28/10/13

'About time' (2013)


Tim Laken bizitza bitxia


Dena asmatuta dagoen genero bat baldin badago, hori komedia erromantikoaren generoa da. Askotan istorioen amaiera aurreikus dezakegu, horregatik zerbait ezberdina eskaintzea ez da batere erraza. Zaila da betiko “mutiko batek neska bat ezagutzen du, maitemintzen dira eta betirako pozik bizi dira” premisa jarraitzen duten istorioei beste bira bat ematea. Horregatik, ‘About time’ bezalako proposamen batekin topo egitean, egin dezakegun gauza onena istorioaren xarmagatik harrapatzen uztea da, eta bai, ikusitakoarekin harritzea. Irribarre batekin atera nintzen zinema aretotik, eta zentzazio horrek ez du parekorik.

Tim Lake (Domhanall Gleeson) istorioaren protagonista eta narratzailea da. 21 urte bete dituenez, aitak (Bill Nighy) sekretu garrantzitsu bat kontatuko dio: bere familiaren gizonezko guztiek denboran bidaiatzeko gaitasuna dute. Tim sinesgaitz ageri da jasotako informazioaren aurrean, baina probatzea erabakitzen du. Jarraitu beharreko pausuak errazak dira: armairu batean sartu, eta berriro bizi nahi duen une batean pentsatu. Hori bai, mugak dituen dohaina da. Soilik iraganera bidaia dezake. 

Oroitzapenak berpizteko modu originala izateaz aparte, zoriontasuna lortzeko egin behar diren aldaketak egiteko aukera izango du Timek. Aitaren gomendioa jarraituz, Timek ez du bere dohaina aberastasun materiala lortzean erabiliko; horrek soilik arazoak sortarazten dituelako. Ideia hori alde batera utzita, Timen helburua argia izango da: bere ametsetako neska aurkitzea eta konkistatzea.


‘About time’ xarma berezia duen pelikula da. Drama apur bat duen komedia. Tim zorioneko mutila da, zorionekoen artean zorionekoena. Baliteke mutila pixka bat traketsa izatea, edota gauzak lehenengoan ez lortzea, baina berak abantailarekin jokatuko du. Maryrekin (Rachel McAdams) guztiz ilun dagoen jatetxe batean topo egingo du (“maitasuna itsua da”). Bien arteko erakarpena bat-batekoa da, eta “tonteo” hori beti egongo da pelikulan presente. Iluntasunean hasten den hori, iluntasunean amaituko da. Adiskide bat laguntzeagatik egindako bidaietako baten ondorioz Mary bere bizitzatik desagertuko da. Esan ohi den bezala, zerbait lortu nahi duen horrek, borrokatu beharko du; eta horrela egingo du pelikularen protagonistak. Tim bigarren, hirugarren, laugarren… nahibeste aukera izango ditu zuzena den hori egiteko eta Maryren arreta deitzeko. Pelikularen abestietako bat dioen bezala: “I don’t get many things right the first time. In fact, I am told that a lot”.


Zorionez, pelikula ez da ohiko komedia erromantiko bat, espero duzun baino zerbait gehiago eskaintzen duelako. ‘About time’ pelikulan maitasuna, familia, denboraren igarotzea eta zoriontasunaren topaketa bezalako gaiak topa ditzakegu. Horregatik, Timek ez du bere dohaina soilik Mary konkistatzeko erabiliko; baita inguruan dituen horiek ere laguntzeko erabiliko du. Noski, gauzak beti ongi ateratzea ezinezkoa dela onartu beharko du; baita erabaki gogorrak hartu beharko ditu noizbait. Iraganean egindako aldaketa batek etorkizunean ondorioak izan ditzake. Hori dela eta, bere “boterea” maneiatzen ikasi beharko du.

Zentsu horretan, zuzendariak aita-seme harreman polit bat erakusten digu. Harreman hori partekatutako oroitzapen batekin amaitzen da. Une aproposenean emandako erloju bat (noiz ematen dion ez dugu ikusten, baina bai Tim erlojua ipintzen). Objektu eta keinu hori denboraren igarotzearen ideiarekin lotuta dago. Iragana beti egongo da hor, baina ezin daiteke gure ibilbidearen oztopo bihurtu.



Pelikularen argazkia, aktoreen xarma eta kimika, istorio atsegina da, orokorrean. Baliteke pelikularen mezua behin baino gehiagotan entzunda izatea, baina proposamen desberdin bat dugu hau. Amélie pelikularen poster bat logelan eskegita, denboraren igarotzea errutinaren bidez erakustea (metro geltokian), Londreseko kaleetatik ‘The Apartment’ bezalako lasterketa bat ikustea; Richard Curtisen “zigilua” daraman ezkontza eszena bat… Horiek dira gustatu zaizkidan gauzetako batzuk.

Bestetik, Richard Curtisek abestiak hautatzerako orduan duen gustu ona aipatu beharra dago. Abesti nahiko ezagunak dira pelikulan ageri diren gehienak, genero eta garai guztietakoak. Abesti bakoitzak unearekin bat egiten du, letrak badirudi pertsonaientzat espreski idatzita daudela. Pertsonaiaren edota eszenaren osagarri dira, eta hala izan behar du beti.


 

Richard Curtis komedia bitalista honen gidoilari eta zuzendaria da. ‘Notting Hill’ eta ‘Four weddings and a funeral’ pelikularen gidoilaria da, eta ‘The boat that rocked’ eta ‘Love actually’ pelikulen zuzendari, besteak beste. Pelikula guztiek komunean dituzten elementuen artean: pertsonaia traketsak, ikuslearen memorian txertatuta geratzen diren eszena pare bat, soinu banda bikainak… Bere pelikulen amaiera aurreikus dezakegu? Seguruenik bai. Xarma duten komediak dira? Dudarik gabe. ‘About time’ zoriontasuna gauza txikietan dagoela defendatzen du, minutu oro aprobetxatuz. Nahiz eta denboran bidaiatzeko abilezia izan, denboraren igarotzearen aurrean ez dago zer egiterik. Gomendagarria. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario