24/10/13

'Las brujas de Zugarramurdi' (2013)


Zoramenezko akelarrea


Apurtutako promesak, gizonekiko ezinikusia, emakumeekiko gorrotoa, lapurretak, amodio apur bat, beldurra eta zoramena.. Horiek dira Alex de la Iglesia bilbotarraren azken pelikulak eskaintzen dizkigun zenbait elementu. Zuzendariak Zugarramurdiraino eramaten gaitu, denok ezagutzen dugun inguru magiko eta ilun horretaraino. Bertan, gose diren sorgin batzuk bizi omen dira.

Josek (Hugo Silva) eta Tonyk (Mario Casas) urrea erosten den denda horietako bat lapurtzea erabakitzen dutenean hasten da. Jose bananduta dago, eta semeari ahalik eta bizitza erosoena eskaini nahi dio, baina ez du dirurik. Antzeko zerbait gertatzen zaio Tonyri. Tonyk ez du semerik baina langabezian dago, neskalagunaren itzalpean bizi da, beldur dio. Nahiko traketsak direnez, ez dute hasieran zuten plana guztiz jarraituko, hori dela eta, presaka ihes egin beharko dute. Taxi batean igota, Josek, horren semeak, Tonyk eta Badajozera joan nahi zuen ezusteko bidaiari batek Frantziarako bidea hartuko dute. Baina bidean ez dira bakarrik egongo, Joseren emazte ohia (Macarena Gómez) eta polizia segika dutelako. Iheslariak Zugarramurdiraino ailegatuko dira. Esperientzia ahaztezina biziko dute berton.


‘Las brujas de Zugarramurdi’ ipuin maltzur bat da. Pelikula entretenigarria iruditu zait, interesgarria, baina garapenean irregularra. Pelikularen lehenengo erdiak erritmoa du, pertsonaiak interesa pizten dute, Dena azkar gertatzen da, baina ikusitakoarekin ongi pasatzen dugu. Bigarren erdiak, kontran, astunagoa iruditu zait (nahiz eta zenbait une bikain eduki).


Sorginak ageri direnean, orduan hasten da benetako zoramena. Gizonak gorroto dituzten emakumeak dira, Eva “tentagarria” salbu (Carolina Bang), oraindik maitasunean sinesten duen bakarra da bera. Sorginen artean, Graxiana da aipagarriena (Carmen Maura). Sorginek, azkenik, “ama gorena” berpizteko behar duten “hautatuarekin” topo egin dutela pentsatzen dute.

Akelarre bat prestatzen hasiko dira zeremoniarekin hasteko, eta hori da nire ustez huts egiten duen atala, erritmoak behera egiten du, gag komikoak luzeegiak dira, baita borrokak ere, istorioak ez du aurrera egiten. Badira luzeegiak egin zaizkidan zenbait eszena (zenbat denbora ematen du Carmen Maura sabaitik paseatzen?). Beraz, badira ongi funtzionatzen duten uneak, eta grazia gutxi duten beste zenbait.

Mario Casasek, Hugo Silvak eta Javier Ordoñezek osatutako hirukote protagonista, konbentzitu egin nahi, nire sorpresarako. Dibertigarriak, traketsak, ikaratuak… Egiten duten lana ez dago gaizki. Kameoekin, gauza bera, konkretuki Carlos Areces eta Santiago Seguraren kasuan, “plano lapurrak’ dira. Beste muturrean, Pepón Nieto eta Secun de la Rosak osatutako bikotea dugu, hauen trama ez nau gehiegi gustatu, erraz aurreikus daiteke eta nahiko estereotipatuta dago. Gargantuaren ideia gustatu egin zait, elementu klabea istorioaren garapenari begira, ongi lotutakoa (txikitan beldur nien).

Lehenago komentatu dut, bigarren atala ahulena iruditu zait, baina atal horretan, klimaxean, bada une zirraragarri bat: Mikel Laboaren “Baga biga higa” entzuten den unea. Akelarrearen hasiera. Itzela.


Besterik gabe, ‘Las brujas de Zugarramurdi’ pelikula entretenigarria da, baina irregularra. Ongi pasatzeko, nahikoa. Une komiko onak ditu, baina baita klitxez betetako beste zenbait. Amaiera ez nau konbentzitu, sinpleegia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario