18/10/13

'Jules et Jim' (1961)


Jules, Catherine eta Jim


Nouvelle vague edo “olatu berria” Frantzian 1960tik aurrera eman zen mugimendu zinematografikoa da. Mugimendu honen partaideek zinema ulertzeko eta ikusteko proposamen berriak egin eta aldarrikatu zituzten. Zinemagile horien artean Jean Luc-Godard, François Truffaut, Eric Rohmer, Jacques Rivette edota Claude Chabrol topa ditzakegu. Euren teoriekin Frantziako zinema hankaz gora jarri zuten. Guztiek zinema ikusten ikasi zuten zinema egiten. Aurrerapen teknologikoei esker, kalera atera ziren euren pelikulak grabatzera, aurrekontu txikiko lanak ziren, zinema komertzialetik urruntzen ziren. “Egileen teoria” defendatu zuten. Zinema klasikoan askotan zuzendariaren figura bigarren maila batean geratzen zen, ekoizlearen itzalean izkutatuta. Nouvelle Vagueko zinemagileekin formari garrantzia handia ematen zioten, “zuzendariaren esku horri”, hau da, zer kontatu garrantzitsua zen, baina baita nola kontatu ere.

‘Jules et Jim’ François Truffaut zuzendutako pelikula da eta Nouvelle Vague mugimendu zinematografikoaren barruan egindako lan garrantzitsuenetako bat da. Jules (Oskar Werner) eta Jim (Henri Serre) banaezinak diren bi lagun dira. Catherine (Jeanne Moreau) ezagutzerakoan biak maiteminduko dira, bere naturaltasunaz. Maitasun hirukote bitxi bat osatuko dute.


‘Jules et Jim’ pelikularen istorioa ezohikoa da, polita, non maitasuna, adiskidetasuna eta pasioa ageri diren. Bi gizonen artean dagoen emakumea. Hori bai, orain ez dago borrokarik, Catherine hainbeste maitatzen dutenez, emakumeak hartutako edozein erabaki onartuko dute. Ez dute maitatzen duten emakumea galdu nahi, ezta amodioarengatik euren adiskidetasuna apurtu nahi. Ondorioak jasan beharko dituzte.
Catherine (Jeanne Moreau), aurrera jarraitu ahal izateko etengabe ingurukoen maitasuna sentitu behar duen emakumea da. Atentzioa deitzen du etengabe, eta Julesek pelikulan dioen bezala: erregina bat da. Bere pertsonaia interesgarria da, bere erabakiak ezin ditugulako aurreikusi. Baita emakume gorrototsua da, hau da, kolpatuta edo zaurituta sentitzen bada, kolpea bueltatuko du zalantzarik gabe, berriro zerotik hasi ahal izateko. Hori bai, berak beti gogorrago kolpatuko du.

François Truffautek pelikula zuzentzeaz aparte, off ahotsa jartzen du, ekintzak joko bat bailiran erakutsiz. Nouvelle Vague mugimenduaren baitan ‘Jules et Jim’ ez zait pelikula ausartegia iruditzen, gutxienez bere formari dagokionez. Truffautek maitasuna, laguntasuna eta desleialtasuna bezalako gaiak lantzen ditu pelikulan, era zuzen eta hurbilean. Neutral agertzen da, eta hori gustatu zait, ez du bata ala bestearen alde egiten. Truffaut sentimenduen alde apustu egiten zuen, eta hori da pelikularen elementu indartsuena. Zoriontasuna iragankorretara mugatzen bada, Catherine ahalik eta zoriontsuen izateko ahalegin guztiak egingo dituzte Julesek eta Jimek.

‘Jules et Jim’ istorio ona iruditu zait, baina zenbait uneetan geldoa iruditu zait, apur bat astuna. Pelikularen bigarren erdia hasiera baino interesgarriagoa iruditu zait. Azken atal hori hirukote protagonista espazio berdin bat okupatzen duten hori da. Bestetik, pelikularen amaierak ez nau gehiegi konbentzitu. Bat-bateko erabakia da, muturrekoa… ez dakit.

Esan bezala, ‘Jules et Jim’ maitasun eta adiskidetasun istorio ona da, non bi gizon emakume berdinaz maitemintzen diren. Pelikularen lehenengo uneetan ageri den lasterketaren irudia Nouvelle Vagueko irudi ikonikoetako bat da, eta gauza bat agerian utziko du: Catherine beti aurretik joango da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario