day-Lewisek: “pertsonaia” baino, pertsona ikusten dugu pantailan. Bere lanak beti liluratzen nau, beste maila batean dago. Daniel Day-Lewisen filmografian ez ditugu pelikula gehiegi topatuko, baina diotenez, bere inplikazio fisiko eta emozionala dela eta, indarrik gabe amaitzen ditu errodajeak.

Steven Spielbergek bost urte inguru eman zituen Daniel Day-Lewisen atzetik, aktoreak Lincolnen papera onartu zezan. Spielbergen irudimienean soilik Day-Lewisek bete zezakeen Lincolnen rola. Zuzendari eta aktoreak izan zuten lehenengo bileran, Spielbergek gidoiaren lehen bertsio bat erakutsi zion aktoreari, baina hori ez zitzaion gustatu eta ideia ukatu egin zuen. Bigarren bilera batean, Tony Kushnerrek idatzitako gidoia eman zion Spielbergek aktoreari, eta oraingoan, gustura oanrtu zuen erronka Day-Lewisek. Zorionez, pelikularen zutabe nagusia delako. Edozein sari merezi du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario