18/1/13

'Witness for the prosecution' (1957) - Drama judiziala bat, Billy Wilderren arabera



Komedia, zine beltza, melodrama, intriga… edo drama judiziala; bost axola zein genero jorratzen duen istorio batek zuzendari bikain baten eskuetan erortzen bada. Billy Wilderrek zuzendutako komediak mitikoak dira, baina hainbat genero landu zituen zuzendariak. Billy Wilderren pelikuletan ezer ez da dirudiena. Mozorroa edo gezurra agerikoak dira, pertsonai askok euren benetako izaerak ezkutatzen dituzte eta ‘Witness for the prosecution’ pelikula horren isla da.

Leonard Voleri (Tyrone Power) French andrea hiltzea leporatu diote. French andrea emakume aberats bat zen, eta Leonarden “laguna”. Froga guztiek French andrea Leonardek hil zuela adierazten dute, hori dela eta Leonardek Sir Wilfrid Robertsi (Charles Laughton) laguntza eskatuko dio, lanean dagoen abokatu onenari.

Wilfrid Robertsek, gaixo dagoen arren, lanean jarraitzeko indar nahiko ditu. Bihotzeko bat izan duenez, egun guztian zehar erizain bat izango du alboan. Erizainak etengabe zer egin dezakeen eta zer ez gogoraraziko dio Wilfridi. Wilfridek, noski, erizainak esandako guztiaren kontrakoa egingo du, adibidez tabakoa erretzen eta alkohola edaten jarraituko du, horiek ongi ezkutatuz. Wilfridentzat lana osasunaren gainetik dago, hori dela eta, inork ez dio maite duen hori egitea eragotziko. Wilfrid Robertsek Leonard Vole defendatuko du epailearen aurrean. Ondorengo kritikak spoilertxo batzuk ditu, badakit pelikularen amaieran adierazitako araua apurtzen dudala horrela, barkaidazue.


‘Witness for the prosecution’ pelikula Agatha Christiek idatzitako kontakizun batean oinarrituta dago, eta proiektua Marlene Dietrichen ekiteari ezker ailegatu zen Billy Wilderren eskuetara. Aktoreari pelikularen protagonista izatea eskaini ziotenean, baldintza bakarra jarri zuen: pelikula zuzendaria Billy Wilder izan behar zen. Eta hala izan zen.

Jatorrizko lana antzerkirako pentsatu zuen Agatha Christiek, izaera teatral hori pelikulan barrualdeen etengabeko erabileran eta lehen plano luzeetan islatuta ageri da. Lehen plano horietan bai testigu bai akusatuek gertaeren bertsio zein koartada desberdinak defendatuko dituzte.

'Witness for the prosecution' pelikulan Billy Wilderren estiloaren ezaugarri adierazgarrienak antzeman ditzakegu, adibidez: elkarrizketek markatutako erritmo bizia, ondo landutako gidoia, zuzendariaren presentzia ia nabaritzen ez den grabatzeko forma gardena, eta ondo eraikitako pertsonaiak, detailez betetakoak, bakarrak.

Grabatzerako orduan, Billy Wilderren ustez kameraren presentzia oharkabea izan behar zen. Zuzendariaren hitzetan, ikusleek “pertsonaiekin batera akzioaren parte direla sinetsi behar dute, logela edo kale berberean daudela”. Hori egiten dugu Wilderren pelikuletan. Kasu honetan, ikusleak abokatuarekin batera ezagutuko ditu hilketaren nondik norakoak, epaile eta lekuko izango gara aldi berean. Gainera, iruzurraren lekuko izateaz aparte, iruzur egingo digute.

Pertsonaiekin identifikatzea erraza da, ‘Witness for the prosecution’en hiru dira pertsonaien motibazio nagusiak: Christinena (akusatuaren emaztea) maitasuna; Leonardena dirua eta Wilfridena lana.

Esan bezala, Wilderren zineman ezer ez da dirudiena, ezta pelikula hau ere. Ez da ohiko drama judiziala, Billy Wilderren ikuspuntutik garatutako drama judiziala baizik. Hori dela eta, genero nahasketa batekin topo egiten dugu. ‘Witness for the prosecution’ komedia kutsua du hasieran (pelikulan zehar abokatuaren erantzun azkarretan mantentzen dena), eta amaieran intrigaz betetako drama batean bilakatzen da. Wilderrek, berriro ere, generoak nahasteko abilezia bikaina zuela erakutsi zuen.

Guztiek gezurra esaten dute


Era batean ala bestean, pertsonai guztiek gezurra esaten dute noizbait, gauza da, noiz esaten ari diren jakitea. Bai Leonardek bai Christinek, “eszenara irten” aurretik Wilfriden “monokuloaren froga” gainditzen dute. Nire ustez une hori gakoa da ikuslearentzat, horren arabera ikusleak bata edo bestearen alde egingo duelako.

Froga berbera baina emaitza desberdinak. Leonardek monokuloaren “argiaren” pean irmo mantenduko du bere errugabetasunaren defentsa, Christinek aldiz, ez du jasango eta urduri jarriko da, pertsianak itxiz. Urduritasuna dela eta, zalantzak izan ditu eta bere koartada kolokan jarri du. Hori dela eta, une horretatik aurrera Christine kokatzen dugu French andrearen hilketaren errudun posibleen zerrendaren lehengo postuan. Billy Wilderrek hasieratik engainatzen gaitu.


Galdeketa bitxi horren ostean Leonarden errugabetasuna era “erosten” dugu, bere hitzak zalantzan jarri gabe, berdin egiten du Sir Wilfridek. Ez gara ohartzen Wilfrid berak esandako zenbait esaldik izan dezaketen garrantziaz, adibidez, abokatuak Leonardi “kriminal batek dituen instintu guztiak” dituela esaten dioenean. Badira Leonard guztiz zintzoa ez dela adierazten dizkiguten zenbait indizio, adibidez, Christinen jokaera galderei erantzuterako orduan. Christinek Leonard oso maite du, eta bere erantzunetan senarrarekiko nolabaiteko menpekotasuna ageri du beti, adibidez abokatuei esaten dienean berak bere senarrak erantzungo lukeena esaten duela dio. Emakume bikaina da Christine, maitasunagatik edozer egiteko prest dagoena. Leonarden ustezko errugabetasuna frogatzeko, berak bere kabuz eraikiko du koartada perfektua.


Suposatzen da Wilfrid egoera maneiatzeko gai izan behar dela, baina amaieran bera bezeroen eta lekukoen txotxongilo bat baino ez da izango. Amaierako 15 minutuetan dena aldatzen da, dena amaitu denean, zerbaitek oraindik huts egiten duela pentsatzen du Wilfridek. Justu une horretan zalantza guztiek erantzun bat izango dute. Benetako hiltzailea nor izan den jakingo dugu, eta gainera, zein itsu geunden konturatuko gara. Amaiera bikaina, ezustean harrapatzen gaituena, agian presatsuegia, baina Wilderren zuzendaritza bikainaz “estalita”.

Witness for the prosecution drama bikaina da, aktore talde bikaina du. Charles Laughton eta Marlene Dietrichen lanak aipatzekoak dira. Horretaz gain Sir Wilfrid Roberts pertsonaia zuzendariaren filmografian aurkitutako onenetako bat da. Laburtuz, ‘Witness for the prosecution’ Wilder maisuaren lan oso ona da, behin amaiera ezagututa, bigarren ikustaldia guztiz aldatzen den horietakoa.
           

No hay comentarios:

Publicar un comentario