14/10/13

'Prisoners' (2013)


Muga zeharkatu ala ez


‘Prisoners’ Denis Villeneuvek zuzendutako thriller da, nahiko ona. Pelikulak ez du promozio gehiegi eduki, urteko azken txanpa honetan “pelikula handien” estreinaldi asko egoten dira, Oscar sarietara begira noski; baina ‘Prisioners’ ez zen zerrenda horietan zegoen pelikuletako bat. Gaur arte. Pelikula gustatu zait, eta hasieratik amaierara arte harrapatu nau.

Bi senar-emazte afaltzeko bildu dira: anekdotak, musika, abestiak… Dena zoragarria dirudi, zoriontasuna nonahi. Gurasoak hizketan dauden bitartean, bikotekideen alabak galdutako txilibitu baten bila doaz. Neskek denbora gehiegi eman dute kanpoan, eta gurasoak kezkatzen hasita daude. Desagertu egin dira. Berehala alaben desagerpena salatuko dute. Loki detektibea (Jake Gyllenhaal) izango da ikerketaren arduraduna.
Pixkanaka, pelikulak dramari eskaintzen dizkion lehen minutuak intrigaz betetako thriller batean bilakatzen doaz, ikuslea guztiz harrapatuz. ‘Prisioners’ konponbide zaila duen labirinto bat aurkezten digu, non akats bakoitzak berriro ikerketaren hasiera eramaten gaituen.



Ez da karakteristika honetako pelikula bat ikusten dugun lehen aldia, horregatik, ezinbestekoa da atmosfera on bat eraikitzea erakusten diguten hori sinesgarria izateko, eta pertsonaien jarrera ongi ulertzeko. Villeneuvek atmosfera paregabea eraikitzea lortzen du: iluna, tentsioz betetakoa eta zenbait unetan beldurgarria. Loki detektibeak lortutako emaitza eza ikusita, Keller Dover (Hugh Jackman) muturreko erabaki bat hartzen du: bere kabuz ikertuko du. Ezinegona eta panikoa, froga zein ebidentzia falta, erantzunen bat aurkitzearen nahia eta beharra… Doverrek muga gurutzatuko ote du?


Aktore taldearen lana oso ona da. Hugh Jackman (drama generoan gero eta erosoago) Keller Dover da, desagertutako ume baten aita. Desesperatuta dago, ez daki zuzen ala oker jokatzen ari den. Alaba aurkitu nahi du, baita mendekatu ere. Fededun sutsua da, eta ez dago fedea galtzeko prest.

Bestetik Jake Gyllennhaal dugu pelikularen beste protagonsita, detektibearen rolean. Pertsona bitxia, iragan mingarri bat duena eta lo gutxi egiten duena (gutxienez, hala dirudi). Tatuaje ugari ditu eta zenbait “tic”. Detektibeak promesa bat egiten du: umeak aurkituko ditu, eta bilaketan indar guztia jarriko du.

Baita Paul Danoren lana gustatu zait, hitz gutxiko pertsonaia da berarena, baina bere lana begirada eta keinuetan datza. Bigarren mailako aktore bikaina dela uste dut. Aktoreez aparte, pelikularen zuzendaritza lana nahiko ona iruditu zait. Pelikularen egitura formala nahiko klasikoa da, zuzendariaren eskua ez da ia nabaritzen, horregatik dena gidoiaren menpe jartzen da. Gainera, zuzendariak thrillerraren alde egitea gustatu egin zait, drama bigarren maila batean utziz. Gidoi ia borobila du pelikulak, dena osatzen dela dirudi. Pelikularen iraupena ia bi ordu eta erdikoa da, baina ez da astuna egiten. Dena gehitzen du, ez dago ezer soberan.

Bi familia, bi ume. Bidean hartutako erabakiez baldintzatutako bi patu. Erruduna zigortzearen beharra. Pelikula ilun eta tentsio nabarmenekoa. Gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario