Maitasuna eta gorrotoaren arteko gatazka
‘The night
of the hunter’ Charles
Laughton aktoreak zuzendu zuen pelikula bakarra dugu. Pelikulak ez zuen
arrakasta handirik lortu estreinatu zutenean, hori dela eta, Charles Laughtonek
zuzendaritza zinematografikoa alde batera uztea erabaki zuen.
Ben Harperrek banku bat lapurtu du eta bi pertsona hil ditu.
10.000 dolar hartu ditu guztira. Polizia segika du, hori dela eta, urkara kondenatuko
dutela aurreikusita, semeen bila joango da. Harperrek lapurtutako dirua emango
die semeei, euren etorkizuna oparoagoa izateko. Hala ere, oparotasuna baino,
arazoak izango dituzte.
Kartzelan,
Harry Powellekin (Robert Mitchum) partekatzen
du gela. Gau batean, erdi lo zegoela, bere familiari utzitako diruaren inguruan
hitz egiten du. Powell, dirua eskuratzeko ideiaz erakarrita ezin hobeki dakien
plana antolatzen hasten da. Behin aske dagoenean, Harperren alarguna
maitemintzen saiatuko da horren ondasunekin geratzeko. Ehiza hasten da.
Maitasuna eta gorrotoa. Harry Powellek eskuetan tatuatuta daramatza bi
hitz horiek. Powellek aditzera ematen duen bezala, talka egingo duten bi
kontzeptu dira, etengabe borrokan daudenak, garaile bat suertatu arte.
Robert Mitchumek
egindako lana ikaragarria da, erlijioaren interpretazio propio bat egiten duen
predikatzailearen papera betetzen du (galdetzen diotenean, ez baitu zehazten).
Bi aurpegi dituen gizona: batetik biktimak liluratzen dituen aurpegi on eta
atsegina; bestetik, bere benetako izaeraren isla dena, bere alde ilun, kalkulatzaile,
iruzurti eta hotza. Dirua lortzeko edozer egiteko prest dagoen gizona. Ezin
maltzurrago eta gorrotagarriago den gizona.
Ehizaren ideia
hori Charles Laughtonek era bikainean erakusten du. Adibidez, behin umeek bere
aita “berriaren” intentzioaren berri dutenean, ihes egitea erabakitzen dute,
beti bere aitari egindako promesa mantenduz. Umeak
ehiztari-harrapari-predikatzailearen objektiboa dira orain: armiarma sarean
harrapatutako euliak baino ez dira (aurreko planoa erakusten duen bezala).
Ihesaldiaren eszena gustuko dut, gutxirekin asko esaten duen horietakoa, eta
pixka bat hipnotikoa dena.
Aipatzea merezi
duen beste elementuetako bat argiztapena da. ‘The night of the hunter’ pelikularen argiztapenak espresionismoa
ekartzen du gogora: itzalak, zuri eta beltzak, monokromia… Alde batetik
maitasuna eta gorrotoaren ideiak bereizten laguntzen ditu, ongia eta gaizkia,
argia eta itzala… Bestetik, Harry Powellek figura mehatxagarriagoa egiten du.
Bitxia da ‘The night of the hunter’ pelikulak
duen planteamendua, ipuin beldurgarri bat balitz bezala kontatzen digutelako.
Umeak dira pelikularen beste protagonistak, eta indar handiena erakusten dutena
une gogorrenetan. Umeek Rachel (Lillian
Gish) andrearen laguntza jasoko dute. Azken hitza emakumearena izango da. Harry Powell gorrotoa eta gaizkiaren
isla bada; Rachel ontasuna eta
maitasunaren isla izango da.
Lehenago esan
dudan bezala, ‘The Night of the Hunter’ pelikulak
ez zuen arrakasta handirik izan estreinatu zutenean, baina hori bai, gaur egun
klasiko bat bihurtu dela ezin daiteke ukatu. Zuzendaritza, argiztapena, Robert
Mitchumen lana… Ona eta gomendagarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario